Gasteiztik gertu, baina hiria ia antzemanezin den parajean. Han jaio eta han hazi da Miren Narbaiza Mice-ren (Eibar, Gipuzkoa, 1986) lan berria. Ez alferrik, Lautada du izenburu, eta Gakobeltz estudioaren atzeko atetik sartzen da paisaia hori gitarraz, pedalez, nahasketa mahaiz eta hamaika tresnaz betetako aterpera. Narbaizak eta Joseba Baleztena musikari eta ekoizleak jarri dute martxan, eta eman nahi dioten bizitzaren erakusgarri da diskorako hara bildu duten lagun saldoa.
Esangura berezia du kokapen geografikoak lan berrian.
Bai, espazioak asko eragin duen disko bat izan da. Behin hemen kokatu nintzenean hasi nintzen berriz kantuak idazten, hausnarketak apuntatzen... eta uste dut espazioari esker egin dudala hori. Espazio guztiek eragiten dute guztiongan, eta hemengo zabaltasunean askatasuna sentitu dut nik, nire izateak trabarik izango ez balu bezala. Dena begi bistan laga didala sentitzen dut; gauza pila bat ikusarazi dizkidala, aspalditik buruan nituenak, agian.
Arabako lautadak, zehazki?
Lautadak bai, baina baita Arabako mendialdeak ere. Ez nuen ezagutzen, eta oso sorpresa ona izan da. Oso laguntzailea diskoaren prozesu guztian. Baina baita Gasteiz bere ere. Niretzat kontraste handia izan zen ikustea halako zeru demasa. Gasteiztarrek esaten duten moduan, egun berean hiriko leku batean elurra egin dezake, eta beste batean ez. Denentzako lekua egongo balitz bezala.
Duela bost urte hasi zenuen bakarkako bidea Mice-rekin, eta 2019an atera Zilar printzak lan laburragoa. Azken horretatik honainoko bidea nola joan da?
Erritmo diferente pila bat eduki ditu. Hasieran, uste nuen 2020an bertan aterako nuela diskoa; banituen hainbat zirriborro eta hasia nintzen diskoa ikusten. Baina ez zen posible izan. Arrankatzeak eta pausak egon dira, eta bide horretan kantu batzuk iritsi dira bukaerara arte, eta beste batzuk ez. Margotu paretak eta Lautada nahiko zaharrak dira, adibidez; Negua udaberrituko da-ren hitzak aspalditik nituen, baina musika ez; Inor begira izanda ere azken unean sortu genuen... Bakoitzak bere erritmoa eraman du.
(...)
Albiste hau BERRIAk argitaratu du, eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.