Elkarretaratzea egin dute Amurrion dozenaka lagunek, Juan Urrutia plazan, udaleko Bozeramaileen Batzordeak deituta. Batzordeak gaitzetsi egin du igandean ezker abertzaleko familia baten etxearen kontra pertsona batek egindako tiroa, "onartezina" dela iritzita. EAJ, EH Bildu, Orain Amurrio, PSE-EE, PP eta Guk Bai-k osatzen dute batzordea, eta aho batez onartu dute adierazpena. Ordezkari politikoek ez ezik, erasoa jasan zuen familiako kide batek ere hartu du parte. "Badakigu eskumako politikariei interesatzen zaiela gu beldurrez bizitzea", adierazi du Mertxe Azkarragak: "Jakin dezatela gu ez garela mugituko, ez gure arbasoen etxetik, ez gure pentsamendu politikotik". Sendiari babesa eta elkartasuna adierazi diete udalbatzako ordezkariek, eta nabarmendu Amurrioko herritarrek "elkarbizitza" nahi dutela, "errespetuan eta bakean oinarrituta". Erasoa ikertzeko eta erantzuleak identifikatzeko eskatu dute.
Sortuk deituta, manifestazio bat egin dute ondoren herrian zehar. Arabako arduradun Oihana San Vicentek azaldu du "testuinguru zehatz batean" gertatu zela igandeko "atentatua": "Eskuin espainiarra gorroto giroa ereiten ari diren momentuan, hain zuzen. Beraz, arduragabekeria handia iruditzen zaigu gertakarien larritasuna erlatibizatzea. Eraso faxistak ez dira isolatuak eskualde honetan". Horregatik, San Vicentek salatu du "are larriagoa" dela susmagarriaren aurkako kautelazko neurririk hartu ez izana: "Batzuen kasuan, armekin egindako antzeko eraso edo atentatuak debaldekoak direla. Hori da gizarteari helarazten ari zaion mezua".
Josune Irabien (EAJ) Amurrioko alkateak Radio Euskadiko elkarrizketa batean esan du gertaera "larria" dela, baina "erabat isolatua". "Erabat gaitzetsi" du.
Identifikatua, polizia ohia
Ertzaintzak gizon bat identifikatu du, baina ez du atzeman. Berri agentziek ikerketa iturriak aipatuz esan dutenez, polizia ohi bat da identifikatutako gizona. 9 milimetroko bala bat jaso zuten etxeko kideek. Alkatearen arabera, badirudi "baimendu gabeko arma motz batekin" egin zuela tiro egileak. Halaber, Irabienek dio ezagutzen duela Ertzaintzak identifikatua duen pertsona, baina ez duela esango polizia ohia den ala ez. "Ertzaintza bere lana egiten ari da eta hark eman ahalko ditu datuak".
Alkateak alderdiei utzi dizkie "interpretazio politikoak". "Ez dut interpretatuko atzean dagoena, baina jendaurrean azaldu nahi dugu errefusa eta egonezina. Hori da gure eginbeharra. Gertaeraren larritasuna independentea da kolore politikotik". Haren ustez, herrian "ez da bizikidetza arazorik izan inoiz".
Tiroa jaso zuen etxeko sendiarekin hitz egin zuen atzo alkateak. Honen arabera, lasai daude, eta kasua "isolatua" izan delakoan.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.