Duela 30 urte hasi zen sagarrondoak landatzen Koldo Markinez (Askartza, Araba, 1958) sagardogilea, Askartzan. Urte batzuen ostean, erabaki zuen sagardotegi bat zabaltzea; orain, bertan ari da lanean familiarekin. Administrazioari dagokionez Burgosko (Espainia) lurretan egonda ere, sagardotegian euskara lehen lerroan jarria dute. Areago, Markinezek adierazi duenez, azken 50 urteetan Trebiñun aldaketa "nabarmenak" egon dira.
Sagardotegi bat Trebiñuko Askartza herrian. Nolatan?
Sagarrondoak landatzen hasi nintzen etxalde batean duela 30 urte inguru. Pixkanaka sagarrak ematen hasi ziren, eta orduan egin genuen lehen sagardoa. Baina iritsi zen garai bat non geroz eta sagar gehiago genituen, handitu egin baitziren. Ordura arte, sagardoa azoketan eta tabernetan saltzen genuen, baina pauso bat gehiago ematea erabaki genuen: sagardotegia irekitzea.
Sagarrak ez dira Trebiñuko produkziorik ohikoenak.
Hemen garia eta garagarra dira nagusi, eta garai batean baita patata ere. Baina egia da Askartzako etxeetan sagarrondoak betidanik egon direla. Azken batean, hemen neguan ez dago jateko frutarik, eta, beraz, sagarrak ganbaretan mantentzen ziren. Errege sagarrak izan ohi ziren, oso gogorrak mantendu ahal izateko. Hori oinarri hartuta, zerbait berria egiteko nahia nuen, eta sagarrondoak landatzeari ekin nion.
Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Amaia Ramirez de Okariz Kortabarriaren jatorrizko albistea eta elkarrizketa osoa hemen dituzu ikusgai.