"Tapia Legea" geldiaraztea eskatu dute Legebiltzarraren barruan eta kanpoan

Erredakzioa 2021ko abe. 2a, 13:46

Lurraldearen Antolamendurako Legeari aurkeztutako zuzenketekin, "tokiko administrazioen onespenik gabe azpiegiturak eta proiektuak inposatu" nahi dituela leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, bai Legebiltzarraren barruan, baita kanpoan ere.

ARGAZKIAK: Araba Bizirik plataforma

Eusko Jaurlaritzak EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 30eko 4/1990 Legeari aurkeztutako zuzenketen eztabaida Legebiltzarrera iritsi da ostegun honetan, eta egitasmoaren kontrako ahotsak ozen entzun dira; bai barruan, oposizioaren eta protesta egin duten hainbat ekintzaileren eskutik —azken horiek kanporatu ditu Legebiltzarreko presidenteak—, eta baita kanpoan ere, Tapia Legeari ez! lelopean Araba Bizirik plataformak deitutako mobilizazioan.

"Foru aldundien, udalen edo kontzejuen onespenik eta parte hartzerik ez duten proiektuak inposatzeko maniobra" bat dela salatu du Araba Bizirik plataformak, zuzenketa horiek onartzeak dakarren "mehatxua" gaitzetsiz eta izapideak geldiaraztea eskatuz. Beren ustez, EAEko lurralde osoaren antolamenduko plangintza "etetea" dakar Lurralde Antolamenduaren Legea aldatzeak, "udalek baztertu ahal izan dituzten azpiegituren plangintzen onespena Eusko Jaurlaritzaren esku bakarrik uzteko helburuarekin".

Horren aurrean, bere garaian aho batez onartutako Lurraldearen Antolamendurako Legean "lortutako adostasuna errespeta dadila" eskatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago