Polizia operazioa

Karguekin aske geratu da Oihana San Vicente

Erredakzioa 2020ko urt. 22a, 16:02

Oihana San Vicente ezker independentistako kidea atxilotu dute. / Argazkia: Hala Bedi

Goizean lau atxiloketa egin ditu Guardia Zibilak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 16:00etan aske gelditu da San Vicente. Mobilizazioak egongo dira Agurainen eta Gasteizen.

Aguraindarrarekin batera, Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna ere atxilotu ditu Guardia Zibilak. Oihana San Vicente Sansomendiko kuartelera eraman du Guardia Zibilak. San Vicente Sortuko arduradun politikoa da gaur egun Araban.

[BIDEOA] Oihana San Vicente Sansomendiko kuarteletik atera den unea.

Informazio iturri ofizialen arabera, terrorismoa goratzea eta terrorismoaren biktimak umiliatzea eta gutxiestea leporatu diete atxilotuei, preso ohiei egindako harrera ekitaldiak direla eta.

Espainiako Barne Ministerioak eta Guardia Zibilak zabaldutako informazioaren arabera, "atxilotuek ia ehun omenaldi antolatu eta koordinatu zituzten ETAko kideei eta haien laguntza-sareari ia 3 urtez". Zehazki, 95 ekitaldi antzeman dituzte 2016ko abendutik 2019ko urrira bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hainbat herritan.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiko Manuel Garcia Castellon epaileak agindu du Kabat izeneko polizia operazioa. Hainbat prozesu mediatikoen arduraduna da Garcia Castellon, hala nola Villarejo kasua, Punica, Lezo edota CDRen ikerketa. Ikerketa duela urte eta erdi abiatu zen.

Mobilizazioak Agurainen eta Gasteizen

Epailearen esku utzi dituzte atxilotuak, Guardia Zibilaren egoitzatik pasatu ostean; deklaratzeari uko egin diote bertan. Ondoren, karguekin aske gelditu dira.

Balorazioei dagokionez, "agenda demokratitzailearen aurkako erasoa" dela salatu du EH Bilduk; Sortuk, ordea, "Estatu sakona" aipatu du. Bestalde, Sare Herritarraren arabera, polizia operazioak "iraganera begira" eman da.

Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! lelopean, mobilizazioak egongo dira 19:00etan Aguraingo Errege atarian eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago