Basamortua

Erabiltzailearen aurpegia Cira Crespo 2023ko ots. 11a, 10:00

'El abrazo de la serpiente'.

"Tazitok iradoki bezala, kolonialismoak sortu zuen basamortua, hondamena, nahiz eta batzuetan bakea izena eman, hilkorra da"

Historia garaikidea hilotz mendi baten gainean eraikita dago. Mundu modernoaren eraikuntza prozesuan Europako herrialdeek indarkeria erabili zuten, aurretik bizi asko eraman zituzten, eta injustiziaz lortutako ondasunekin eraiki zuten etorkizuna. Kolonialismo hitza ere erabil dezakegu hau definitzeko. Min handi hura ez da debalde gure gainetik pasa, ez da erraza digeritzeko. Horregatik, ulertu ahal izateko hamaika orri idatzi ditugu.

Joseph Conraden Heart of darkness (Ilunpeen bihotzean) 1901eko eleberria adibide ona da estatu kolonialek sortu zuten laztura ikusteko. Estatubatuarrek ere testigantza oso ondo hartu zuten. Ez da kasualitatea Apocalypse now filmak justu eleberri hori oinarri izatea. Vietnam, hain zuzen, sorkuntzarako haztegi paregabea izan zen, eta honi esker jakin dugu soldaduentzat zeinen handia izan zen mina, ñabardura guztiekin; egia esan, estatubatuarrek edozein gerratan bere burua aztertzeko irakurketa sakon bat egiteko aukera ikusten dute. Are, maisulanak sortzen dituzte. Lazturak laztura, lan hauek guztiak garaileek zauriak elkarri miazkatzea baino ez dira. Guztiok dakizkigu benetako zauriak beste leku batzuetan daudela; suntsitu dituzten pertsonetan.

Hala ere, batzuetan, irabazleen artean, buruargi batzuk benetako samina non dagoen konturatzen dira eta zintzotasunez azaltzen dute. Adibidez, Tazito idazle erromatarrak Kalgako kaledoniar buruzagiari ahotsa eskani zion eta bere lumatik atera zen Erromaren aurkako diskurtso harrigarri bat. Zer den imperialismoa oso ondo definitzen du: "Lapurtzeari, suntsitzeari eta erailtzeari inperio hitza ematen diozue, eta sortu duzuen basamortuari, berriz, bakea".

AEBetan ere badauzkagu hauetako adibide batzuk; 1960an argitaratu zen Ishi liburua, adibidez. Indioen genozidioan kokatzen den istorioa da, Yahi Ipar Amerikako herri txiki baten sarraskia, XIX. mendean. Theodora Kroeberak talde honen azken egunak fikzionatzen ditu; Ishi liburuaren protagonista eta bere hurbilekoen lubakietako bizitza gerra posible batean (eta hala izan zen) kokatzen du. Esan ohi denez, "gertaera errealetan oinarrituta dago". Nolakoa da betiko ihesaldi batean bizitzea? Zer da jakitea ingurukoen arteko azkena izango zarela? Ishi bakarrik geratzen da, bakardadean. Irakurleontzat hain distanzia laburrean gertaera hain latza ikustea eramangaitza da.

El abrazo de la serpiente ere ikusi dut, Kolonbiako oihanean kokatutako pelikula. Ilunpeen bihotzean eleberrian bezala, ibilbide ilun baten bidez egileak kolonizazioaren laztura noraino ailegatu zen azaldu nahi du. Conraden liburuan gertatzen ez den bezala, bertakoek, ilunpean bizi direnek, ahotsa daukate. Horregatik, filmaren protagonistak Karamakate du izena. Urte asko daramatza bakarrik, bakardade suntsitzaile batean. Isolamendu honek bere arima jan du. Karamakatek bere egoerari hitz bat jarri dio: chullachaqui. Hau da, giza-oskol huts bat bihurtu da, emozio eta oroitzapenik gabekoa. Oihanean barrena, bere burua aztertzen saiatzen da.

Tazitok iradoki bezala, kolonialismoak sortu zuen basamortua, hondamena, nahiz eta batzuetan bakea izena eman, hilkorra da; batzuetan hiltzaile bat bezalakoa da, bat batekoa, beste batzuetan iraunpen luzeko gaixotasun baten antzekoa, gure barrukoa janez pixkana hilko gaituena.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago