Ez-lekuaren kontzeptua Marc Auge filosofoak asmatua da; espazio geografikoan identitaterik, historiarik eta gizarteloturarik gabeko lekuei egiten die erreferentzia. Adibidez, gune komertzial erraldoiak edo aireportuak ez-lekuak izan daitezke. Inorenak ez diren lekuak, alegia; ez-leku horietan ez baita partaidetza sentimendurik sortzen. Hori guztia oso baliagarria da boterearentzat, eta horregatik bultzatzen ditu gizarte kapitalistak.
Duela denboratxo bat Filmin-en Jane Jacobs aktibista estatubatuarrari buruzko dokumental bat ikusi nuen. Citizen Jane: Battle for the City (hiriaren aldeko bataila) du izena, eta hiriespazioek komunitatearentzat duten garrantzia ikusarazteko egin zuen lanaz hitz egiten du. Laburbilduz, zein garrantzitsua den hiri bat ondo antolatua izatea, ez-leku bat bihur ez dadin.
Jacobsi hiriko kaleak gustatzen zaizkio. Bere ustez, hiriko kaleak jendetsuak izan behar dira, eta inguruko etxebizitzek haiei begira egon behar dute, besteak beste, kontenplazio-guneak ere badirelako. Hala dio: "Beste gizaki batzuen kontenplazioak gizakiengan duen erakargarritasuna, bitxia badirudi ere, hirigileek eta arkitektoek ezagutzen ez duten gertaera da. Baina egia da. Bizirik dagoen kale batek erabiltzaileak eta begiraleak ditu aldi berean".
Jacobsen ustez, hiriko kaleak jendetsuak izan behar dira, eta inguruko etxebizitzek haiei begira egon behar dute, besteak beste, kontenplazio-guneak ere badirelako
Zerk ematen dio bizitza kaleari? Bere ustez, kalearen funtzionamendu ona oinezkoen artean sortzen den nolabaiteko elkartasun-sentimendu inkontzientearekin lotuta dago. "Bada sentimendu hori izendatzen duen hitz bat: konfiantza. Kalean, kontaktu ñimiño batzuen bidez ezartzen da konfiantza, eta kalea bera da kontaktu horien eszenatokia. Izan ere, batzuk eta besteak tabernan garagardo bat hartzeko gelditzen dira, janari dendariari iritzia eskatzen diote... Ekintza eta hitz horietako gehienak nabarmenki hutsalak dira, baina haien batuketa ez. Auzo-mailan, kontaktu publiko eta ustekabekoen multzoak, normalean batbatekoak, nortasun kolektiboaren sentimendua sortzen du, eta, errespetu eta konfiantza-giro hori ezartzen da".
Hori zioen Jacobsek duela urte asko. Egun, gure kaleak, hiriak, tamalez, ez-leku bihurtzen ari dira, gune komertzial handi eta triste bat, beste edozein hiritan kalea okupatzen duten frankiziek okupatua, edo, okerrago, lokal itxien zerrenda luzeak dituzten kalez beteta. Kale hilek ezagutzen genituen lekuak itsutzen dituzte, auzoak hil, eta ez-leku bihurtzen dituzte hiriak. Inork ez du hauetan bizi nahi, han bizitzeak "inongoa ez" esan nahi duelako. Ez dago ez-lekutarrik. Horregatik beragatik ez ditu inork ez-lekuak zaintzen. Eta hau da, nire ustez, egungo hainbat arazoren hazia.
Cira Crespo.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.