Atxilo hartu eta egunean bertan utzi zuten aske Oihana San Vicente (Agurain, Araba, 1976) Sortuko Arabako arduradun politikoa, Oihana Garmendia, Haimar Altuna eta Antton Lopez Ruizekin batera. Ongietorriena "aitzakia" bat dela uste du, eta eztabaida politikoan jarri nahi du arreta: "Lanean jarraitu behar dugu, adostasunak eta gehiengoak biltzen, preso, iheslari eta deportatuen egoerari irtenbide bat emateko".
Hasteko: zer moduz zaude?
Nahiko lasai. Susto ederra hartu genuen, baina arratsalderako etxean ginen, eta, pixka bat deskantsatuta, lasaiago.
Nola bizi izan zenuen atxilotzeko unea?
Nire kasuan, itxaron zuten ni etxetik atera arte goizean goiz, eta, portaletik atera bezain pronto, kalean auto pila batek inguratu ninduen, eta segituan galdetu zidaten ea ni nintzen Oihana San Vicente. Autoan sartu eta Gasteizko Guardia Zibilaren komandantziara eraman ninduten. Ez zen bereziki bortitza izan; ez atxiloketa, ez egun osoan zehar jasotako tratua. 14:30ean hartu zidaten deklarazioa, baina uko egin nion —bost minutuko kontua izan zen—.
Helburua deklarazioa bazen, beharrezkoa al zen operazioa?
Ez. Ohiturei jarraituz, atxilotu eta bortxaz eraman gintuzten Guardia Zibilaren kasernetara, baina badaude beste modu batzuk deklarazio bat hartzeko.
Orduan?
Uste dut behar zutela gure atxiloketak mediatizatzea.
Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta elkarrizketa osoa hemen duzu ikusgai.