Negoziazioekin jarraitzeko beste hamabost eguneko epea izango dute De Miguel auziko aldeek. Josu Izagirre fiskalak, 26 akusatuen epaileek eta akusazio partikularrak atzo egin zioten eskaera Jaime Tapia epaileari, eta urriaren 15era arteko epea eman die akordio bat egiteko. Fiskalak 439 urteko espetxe zigorra eta 16,5 milioi euroko isuna eskatu du akusatuentzat; besteak beste, eroskeria, influentzia trafikoa eta dirua zuritzea leporatuta. Elkarrizketak "bide onetik" doazela iritzita, ordea, akordioa lortzen ahaleginduko dira auziko aldeak. Bigarrenez eskatu dute negoziazioetarako denbora tartea, eta, hortaz, ezingo dute beste luzapenik eskatu.
Besteak beste, Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohiarentzat ia 55 urteko zigor eskaera egin zuen fiskalak. Aitor Telleria eta Koldo Otxandiorentzat, berriz, 32koa. Biak ziren Araba Buru Batzarreko kideak. Hala, zigor eskaeren neurria ikusita, akusatu gehienek eman zioten baiezkoa fiskalaren negoziazio eskaintzari, orain bi aste. Denbora epea amaituta, luzapena eskatu diote berriz epaileari: "Asko aurreratu dugu. Negoziazioak bide onetik doaz, baina asko dugu egiteko", azaldu du Izagirrek.
Urtarrilean hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoan ikertutako ustelkeria auzirik handiena, 26 akusaturekin. Ordutik, perituak eta lekukoak pasatu dira epailearen aurretik. Akusatuen txanda da orain, baina hilabetez etenda egongo da epaiketa, harik eta urriko hirugarren astean epailearen aurrean deklaratuko duten arte. Lehena izango da, hain justu, De Miguel bera. Udako etenaldiaren aurretik, akusatuek zioten ez zegoela "delituak frogatzeko zantzurik". Orain, ordea, fiskalak esan du «ia akusatu guztiekin» ari dela «akordio bila».
Epea are gehiago luzatzea
Elkarrizketa "konplexuak" direla argudiatuta, azaroaren 5era arteko tartea eskatu diote aldeek epaileari, baina Tapiak erantzun du epaiketa urriaren 15ean hasiko dela, "nahitaez". Hitzarmena lortuz gero, hainbat akusatuk onartuko dituzte egotzitako delituak. Fiskalak aitortu du, halaber, badirela negoziatu nahi ez duten akusatuak. Edonola ere, "akordio integrala" egitea dute asmoa.
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.