Analisia

Irulegiko Eskuko testuaz (I): aurkikuntzak eta posibilitateak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaiko Euskal Filologo Taldea 2022ko aza. 30a, 16:00
Irulegiko Eskua. / Iturria: BERRIA

"Horra hor mezuaren hasieraren eta amaieraren interpretazio linguistikoa, logikoa eta dokumentatua. Imajinatu ditzakegu garai hartako baskoiak honela agurtzen: Zorion ekun - Edrauk on".

Zirrara eragin digu Irulegiko Eskuak; testuak, batez ere. Denok jakin nahi dugu zer dioen antzinateko mezu misteriotsuak, baina zailtasunak handiak dira, adituek ohartarazi dutenez.

Honelako gertakari batek, argitara ekarri ahal izateko, beharrezko ditu jakintza, jakituria, talde lana, denbora, eta gehiago. Bada, horiek guztiak aintzat hartuta dihardugu Bizkai aldean filologo talde batek ikerkuntzan. Zoriak elkartu gintuen Deustuko Filologia Fakultatean –jakintsu batzuk irakasle–, eta harrezkero bide luzea egina dugu denok ere: irakasle, idazle, liburu egile, doktore, katedradun, gidoilari, itzultzaile, euskaltzain, etnografo... Peru Abarkaren antzera. Eta oraingoan Sorioneku-k elkartu gaitu.

Irulegiko Eskua. / Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea

 

Testura hurbiltzeko abiapuntu bat behar da: idazteko erabili zuten grafema-sistema, signarioa. Antzinate hartan sistema bat baino gehiago zegoen, baina eskukoaren egileek beheko irudian dagoena zekiten, eta apur bat osatua zuten T karakterearekin. Baskoien sinbolo bereizgarria da, beraien txanponetan agertzen baita; baina ez da jakin ziur zein soinuri dagokion. Eskuan ageri da, 3. lerroan.

Irulegiko Eskuaren testuaren transkripzioa. / Iturria: BERRIA

 

Signarioa. / Iturria: PINTEREST

 

Ikus daitekeenez, sistema nahiko mugatua da. Ez du balio soinu edo silaba batzuk transkribatzeko, ez baitzegoen hori beraien alfabetoan. Antzekotasun fonetikoan oinarrituta funtzionatzen zuen sistemak: /de/ ez dago, baina /te/ antzekoa da: balio du.

Beraz, lehen faktore garrantzitsua da alfabeto mugatuarena (1F).

Antzinate hartan ez zuten gaur dugun praktika idatzizko hizkuntzarekin

Horri jarraiki dator beste faktore bat (2F) eta da nola transkribatu silaba konplexuak. Alegia, bok+konts (edo alderantziz) osaera duten fonemak errazak dira idazteko; signarioan horiek daude. Baina nola transkribatu bi kontsonante dituzten silabak, konplexuak? Digrafoak, alegia. Kasurako, /dra/, /tzu/… tankerako fonemei dagozkien silabak.

Faktore horri lotuta dator, berehala, beste bat (3F). Alfabetatuta gaudenontzat erraz xamarra da hitzetako silabak, zatiak, bereiztea. Eta askoz errazagoa hitzak bata bestetik bereiztea. Baina antzinate hartan ez zuten gaur dugun praktika idatzizko hizkuntzarekin.

Horregatik, testuak dena jarraian idazten zituzten. Horra Botorritako (Zaragoza) lehen brontzea. Hizkuntza zeltikoa da, zeltiberoa, K.a. I. mendekoa, eskukoaren garai beretsukoa:

Botorritako (Zaragoza) lehen brontzea. / Iturria: EUSKO IKASKUNTZA

 

Dena da sinboloen segida bat, zeinetan zaila den hitzak-edo bereiztea, eta are gutxiago silabak. Bada, hiru faktore horiek eragin zuzena dute gure eskuko testuan, baina ez horiek bakarrik, laster azalduko dugunez.

Lehenengo lerroko testua: s o r i o n e k u n

Horixe bera da sorion, baina latina gurera etorri baino lehenagokoa; agurtzeko modu bat da

Horrelaxe dago transkribatuta, eman dugun alfabeto-sistemarekin guztiz bat. Berehala interpretatu da Zorioneko gisa, azken sinboloa aparte utzita. Eta bai, bi mila urte ukan arren, gaur-gaurko euskara dirudi. Alta, berehala erreparatu zioten arazo bati: /ku/ jartzen du, baina eskuko testuaren azken zatian /ko/ dago. Zergatik ez zuten idatzi s o r i o n e k o ?

Zori hitza oso zaharra da: patua edo adurra zentzua du. Eta txori hitza kidea da. Dokumentatuta dago baskoiak aztiak zirela txoriekin, txorien hegaldietan etorkizuna igartzeko artean. Ospea zuten horretan, eta Erromara ere eraman izan zituzten, gerraren bat egin edo erabaki handiren bat hartu behar zutenean, azti baskoien augurioak kontsultatzeko. Geroagokoa da zorte hitza, latinetik etorria. Gure agur latinezko augurium (zoria, zortea) hitzetik dator. Nolabait esateko, adurra (zurekin). Eta horixe bera da s o r i o n, baina latina gurera etorri baino lehenagokoa. Agurtzeko modu bat da. Santa Ageda kopletan ere oraindik esaten da: Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz...

Eta /ku/? Hori beste hitz baten zatia da: ekun aditza.

Nahiz eta /n/ aparte egon, gure taldeko aditu batek proposatu zuen ekun. Baina, zer da? Erronkarierako gure adituak erantzuna: erronkarieraz ukan edo eduki. Eta horrelaxe da. Orotarikoan (OEH) edo Estornes Lasaren eta beste biltzaile batzuen materialetan ez da adibiderik falta:

  • Ekun zazu pazienzia
  • Oil beztad erraitra non baratan den, eta karten direkzionia, etzadan ekun sospetxarik galten drela. Mdg
  • (Ukan) En textos roncaleses hay ekun y –sólo en compuestos verbales– ekuntu.
  • Biar du ekun bere bekatiuez dolore egiazko bat.
  • "Ekunik dur (R-uzt), lo tengo como regalo, me lo han dado"
  • Ekun baidutzu estaltruk edo altxatruk gaiza kuek sigloko sabiuer ta prudenter eta rebelatu baidutzu txikerrekuer.
  • Aquí hace falta lluvia con mucha frecuencia. Kében bar diézu éuri ékun egunoro.
  • Hemos tenido muchos niños. Ekun déugu aur ánitx.
  • No tengas trato (mujer) con ella. Ez tan tráturik ekun kareki.
  • Eztakiár nóla erráitan al dein Santa Kara, Mélida y Murillo, zer izenen ekúntan dei erri koriek.

Horra hor, Irulegiko eskuko lehenengo mezua. Euskarazko esaldirik zaharrena. Lehenengo aditza. Elementu apotropaiko batean. Eta agurra da: "Ukan (ezazu) zorion". Etxeparek gure literatura idatziari egindako sarrera bikaina izan bazen, mezu hau ere, 1.600 urte lehenagokoa, urre gorria da. Zorion opa digu. Zirraragarria, benetan.

Euskarazko esaldirik zaharrena agurra da: "Ukan (ezazu) zorion"

Erronkariera edo nafarrera ekialdeko moldean egin zuen jauzi historiara gure hizkuntzak. Eta aldaki hori euskarri funtsezkoa gertatu zaigu eskukoa interpretatzeko. Ez da ustekabea, zeren dokumentatuta baitago (1349, ordenantza bat hizkuntza batzuk debekatuz) Huesca inguruko basquenç erronkarieraren tankerakoa omen zela.

Bada, erronkarieraren bitartez, Zorion ekun argituta geratu da, baina testu gehiago dago eskuan, biziki interesgarria, deszifraezina ematen badu ere.

Aurrera egiteko, ikerketa ordena linealean edo segidan egin dezakegu, ohi denez. Baina ez dugu horrela jokatuko, zeren mezuko azken elementua sarrerarekin erlazioan dagoela deritzogu-eta.

Laugarren lerroko testua: e r’ a u k o n

Hor ageri da /ko/. Eta /r’/ berezi bat. Signarioaren arabera, hori /rr/ izan liteke. Baina gorago zehaztu dugun 2F faktorea ere kontuan izan behar dugu; alegia, silaba konposatu edo konplexu bat izan daiteke, esaterako /rd/ edo /dr/. Aditz bat izan al daiteke? Zer dugu erronkarieraz edo nafarrera ekialdekoan horren antzekoa? OEH:

  • eraduki. Tener, mantener. Cf. hitzeraduki 'obligé envers quelqu'un' (O Po 51), relacionado seguramente tbn. con itzeradoki de Leiçarraga. Harriet da s.v. eradukitzea ejs. de erauki.
  • Enezala eraduki batere haiduru. RolTrag 45 (ap. DRA).
  • Oi, krüdela, erierazi naizü, / Ütsüerazi naizü, / Ülhünpian eradükiten naizü! ChantP 116

Ezinezkoa da /rr/ izatea, ez baita dokumentatzen *errauki aditzik. Baina euskara molde haren fonetismoen arabera, oso probablea da /edrauk/ izatea, soinuen metatesi bat gertatuta (fonemen transposizioa): /*erdauk - edrauk/. Silaben metatesiak usu gertatzen diren bezala (adib.: iradoki edo idaroki). Gainera, erronkarierak gogoko ditu /dra/ tankerako fonemak:

  • ek dra - gu gra - zu zra
  • Almadieroak negu gorrian xoaitan dra egoatxetik
  • Xoan fite neskatoa matto bero matto andi uskarari emoitra

Beraz, aginterazko adizki bat dugu, edrauk, hots, 'ukan' ('ezazu / ezak/n') eta on, hasieran ikusi duguna. Horrelako aginterak arruntak dira atsotitz zaharretan; Oihenarteren bilduman adibidez: errak egia · emak orari hezurra · egik ongi · onetsak adiskidea...

Imajinatu ditzakegu garai hartako baskoiak honela agurtzen: Zorion ekun - Edrauk on

Eta zergatik etorri garen azken elementu honetara? Bada, azter dezagun apur bat zer gertatzen den agurtzeko esakerekin. Erromatarrek etorreran Salve (/salue/) esaten zuten, eta joatean, Vale. Gure gaurko Kaixo eta Agur, labur esateko. Edo hartu-emanen harian: Agur t’erdi - Izan ongi.

Baina izan lezake beste adiera bat ere, eta da agurrari erantzuna emateko formula gisa: Egun on - Baita zuri ere. Eskerrik asko - Ez horregatik, eta abar. Imajinatu ditzakegu garai hartako baskoiak honela agurtzen: Zorion ekun - Edrauk on. Izan ere, ohartzekoa da ekun eta eraduki kide direla: egin - eragin, ikusi - erakutsi... bezala. Nolabait: eduki - eraduki. Beraz, esango bagenu bezala: Eukik zorion - Eraukik on.

Izan ere, agurraren parte independente bat izatea, posibilitate hori, ez dator oso bat aditz faktitibo bat erabiltzearekin. Alegia, zergatik erabili eraduki > edrauk? Aski izango zuten ekun aditza: Ekun on.

Nolanahi ere, agurra dela indartuta geratzen da beste ezaugarri estralinguistiko bati erreparatuta ere, eta da testuaren distribuzioa eskuan. Hirugarren lerroko testua konprimituta dago, estu-estu, ia sartu ezinik; baina azken elementua (edraukon) bera bakarrik ageri da, jarraian espazioa soberan duelarik. Bestela esanda, hirugarren eta azken lerroetako elementuen banaketa orekatuago bat egin zezaketen. Baina, ez. Azkenak solte joan behar zuen, bakarrik, agurra baita.

Horra hor, ba, mezuaren hasieraren eta amaieraren interpretazio linguistikoa, logikoa eta dokumentatua. Mamia geratzen da, muina.

Sinatzailea: Bizkaiko Filologo Taldea

Irulegiko Eskuaren testuaren transkripzioa. / Iturria: BERRIA

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide