Alez ale, Arabako euskaldunen hitza ordezkatu du Arabako Alea-k. Bertako mendi, haran eta basoetatik igarotzen diren berriak lotzen dituen sarea da. Hamar urteko bidea eginda, lortu dutena ospatu nahi dute, baina baita lortzeko duten guztia irudikatu ere.
Hamar urteren ondoren, lurraldeko hizkuntza eta kultura aniztasuna islatzen jarraitzeko indarra eta pasioa erakutsi du. Euskara eta kalitatezko kazetaritza izan ditu oinarri, eta hori guztia arlo askotara zabaldu du, hamaika kolaboratzaile eta babeslerekin bat eginez. Geu Gasteiz Euskalduna elkarteak sortu zuen egitasmoa, BERRIA eta Goiena komunikazio taldeekin batera, euskarazko hedabideen gabeziari aurre egin eta lurraldeko aktualitatearen berri eman du urteotan, harpidetuen eta komunitatearen babesarekin aurrera eginez. Sortu zenetik helburu berari eutsi diote: euskara sustatzea, kalitatezko kazetaritza egitea eta Arabako herritarrengana hurbiltzea.
Berria egunkariak argitaratu du albistea eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Unai Etxenausiaren jatorrizko erreportajea hemen duzu ikusgai.