Analisia

Irulegiko Eskuko testuaz (II): aurkikuntzak eta posibilitateak

Irulegiko Eskuaren interpretazioa. / Irudiak: Bizkaiko Euskal Filologo Taldea

"Uste dugu euskal komunitateak premia eta eskubidea duela: batetik, jakiteko Irulegiko Eskuan agertu den testua euskaraz dagoela zalantzarik gabe; eta, bestetik, ahal den neurrian, jakiteko zer dioen".

Gure ikerketaren lehen partean Eskuko testuaren sarrerari eta amaierari interpretazio bat eman diegu, 1. eta 4. lerroetakoa, koherentea eta dokumentatua. Geratzen zaizkigu tarteko mezuak, muina, lehenago esan dugunez. Aurrerapen gisa, iragarriko dugu bi lerro horietan adierazten dena harrigarria dela, eta hunkigarria, aldi berean. Irulegiko Esku hau altxor handi bat da, ez hizkuntzaren ikuspegitik soilik, ezpada alderdi humanistikotik ere.

"Bi lerro horietan adierazten dena harrigarria da, eta hunkigarria, aldi berean"

Haria berriz hartuz, zer espero dezakegu? Zer ote dago idatzita? Sarrera eta amaiera hain dotore horien barnean zer-nolako mezuarekin egin dezakegu topo? Gure irudimena lanean jarri eta senak, adimenak, jakituriak... horiek guztiek askotariko interpretazioetara eraman gaitzakete, hitzak sortzeko jolas batean bageunde bezala —jada ikusita dugu—. Leku-izenak agertuko ote dira? Norbaiten aipamena? Gatazkaren bat kontatuko ote du? Gertaeraren baten erreferentzia? Sinesmenak edo mitologia kontuak? Hitz solteak dira? Aditzik badago? Esaldiren bat? Eta abar. Ekin diezaiogun, ba, misterioa argitzeari.

Mezuak esan dugu, baitirudi ezen marka batek bi zati (gutxienez) bereizten dituela. Goitik beherako marka bat da inskripzioan (/), lehenengo marraztua eta, ondoren, sei puntutxoz grabatua, tatuaje baten antzera, testu guztia dagoen bezala. Bide batez esanda, artelan bat da, zail-zaila baita tamaina horretako azalera batean hainbeste puntutxo grabatzea.

Ordea, hasieran berean istripu birekin egin dugu topo. Irregulartasun edo anomalia ere deitu diezaiekegu. Baina horiek geroago argituko ditugu.

Hasteko, gure prozedura erakutsiko dugu. Horretarako, adibide gisa, ekar dezagun berriz Botorritako lehen brontzea, 1992an aurkitutakoa. Adituen arabera, alfabeto iberikoan idatzita dago, baina hizkuntza ezezagunekoa da, generikoki zeltibero izendatua.

Botorritako (Zaragoza) lehen brontzea. / Iturria: EUSKO IKASKUNTZA

Transliterazioa, 1. lerroa: Tikeiga(n)kum barkunekeguem tikeitiskue sarnikekue sua kumbales nelitim

Itzulpena-edo: Hemos pactado con los de las alturas (los del norte, Vascos) y entregado a los guerreros de su pueblo, ni guerra

Transliterazioan sartu gabe, edo hitz-elementuen zatiketan, nabarmena da interpretazioa edo itzulpena oso ausarta dela. Testuan barkune elementua ezaguna egiten zaigu: 'baskune', hots, baskoiak. Baina, guk ez dugu ausardia horrekin jokatuko. Ahal den argien justifikatzen saiatuko gara, linguistikaren ikuspegitik, dokumentazioan oinarrituta; baina xehetasun teknikoetan nahaspilatu gabe, txosten honen helburua dibulgatiboa baita.

"Duela bi mila urteko hizkuntza bat aztertzean, dena xehe-xehe ezin baita frogatu"

Noski, puntu batzuetan posibilitateak eman beharko ditugu, duela bi mila urteko hizkuntza bat aztertzean, dena xehe-xehe ezin baita frogatu. Teorizazio bat egin dugu. Kasurako, latinezko testuak edukiko ez bagenitu, zail-zaila izango litzateke gaurko erromantzeetatik (gaztelera, frantsesa...), hots, latinaren eboluzioa diren hizkuntzetatik, latinaren berreraikuntza egitea, nolakoa zen zehatz jakitea. Ataka horretan gaude: gaurko talaiatik eraikitzen ari gara antzinateko euskara, haren sekretuak azaleratu nahian. Aitzin-euskara (protoeuskara), euskara arkaikoa... izendatu dezakeguna, horra gure zelakantoa.

Beraz, Irulegiko Eskuan horrela emanda daude muineko osagaiak:

  • Bigarren lerroan: te n e ke be e ki r’ a te r’ e[n]
  • Hirugarren lerroan: o T i r’ ta n  ·  e s e a ka r’ i

Hor, ikus daitekeenez, zeinu bat dago, kako artean, zerbait adierazteko. Eta horrez gain, gure iritzian, beste gorabehera bat ere badago, garrantzi handikoa. Istripu deituko diegula esan dugu.

  • Lehenengo istripua: {n} edo [n] galdua

Idazkunaren transliterazioan bi n jarri dira zeinu artean: bata, lehenengo lerroan, sorioneku-ren ondoan {}; bestea, bigarren lerroan, e-ren ondoan [ ]. Izatez n bakarra da, eskuan grabatuta ageri dena, baina begiratu batean ezin da ziur jakin ala lehenengo lerroari dagokion –guk horrela hartu dugu: ekun–, ala bigarren lerroaren amaieran kokatu behar den; alegia, leku faltagatik gainean, gorago, txertatu ote zuten: e[n]. Edo agian bi lerroen amaieretan baliatu daiteke, bietan.

Iturria: ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

 

  • Bigarren istripua: hirugarren lerroko ⎪ zeinua

Antzinateko inskripzio batzuetan, noizbehinka, zatiak-edo bereizteko marka moduko batzuk ageri dira. Gure eskuan ere badaudela interpretatu da: lehenengo lerroan (hiru puntu) eta amaieran (bi puntu).

Baina hirugarren bat ere ikusi da: t a n eta e s e a tartean. Eta ondorioztatzen da bi zati daudela, bereizita. Beste teoria batzuk ere eman dira horretaz.

Baina ekar dezagun Andeloseko (Lizarra ingurua) mosaikoko idazkuna, adibide moduan:

Andeloseko mosaikoa. / Irudia: BIZKAIKO EUSKAL FILOLOGO TALDEA

 

Horretan, argiago nabari da banaketa markak zeinuak baino puntu gutxiagokoak direla; ez daude hain trinkotuta eta, ondorioz, tartea adierazteko markatzat jotzea onargarria da. Botorritakoan ere nabari dira. Gure Eskuan, ordea, sei puntuk osatzen duten marka uste dugu ez dela bereizketa adierazteko. Batetik, beste biak baino indartsuagoa da (sei puntu, esan bezala), eta azpian marra bat dagoela somatzen da, gainerako zeinuetan gertatzen den bezala. Bai, marratxo bat nabari da, baita, amaierako markan ere (bi puntukoa, hirukoa?).

Baina, gure ikerketarako istripu hori, t a n eta e s e-ren arteko marka, garrantzi handikoa da. Zeren eta barra (ez guztiz) bertikal hori zeinu batena izan baitaiteke: ⎪/ba/ fonema, edo silaba (ikus zeinutegia). Eta horrek asko aldatzen du testua.

Signario iberiarra. / Iturria: PINTEREST

 

Bada, gure iritzian, ez dago banaketa markarik, eta hirugarren lerroa honela da: o T i r’ ta n ba e s e a ka r’ i

Irulegiko Eskuaren testuko hirugarren lerroa.
Iturria: ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Moldaketa: BIZKAIKO EUSKAL FILOLOGO TALDEA

 

Orain aurrera baino lehen, gogoratu ditzagun lehenago aipatutako faktoreak, testuaren ulermenean eta interpretazioan kontuan izan behar ditugunak:

  • 1F Alfabeto mugatua. Ez daude letra guztiak, fonemak edo soinuak idazteko.
  • 2F Silaba konplexuak (dra, tzu…), bi kontsonantedun fonemak, ezin idatzi. Beraz, antzekotasun fonetikoan oinarritutako idazkera. Ikusi dugunez, kasurako, r’ ez da beti /rr/.
  • 3F Praktika ez oso handia idatzizko hizkuntzarekin, silabak eta hitzak zatikatzeko.

"Ez dugu espero sistema sofistikatu bat; komunikazio sistema basiko bat espero dugu"

Eta murgilduko garen testua konplexua denez, elementu edo osagai askokoa, gehitu dezagun beste faktore bat (4F): aitzin-euskara dela. Euskara arkaikoa. Baina ez denbora zentzuan bakarrik ulertuta, baizik eta hizkuntzaren garapen fase goiztiarra dela. Hizkuntzak, dakigunez, komunikazio sistema aldakorrak dira, eboluzio etengabean daudenak, faktore askok eraginda. Adibidez, gure gaurko euskara eta duela laurehun urtekoa badakigu desberdinak direla. Hizkuntza guztietan gertatzen den fenomenoa da. Bada, jar dezagun burua duela bi mila urte baino gehiagoko hizkuntz sisteman. Nolakoa izango zen? Ezinezkoa da froga askorekin erantzutea, baina aurrean dugun testuak arrasto batzuk utziko dizkigu. Horregatik, ez dugu espero sistema sofistikatu bat:

  • Ez komunztadurarik (mugagabeak, ergatiboa...).
  • Ez deklinabide atzizki konplexurik (mgg...); sinpleak, gehienez ere.
  • Ez mugatzailerik (sinpleak, edo plural hurbila…).
  • Ez lexiko konplexurik (hitz eratorriak ...garri (?), eta elkarturik ez).

Beraz, komunikazio sistema basiko bat espero dugu: izenak - izenondoak - aditzak - adizki sinpleak (errazak) - aditzondoak - oinarrizko juntagailuren bat - lexikoan hitz sinpleak, gehienbat.

Eta azken faktorea (5F), aurreko 3Frekin lotua: hitz baten amaiera eta hurrengoaren hasiera berdinak-edo badira (adibidez: bokal berbera), zeinu bakarrean biltzen direla idaztean, fusionatuta.

Goazen, ba, zatiketarekin, eta elementuen azalpena eta interpretazioarekin.

Bigarren lerroa: te n e / ke be / e ki / r’ a / te r’ e[n]

  • te n e    Zeinuaren irudiari begiratuz gero, ikus dezakegu /te/ fonema izan arren, barneko marratxo diagonala ez dela hurrengo /te/ bezalakoxea. Alfabetoan badakigu ez dagoela /de/ zeinurik (1F faktorea: antzekotasun fonetikoaren baliabidea). Hortaz, /tene/ edo /dene/ izan daiteke. Teoria batzuen arabera, lehenengoa /te/ gogorra izango litzateke, eta biguna bigarrena: /de/ posiblea. Ordea, guk bigarrenean ate osagaia interpretatzen dugu, eta badakigu testu zaharretan (athe) edo toponimoetan beti izan dela /te/. Alegia, toponimo asko dago –ate osagaiarekin, eta bat ere ez da aldatu –ade izatera. Hortaz, lehenengoari /de/ izaera emango diogu, /te/ biguna: /dene/.

    Gaurko: 'DENAK / denek / denok'

    Ez du mugatzailerik, ez komunztadurarik; duela bi mila urteko sisteman murgildu gara.
  • ke be    Erronkariera hurbilenean /kében/ ugari topa ditzakegu, ikusten denez deklinabide marka gehituta (-n, forma berriagoa); baina baita beste euskalki batzuetan ere, edota dokumentu zaharretan, forma desberdinetan:
    • Aquí hace falta lluvia con mucha frecuencia. Kében bar diézu éuri ékun egunoro.
    • Gitxika-gitxika Maria Ruizen axoar hori beteko dogu hebeko (ebeco) gauzakaz (Durango, 1537)
    • OHE. heben (BN, S; Lcc, VocS, Gèze, Dv, H), amen (V, G-azp), $keben (R), $kemen (Sal, R), $gen (Ae), hebe. Hebe se documenta en unos pocos textos suletinos (Tt Arima XI, Etch 524, Xarlem 781).

          Gaurko: 'HEMEN'

  • e ki r’a    Bi osagai daude hor. Erronkariera modernoan /ek/ erakuslea (haiek) + norekin marka. Alegia: ek dra 'haiek dira' eta eki dra 'haiekin dira'. Horra hor lehenengo erakuslea (norekin, haiekin, -n marka falta duelarik), eta lehenengo adizki jokatu sinplea, dira.

    Gaurko: 'HAIEKIN DIRA'

  • te r’e[n]     Batetik, interpretatzen dugu osagai honen hasiera fusionatuta dagoela aurreko hitzaren amaierarekin (–a a–). Gorago aipatu dugun 5F faktorea. Hortaz, /a/ gehitu eta a t e izango genuke. Bestetik, /r’/ dugu. Gogorra /rr/ dela kontsideratzen badugu *aterre forma izango genuke. Baina jada ikusita dugunez (edrauk on), sekuentzia fonetiko trabatu bat ere izan daiteke, /rp/edo /rb/: aterpe edo aterbe. Azkenik, kako artean txertatutako /n/ dugu, benetan horkoa ote den ez dakiguna. Horrek deklinabide atzizki bat dagoela onartzea dakar, Non kasuan, eta esan dugunez, hizkuntzaren fase goiztiar hartan ez dugu espero deklinabide marka askorik. Horregatik /n/ zeinua Zorion ekun-i esleitu diogu. Baina, baliteke –n atzizkia izatea, ez dugu baztertzen. Nolanahi ere den, ez da erabakiorra elementua eta esaldiaren zentzua interpretatzeko, a t e r p e soila ere nahiko da.

    Gaurko: 'ATERPE(n)' edo 'ATERBE(n)'

Egin dezagun lerroaren konpendio bat:

  • te n e / ke be / e ki / r’ a / te r’ e[n]
  • denak hemen haiekin dira aterpe(n)

Gure iritzian denak + haiekin elementuen zentzua zera da: 'elkarrekin'. Garai edo fase hartan ezin dugu espero elkarrekin elementua topatzea. Hori oso sofistikatua da. Ikustea besterik ez dago horren osaketari buruz dauden azalpen linguistikoak. Forma oso garatua da, konplexua. Modernoa.

Bestetik, dira adizkia 'daude' zentzuan ulertzeko ez dugu arazorik, gaur egun ere horrela baita. Eta, azkenik, aterpe. Ikus ditzagun adierak, Euskaltzaindiaren Hiztegian, edo OEHn.

  • aterpe 1 iz. Euritik begiratzeko babeslekua. Aterpe bila. Aterperantz joan zen. 2 iz. Babesa. Bideko etxe batean eskatu zuten gau hartako aterpea. Hirian gelditu behar izan dut, ahaide baten ostatuan aterpe harturik. Ogia bezain beharrezkoa da aterpea.
  • v. estalpe. Tr. Aterbe es empleado por los autores septentrionales y navarros. 1. Lugar cubierto, sotechado, cobertizo, soportal; albergue, casa, alojamiento, cobijo, refugio.

Horrenbestez, esaldiaren bertsio modernoagoa, gugandik hurbilagokoa, emateko moduan gara:

  • denak hemen elkarrekin daude babesean

Ez dakigu etxeari egiten dion erreferentzia (atariko hornigarria), ala herrixka-guneari. Berdin dio, zentzuak bietarako balio baitu.

Iturria: Irulegiko Eskuaren lamina (BERRIA)

 

Bada, agurraren ondoko lehenengo mezu hori harrigarria bada, zelan kalifikatu hurrengoa! Hasieran iragarri dugu Esku hau altxor handi bat dela, baita ikuspuntu humanistiko batetik begiratuta ere. Jarrai dezagun gure ikerketa eta interpretazioarekin.

Hirugarren lerroko harribitxia

Hirugarren lerrokoa izan da gure buruhausterik handiena. Hainbat bidetatik saiatu gara heltzen; ikerkuntza, teoria eta dokumentu asko arakatu ditugu. Laborategietan bezala, "saiatu-erratu" jardueran aritu gara. Izan ere, ez genion zentzurik antzematen lerroko mezuari, osotasunean. Zatiren bat edo beste ulergarri eta posible egiten zitzaigun, eta, noski, dena "argudiatu" daiteke. Baina lerroak jarraitzen zuen iluna izaten, inkoherentea.

Bilaketa etengabe horretan iritsi ginen /ba/ elementua deskubritzera ere, zerbait falta ote zen zalantza baikenuen. Horregatik, gure iritziz, sekuentzia ez da [ o T i r’ ta n · ] (testu bat + banaketa adierazteko zeinu bat), baizik eta [ o T i r’ ta n ba ]. Hala ere, hori ez zen erremedioa izan, hasiera batean jarraitzen baikenuen argia ikusi gabe; ez zigun laguntzen. Gaizki enfokatzen ari ginen.

Irulegiko Eskuaren testuko hirugarren lerroa.
Iturria: ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Moldaketa: BIZKAIKO EUSKAL FILOLOGO TALDEA

 

Hirugarren lerroa: o T / i r’ / ta / n ba / e s e / a ka r’ i

Goazen, ba, gure azalpenekin eta interpretazioarekin. Oraingoan ez gara ordenean joango, didaktikoagoa egitearren.

  • e s e    Lehen begiratuan, elementurik argiena: etxe. Baina ez, ez da etxe. Gure atsotitz zaharretara jo (bizkaierazkoak) eta horra, adibide pare bat (RS):
    • Idi zarrari, ze egiok alaunerik sorotsi · (A buey viejo no le cates majada)
    • Iraunik ze emak inori · (No des baldón a nayde)

Horregatik, 'ez' modernoa eta 'ze' forma zahar horiek azaltzeko, Mitxelenak *eze formulatu zuen: hortik bai ze zaharra eta gure ez sortuko ziren. Bada, gure iritzian, eze horri izartxoa (teorikoa) kentzeko moduan gara, Eskuari esker. Jada ez da hipotesi bat, dokumentatuta dago.

  • a ka r’ i    Berriz ere, itxura batean, aditza izan liteke: ez + aditza. Agian, *akarri aditz zaharren bat? Ekarri? Ala izan ote liteke gure ahakar ('liskar'). Lerroko gainerako testuak lagunduko digu.

Goazen, ba, aurreko zatira, enigmatikoena. Hor dagoen ta n sekuentziak deklinabide atzizki bat dakarkigu burura, baina, esan dugunez, garai hartako hizkuntza sisteman ez dugu espero horrelakorik. Gainera, gure iritzian, hau da sekuentzia osoa: o T i r’ ta n ba.

  • ta    Juntagailua dela interpretatzen dugu, gure 'eta / ta'. Horrela balitz, juntagailu baten lehenengo dokumentazioa izango litzateke.
  • n ba    Fonetikan nb /m/ soinu gisa hartzen da. Kasurako, asko ikertu den uTanbaate idazkuna (baskoien txanpon batekoa, E. Orduña): *Utzama Ate.

Beraz, 'eta ama' interpretatzen genuen –ama hitzaren lehen aipamen historikoa!–. Baina, gaizki, –a + a– sekuentzia osatzen baikenuen. Eta lerroko mezuak segitzen zuen zentzurik izan gabe. Etsi gabe, beste aukera baten bidetik jo genuen: ma hitza.

Lehenengo txostenean jarritako adibide bat, erronkarierazkoa, eta Hiztegiko azalpena:

  • Xoan fite neskatoa matto bero matto andi uskarari emoitra ('musutxo')
  • ma iz. Haur. Musua, maitasuna erakusteko norbait edo zerbait ezpainez ukitzea. Ik. pa; pot. Maitetxo, pa niri eta ma horri.

Ederregia, ezta, erreala izateko! Baina, eta aurretik dagoen mezuak argia ematen badigu?

  • o T    Fonetikako espezialistek T hori zein soinuri ote dagokion saio asko eginak dituzte. Txanpoi baskoietan agertzen da, ez iberierazko alfabetoan. Baina ez da jakin ziur soinua. Teorien artean, bada bat proposatzen duena soinu afrikari bat, ikusi dugun adibidean (uTanbaate), esaterako: /tz/ (*Utzama; berriagoa Ultzama izango litzateke). Beraz, afrikaria izanik, gure interpretazioan /ts/ edo /tx/ ere izan daiteke. Hortaz: /otz - ots - otx/, horietarik bat.

Hots dela ulertzen dugu. Forma ugari ditu: izen egituran ('zarata, soinu...'), hitz elkarketan (ahots, oinots, harrabots...), bai lokailu moduan (hots, 'alegia') eta bai aditz gisa ere: hots egin, hots eman. Aldaera asko ditu, eta esanahaia ere apur bat anitza. OEHn adibide multzo luzea dago, baina errepara diezaiogun aukera honi, Euskaltzaindiaren Hiztegitik:

  • hots egin 3 Oihu egin; esan.

Horrela, interpretatzen dugu hots horren zentzua '(gauzen) zarata' baino gehiago pertsonen hotsak, oihuak, esanak… izan daitekeela. Silaba bakarreko hitza da, ziurrenik oso zaharra; eta hitz askoren osagaia, esan dugunez. Ahots hitza ere hortik dator.

Eta zer geratzen zaigu? i r’

  • i r’    Zeinu hori, printzipioz /rr/ da. Ez beti, interpretatu dugunez. Baina oraingoan bai, /rr/ gogortzat hartuko dugu. Itxuraz ez da ezer, zerbait falta zaiola ematen du. Bokal bat amaieran?: irri. Hurrengo hitzarekin ahoskatzean, desagertu egin daitekeena: irr(i) ta ma. Hitz eratorrietan edo elkarketan bezala, adibidez: ekarri > ekarpen, iturri > iturburu. Edo itzarri / itzartu bikotean bezala: itzar(ri)tu, aldaketa fonetikoa.
  • a ka r’ i    Bukatzeko, eta gorago akarri-ren azalpena osatzearren aukera hauek ditugu:

    1) *ahakarri aditz zaharren baten hipotesia, ahakartu-ren baliokidea. Aditzetan badakigu –i amaieradunak zaharragoak direla –tu amaieradunak baino: estali / estaldu, sinetsi / sinestu, atzarri / atzartu... Baina ez da dokumentatzen *a(ha)karri erako aditzik. Aditz eran soilik dugu ahakartu; adibidez: Batak [erraiten du] liskartzea, bertzeak ahakartzea. Ax 17; A puñetazos. Bi adixkidiak ahakartu, eta hasi zituzun muxikunka H.

    2) Beste aukera bat da, hipotesi moduan, planteatzea ahakarri zaharra aditz bihurtzean (ahakartu), prozesu horretan –i galtzea: a(ha)karri > *a(ha)karritu > a(ha)kartu. Eta aditz gisa erabiltzearen poderioz, > a(ha)kar formara aldatzea; forma modernoagoa. Nolabait bihurri hitzean gertatu dena: bihurri / bihur, biak ditugu, zentzuz ere desberdinduak. OEHn, Bihur: Aize-biorra (Vger- m), 'viento arremolinado'; Aize-biur (V-gip-ple), 'remolino, ciclón, torbellino de viento', Haize bihurren artean. AB AmaE 468. Aditz bikotea ere badugu, esanahiz bereiziak: bihurritu / bihurtu. Eta jakingarri gisa, hona eskualdean jasotako igarkizun bat: Bi ahizpa beti 'akarrian' (ahakarrean) eta sekula ez odolik egiten. Zer da? --Gardara. Garral EEs 1915, 92 y 111.

    3) Hitz horretan deklinabide marka bat falta izatea, a(ha)karrik, zegaiti, etxeti... formetan bezala. Ederki letorkiguke; gainera, ezeztapen baten ondoren dator; baina ez dugu onesten aukera hori.

Gure hipotesian izena da, a(ha)karri, ez aditza. Mezuaren zentzuak ere horren alde egiten du.

  • ahakar (AN, L, Sal, R /a)kar/; SP, Aq 733). Ref.: Bon-Ond 158; A (ahakar, akar). Riña, disputa, reprensión.

Hori horrela balitz, hau da sekuentzia:

  • hots irri eta ma ez ahakarri
  • hots irri eta musu ez liskar

Eta, azkenik, bertsio irekiagoa:

  • ahots, irri eta musu, liskarrik gabe

"Testu oso koherente bat azaleratu dugu, eta mezua lar da ederra, poetikoa izateraino"

Bi lerroetako testuaren interpretazioa garatuta, egin diezaiogun mezuari azterketa labur bat. Sintesi bikaina egin zuten bi lerrotan. Lehenengoan, kontatzen dute beraiek nola bizi diren: elkarrekin eta babestuta; hurrengoan, nolakoa den beraien bizimodua edo gizarte bizitza: ahotsak, irriak eta musuak, giro baketsuan. Etxekoa edo herrixka-gunekoa, biak izan daitezke.

Eta analisi hori aintzat hartuta, bi sentipenek hunkitzen gaituzte.

Bata da, susmatzen genuela eskua idatzi zutenak ez zirela irudikatu litekeen basati talde bat, gauza inkoherenteak edo zentzu handirik gabeko mezuak grabatzen zituzten pertsona batzuk; horregatik, testu arrazionalen bat espero genuen, menturaz zerbait interesgarria kontatuko zuena, edo deskribatu edo erreferentzia egin. Eta, bai, horrela izan da, testu oso koherente bat azaleratu dugu.

"Pentsatzen bagenuen garai hartako baskoiek ez zekitela ez idazten ez irakurtzen, Eskuak erakusten digu engainatuak ginela"

Beste sentipena izan da, dena argitzean, mezua lar dela ederra, poetikoa izateraino. Hain hitz gutxitan zaila da gehiago adieraztea. Pentsatzen bagenuen garai hartako baskoiek ez zekitela ez idazten ez irakurtzen, logikoa zelako hori pentsatzea, Eskuak erakusten digu engainatuak ginela –Etxepare, profetikoa: Bertze jendek uste zuten...–. Alfabetatuak ziren hainbestean, idatzizko komunikazioan ere abiatuak ziren; baina, gehiago dena, abstrakziorako, sintesirako, ahalmen ezezaguna eta sentiberatasun miresgarria deskubritu ditugu.

Txosten honi Post Scriptum atalarekin emango diogu amaiera, gogoeta eta zertzelada batzuk gehitzeko, lana argiago uzteko. Baina egindakoaren korolario gisa, honela laburbildu dugu, sintesian, orain arte interpretatu duguna:

Testua: BIZKAIKO EUSKAL FILOLOGO TALDEA

 

Post Scriptum

Egileak

Irulegiko Eskua. Aurkikuntzak eta posibilitateak bi txosten hauek Bizkaiko Euskal Filologo Talde batek eginak dira. Bost izen aipatuko ditugu amaieran, ikerketan, ekarpenak egiten eta erredakzioan aritu direnak. Beste kide batzuk ere badira, baina ez dira hain inplikaturik aritu –libre daude kritika guztietatik–.

Abiapuntua

"Sentitzen genuen euskarari –euskaldunen komunitatea– ustekabean agertu zaion aukera historiko ezin ederrago baten aurrean geundela"

Jakinmina edo interes filologikoaz gain, beste faktore batek ere bultzatu gintuen proiektu honetan murgiltzera, eta izan zen kezka bat. Sentitzen genuen gertakari handi baten aurrean geundela, euskarari –euskaldunen komunitatea– ustekabean agertu zaion aukera historiko ezin ederrago baten aurrean. Historikoki jasan behar izan ditugun aurreiritzi eta kontakizun galgarri batzuk ezabatzeko edo aldatzeko ere abagune ezin hobea.

Eta kezka genuen aukera ez ote zen galduko geroko geroetan, bulegoetan eta eztabaida eta lan hiper teknikoetan. Bestela esanda, Eskua bai, altxor arkeologiko bikaina, baina hizkuntzarena eztabaidagai geratzen da, hor nonbait txoko espezializatuetan, gauza oso konplexua delako, eta metodo zorrotzekin ikertu behar delako. Edo okerrago dena: Eskukoa euskara ote den ere eztabaidan jarduteko arriskua urte luzez, iberiera, edo akitaniera, edo zeltiberoaren arrastoak, edo latina... Hizkuntza paleohispaniko (sic) batean dagoenez...

Hortaz, interes filologikoa lehena, baina kezka horrek ere zirikatuta erabaki genuen ezin ginela alboan geratu, itxaroten eta ikusten zer gertatzen zen. Jakina, badago talde zientifiko serio bat proiektu arkeologiko honen gidari. Baina gu hizkuntzaren arloan geunden interesatuta. Euskarari eragiten zion guztian, edo euskara inplikatuta zegoen neurrian. Aditu batek ere bota zuen honakoa: "Ahora los lingüistas tienen que trabajar duro, e intentar ver las posibilidades del texto". Eta erronkari eutsi diogu, gu hizkuntzalariak baikara denok ere, formazioz eta debozioz.

Txostenen helburua

Taldean ondu ditugun txostenak ez daude erreferentziaz beteta edo xehetasun tekniko askorekin hornituak, gure helburua ez baita izan txosten akademiko-zientifikoak egitea, berriz esanda. Gure helburua dibulgazioa izan da. Uste dugulako euskal komunitateak premia eta eskubidea duela, batetik jakiteko Irulegiko Eskuan agertu den testua, 2.000 urte edo gehiagokoa, euskaraz dagoela, hots, euskara dela, zalantzarik gabe; eta, bestetik, ahal den neurrian, jakiteko zer dioen. Txostenak bete genitzakeen zitaz, teoriaz, formulazio konplexuz, eta abar. Baina sinplifikatu egin ditugu, irakurgarriagoak egitearren.

Interpretazio lanen arriskuak

"Espezialistak ere teorizazio edo hipotesi oso erratuak planteatzeko arrisku berbera dute. Gu geu kontziente gara horretaz"

Gauza jakina da denok dugula berezko ahalmen bat edozer interpretatzeko, antzinatik garatu duguna. Hor dago mitologia, kontakizunak, asmatu ditugun pertsonaiak... Hain zuzen ere, pertsona bilakatu ginen geure mundua, fantasiazkoa, sortzen eta transmititzen hasi ginenean: marrazkiak leizeetan, eta istorioak, eta izaki asmatuak... belaunaldiz belaunaldi. Eta gaur ere berdin: literatura, zinema, arteak... Horrek bereizten gaitu animalietatik, guk geure mundua, geure unibertsoa edukitzeak. Ez gintuen pertsona bihurtu ez sua deskubritzeak, ez hildakoei omen egiteak, ez teknologiak, ez..., geure irudimenezko mundua eraikitzeak baizik.

Bada, ahalmen hori teorizazioetan, hipotesietan, interpretazioetan ere erabiltzen dugu. Eta labana baten ahoa bezain arriskugarria da. Balio digu txisteak egiteko etimologia xelebreak sortuz (Angulo, Arizona, Bartzelona... denak euskarazkoak), bai erakundeen mailan ere: Larrun (La Rhune), Artederreta (Arte de Reta), eta abar. Edo, testu zaharrak interpretatzeko, kasurako. Baina arriskugarria da berdin zaletuen mailan zein maila profesionalean. Zaletuak asko tronpatzen dira, jakituria edo prestakuntza gutxiago dutelako; baina espezialistak ere arrisku berean daude: askoz jantziagoak, bai, baina teorizazio edo hipotesi oso erratuak planteatzeko arrisku berbera dute. Gu geu kontziente gara horretaz.

Txostenen izaera

Bizkaiko Euskal Filologo Talde moduan plazaratu ditugun txostenak interpretazio bat dira, Irulegiko Eskuan agertu den testuarena. Ahalegindu gara zorrotz jokatzen, gure jakituriaren eta ahalmenen mugetan. Ez gara lerratu elukubrazioetara, ez dugu eraiki interpretazio fantasiotsurik, ez dugu jo etimologia xelebreetara. Ez dugu jolastu hitzak eta esaldiak asmatzera. Ez dugu jo geure buruak ederrestera, pilo bat teoria edo formulazio zailekin. Deskubritu uste dugunaren azken emaitza jartzera mugatu gara, eta hori apur bat hornitzera dokumentazio eta argudio linguistikoekin. Serio jokatu dugu. Baina zer deskubrimendu egin dugun ikusita, iruditu lezake asmakeria bat eraiki dugula, haluzinazio batek jota.

"Serio jokatu dugu, baina zer deskubrimendu egin dugun ikusita, iruditu lezake asmakeria bat eraiki dugula, haluzinazio batek jota"

Txostenen azpitituluan jarrita dugu Aurkikuntzak eta posibilitateak, adierazteko ezen gure interpretazioa direla. Etorriko dira beste batzuk –espero dugu–, eta arretaz irakurriko ditugu. Edo kritikak iritsiko zaizkigu eta horiei ere arreta egingo diegu.

Duda gabe, puntu batzuk oker adierazita geratuko zitzaizkigun, esaterako, erronkarierarena. Jada helarazi zaigu zehaztapena eta bai, horrela da: agian inpresioa eman dugu antzinate hartan erronkariera hitz egiten zutela, hots, euskalkien kontua, modernoagoa dena, antzinatera proiektatu dugu, garai hartan euskalkiak baleude bezala. Gaizki adierazita.

Gainerakoan, helburua bete dugulakoan gaude, eta, esan bezala, orain irrikaz itxarongo diegu beste lan tekniko batzuei. Geuk ere gehiago jakin nahi baitugu. Eta gure interpretazioa irudimentsua gertatu bada, bertsio errealistagoen zain geratzen gara. Izan ere, gerta liteke guk Zorion ekun ikusi dugun lekuan, ba, igual genitibo akitaniar bat egotea, edo izaera ergatiboa duen elementuren bat, edo beste zerbait.

Aita Barandiaranek ikerkuntza baten berri ematean esan ohi zuenez: "Hau da daukaguna. Honaino heldu gara. Jarraituko dugu ikertzen".

Bukatzeko, Arabako ALEA aldizkarikoei eskerrik beroenak gurekin hain abegikorrak izateagatik, eta txostenak plazaratzeko aukera eman eta egindako lan prestuagatik.

Sinatzaileak: Bizkaiko Euskal Filologo Taldea — Joseba Butroe, Jokin De Pedro, Juan Manuel Etxebarria, Alberto Mardones eta Pilare Baraiazarra.

Iturria: ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA / Testua: BIZKAIKO EUSKAL FILOLOGO TALDEA

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago