Bernardo Atxagak behin esan zuen etxe hitza zaila zela gaztelaniara itzultzen. Berak casa entzuterakoan etxe baten fatxada ikusten zuen, eta etxe hitzarekin, aldiz, barrutik ikusten omen zen etxe hura.
Gipuzkoako herri txiki batean etxe zahar bat dago. Hiru pisuko baserri bat da. Erortzear zegoen. Orain erreforma sakon bat egiteko, barrutik hustu dute, eta, sartzen zarenean, ez dago solairurik, ez eskailerarik, ez altzaririk, ezta telebista edo telefonorik ere, horma nagusiak bakarrik eta, jakina, historiaren zantzuak. Paretak izandako behialako lehen margoetan abartxo iduri zantzuak; hormako paper urratuak, arrosak, urdinak eta loredunak. Iraganeko hezetasunaren markak ere ikusten dira. Antza denez, berogailua jarri zen arte, ez ziren horma haiek lehortu.
Greko klasikoz oikos etxe eta familia esateko erabiltzen da; hau da, familia eta etxea sinonimoak dira. Euskal Herrian ere, sendiak eta etxeak lotura sakona izan dute. Aita baten etxe bati buruzko eleberri arrakastatsua idatzi zuen Karmele Jaiok. Tene Mujikak ere aitaren etxeari poema bat idatzi zion. Etxe haiekin izandako elkarrizketa bat da. "Hemen naiz, haien alaba", duintasunez, bere burua aurkeztu zion. Hala ere, Gabriel Arestirena da aitaren etxeaz egin duten olerki ezagunena. Aitaren etxea defendatzeko premia ikusi zuen. Luzia Neto poeta portugesak ere zera zioen:
"Etxe bat baino ez dut nahi
bakardade ireki bat
ez beste lau hormatako infinitu bat"
Manel taldearen 'Gau hotza da apirila izateko' kantuan ere desio katalan arrunt bat irudikatzen dute:
"Alde egingo genuke biok batera
hiri arraro honetatik,
seme-alaba indartsuak izango genituzke
eta balkoidun etxe bat"
Gipuzkoako herri txiki bateko etxe zahar eta hustu hartan, txoko batean, harkaitz basati handi bat dago eta pikarekin egindako markak ikusten zaizkio oraindik. Hango jabeek, emazte eta senar, hamaika seme-alaba izan zituzten haiek, harri hartatik bide bat ireki omen zuten, kanpora ateratzeko bide berri bat, eta oraindik aztarnak daude. Izerdiaren usaina suma daiteke ia.
Cira Crespo.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.