Eusko Legebiltzarrak onetsi egin du Ingurumen Administrazioaren Legea, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Bi talde horiek baino ez dute babestu legea, aurka egin baitute oposizioko talde guztiek. Hala, aldeko 41 boto jaso ditu —EAJrenak eta PSE-EErenak— eta aurkako 32 —EH Bildu, PP-C's, Elkarrekin Podemos-IU eta Voxenak—.
Polemikoa izan da lege proiektuaren tramitazioa, EAJk zuzenketa bat aurkeztu ziolako —PSE-EEren babesarekin—, eta zuzenketa horren bitartez figura berri bat sortuko delako: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat "interes orokorrekoa" dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. Gaur ere zuzenketa hori izan da, nagusiki, legearen aurka egiteko oposizioko taldeek izan duten argudio nagusia.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.