Amurrioko Udal Bozermaileen Batzordeak kontzentrazioa deitu du gaur, 18:00etan, Juan Urrutia plazan, igandean familia baten etxebizitzaren kontra jazotako tiroketa salatzeko. Amurrioko udal talde politiko guztiek –EAJ, EH-Bildu, Orain Amurrio, PSE, PP eta Guk Bai– erasoa gaitzetsi dute, eta adierazpen bat adostu dute.
Amurrioko Udalak "goitik behera" gaitzetsi ditu izandako gertakariak, eta erabateko laguntza eta elkartasuna erakutsi dio erasoa jasan zuen etxebizitzan bizi den familiari. Halaber, horrelako ekintzak "guztiz onartezinak" direla adierazi dute, errespetuan eta bakean oinarritutako giroa bilatzen baitute: "Gure ardura erakutsi nahi dugu herritarren arteko bizikidetzaren kontra doazen eta horrelako ekintzak eragin ditzaketen indarkeriazko ekintzen eta mezuen aurrean. Askatasun publikoen edo/eta politikoen esparrutik kanpo egon daitekeen edozein ekintzak gure erabateko gaitzespena jasoko du".
Halaber, Amurrioko Udalak gertakariei buruzko ikerketaren ardura duten pertsonei, horiek ebazteko eta arduradunak identifikatzeko eskatu diete, "beraien ekintzen erantzukizuna ordain dezaten".
Gauzak horrela, Udalak deia egin die Amurrioko biztanleei gertatutakoa salatzeko gaur, arratsaldeko 18:00etan, Juan Urrutia plazan deitu den 15 minutuko elkarretaratzera joan daitezen.
Alkatearen gaitzespena
Josune Irabien (EAJ) Amurrioko alkateak esan du igandean ezker abertzaleko familia baten etxearen kontra pertsona batek egindako tiroa gertaera "larria" dela, baina "erabat isolatua". "Erabat gaitzetsi" du.
Halaber, Irabienek dio ezagutzen duela Ertzaintzak identifikatua duen pertsona, baina ez duela esango polizia ohia den ala ez. "Ertzaintza bere lana egiten ari da eta hark eman ahalko ditu datuak".
Alkateak alderdiei utzi dizkie "interpretazio politikoak", Radio Euskadiko elkarrizketa batean azaldu duenez. "Ez dut interpretatuko atzean dagoena, baina jendaurrean azaldu nahi dugu errefusa eta egonezina. Hori da gure eginbeharra. Gertaeraren larritasuna independentea da kolore politikotik". Haren ustez, herrian "ez da bizikidetza arazorik izan inoiz".
Tiroa jaso zuen etxeko sendiarekin hitz egin zuen atzo alkateak. Honen arabera, lasai daude, eta kasua "isolatua" izan delakoan.
Sorturen deialdia
Halaber, gertaera salatzeko manifestazioa deitu du Sortuk gaur Amurrion. 19:00etan izango da hitzordua, Juan Urrutia plazan. Ez dira pasako! Euskal Herria aurrera lelopean. Sortuk "elkartasuna eta babesa" helarazi die erasoa pairatu duen familiari. "Espainiako Estatuaren inboluzioa" aipatu dute erasoaren testuingurua azaltzeko. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek esan duenez, "independentismoa, emakumeak eta migratzaileak" hartu dituzte etsaitzat, eta "indarkeriara" jotzen ari dira inboluzio horren ondorioz.