Marina Sagastizabal. Ikerlaria

"Denboraz pobreak dira emakumeak"

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Ane Txoperena Iribarren 2020ko urr. 26a, 17:22

Marina Sagastizabal Emilio-Yus, ikerlaria eta Soziologian Doktorea. / EHU

Genero batek eta bertzeak enplegua, zaintza lanak eta militantzia nola uztartzen dituen aztertu du Sagastizabalek liburu bilakatu duen tesian. Emakume militanteek epaia jaso ohi dute.

Intuizio batetik tiraka ekin zion Marina Sagastizabalek (Gasteiz, 1989) doktore tesia egiteari: zaintza betebeharrak daudenean, emakumeak "desagertu" egiten direla militantzia espazioetatik. "Ez bakarrik umeen zaintzagatik. Gure inguruko pertsona bat gaixotzen denean edo adinekoen zaintza gure gain hartu behar dugunean... bereziki emakumeak desagertzen gara". Presentzia hirukoitzaren kontzeptua sortu du hori azaltzeko. Alegia, ikusteko nola uztartzen dituzten genero batekoek eta bertzekoek enplegua, etxeko lanak eta parte hartze politikoa.

Denboraren banaketa datuez gain, hamalau gizon-emakumeri egindako elkarrizketak baliatu ditu tesia egiteko, eta, Micaela Portilla Vitoria saria eskuratuta, tesia liburu bilakatu du orain Lisipe-Susa bildumarekin: Hiruki gatazkatsua. Etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa.

Enplegua eta zaintza lanak uztartzeaz maiz hitz egiten da, baina zuk militantzia ere sartu duzu ekuazio horretan. Zergatik?

Soziologo italiar batzuek planteatu zuten doppia presenza edo presentzia bikoitzaren kontzeptua. Ikusi zuten 1980ko hamarkadatik hona bereziki emakumeak gero eta gehiago sartu zirela lan merkatuan, baina horrek ez zuela esan nahi etxeko lanak eta zaintza lanak utzi zituztenik. Azken hamarkadetan presentzia bikoitz hori bizi izan dute emakumeek, eta, gainera, ez da bi lanen batuketa hutsa: aldiberekotasuna dakar. Eta hor sartzen da denboraren elementua. Italiarrek planteatzen zuten emakume langileek zailtasun handiak zituztela bi lan horiek kenduta beste ezer egiteko, eta hortik piztu zitzaidan interesa. Banekien pertsona batzuek presentzia hirukoitza dutela, eta nahi nuen jakin zer estrategia erabiltzen zuten, zer oztopo dituzten...

Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta elkarrizketa osorik hemen dituzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago