Iritzia

Ezustekoa

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2024ko ots. 4a, 10:00

Peñalarako urmaela. Argazkia: Wikiloc.

"Tximista hori ez zen edozein momentutan erori, testuinguru historiko jakin batean baizik"

Munduan beti gertatzen da espero gabeko zerbait. 1949a izan zen, adibidez, Peñalarako urmaelean ur-arkakusuen berri izan zuten azken aldia. Hurrengo azterketa zientifikoa egin zutenean, ez zuten ur-arkakuso gehiago aurkitu. Baten batek amuarrain inbaditzaile bat sartu zuen, eta honek urmaeleko ur-arkakusuen populazio guztia irentsi. Harrezkero ez da bizi mota ñimiño baina ezinbesteko hura berriro ikusterik izan.

Baina aparteko gertaera batek goitik behera aldatu du historia hori. Kontua da ur-arkakusuek erresistentzia-arrautzak sortzen dituztela. Arrautza hauek urmaeleko sedimentuen artean gordetzen omen dira, eklosiorako baldintza aproposak noiz iritsiko zain. Hain zuzen, 2018an, elur-jausi handi batek Peñalarako urmaela inarrosi zuen. Harrotutako sedimentu haiek berriro ere jalkitzean, ur-arkakusoen erresistentzia-arrautza batzuk berriro sedimentuaren azalean geratu ziren eta, horrela, Peñalarako urmaeletik desagertutako espezie hori berpiztu egin da.

Baldintzak ematen badira, ezusteko batek dena azkartzen du, eta aukera-leiho hori ondo aprobetxatzen duen jendea agertzen da

Beste adibide bat. 1977an New Yorken Itzaladi Handia izan zen. Uztailaren 13an, 08:37etan lehertutako tximista bat izan zen erantzulea. Tximista hori ez zen edozein momentutan erori, testuinguru historiko jakin batean baizik. Izan ere, sasoi hartan New Yorkeko gizartea krisi handi batean murgilduta zegoen, eta Bronxeko auzotarrak pobrezia larrian bizi ziren. Auzoan, pobreziak ekarri ohi duen itxaropen faltari aurre egiten saiatu ziren. Ikusi zuten egonezinarekin loturiko bortizkeriak biltzen duen indarra sorkuntza grina bihur zitekeela eta, hala, musika berria hasi ziren sortzen… baina, asmoa eta ideiak eta talentua soberan izan arren, bronxtarrek ez zuten aurreragoa joateko baliabide materialik aski.

Tximistak jo zuen arte. 1977ko itzalaldiak egun oso bat iraun zuen. Hiriko iluntasunean, Bronxeko gazteak musika dendetara sartu ziren, eta musika berria sortzeko behar zituzten ekipoak hartu zituzten. Gertaera hori izan zen hip-hop musika izango zenaren lehen eguna. Horrelaxe aldatu zuten XX. mendeko musikaren historia Bronxeko biztanleek.

Hala gertatu ohi dira iraultzak. Baldintzak ematen badira, ezusteko batek dena azkartzen du, eta aukera-leiho hori ondo aprobetxatzen duen jendea agertzen da. Ezin jakin zein sedimentupetan dauden erresistentzia-arrautzak, ez zein auzotako etxetan ari diren ideia berriak ernamuintzen; baina hurrengo elur-jausia edo hurrengo tximista eroriko den egunerako hobe dugu prest egon, baldin eta dantzarako tresna guztiak hartuko baditugu.

Cira Crespo.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago