Debekuez gaindi, bisitan

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Biain 2018ko api. 16a, 11:12

Bizikletan egin dute ibilbidea askok, Gasteizko Udalak trena erabiltzea debekatu ostean. HALA BEDI

Gasteiz alternatibo eta autogestionatua ezagutarazteko asmoz, 'Okupatour' bisitaldia egin dute. Hirian okupatuak dituzten guneak bisitatu dituzte, udalaren debekuaren gainetik.

Goizeko hamaikak dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Ohiko larunbat goiza dirudi, bisitarien profila eta helburuagatik ez balitz. Ez dute argazki kamerarik eskuan, ez eta maparik ere; areago, asko eta asko bizikletarekin hurbildu dira: ezohiko bisitariak dira. Azalpenak eman ditu Xuban Nafarratek: «Hau ez da tour turistiko tipiko bat izango. Saiatuko gara historia beste ikuspuntu batetik kontatzen; historia soziala kontatuko dugu, batez ere, ahaztuen historia, beheko perspektiba batetik azalduko dugu nola aldatu den Gasteiz azkeneko 100 urteetan. Kanpoko auzoak, langileen auzoak, nola aberastu duten gaur egungo hiri izaera kontatuko dugu». Ehun lagun baino gehiago elkartu dira bisita egiteko asmotan, gazte eta ez horren gazte direnak tartean. Abiatzear da ezohiko bisita turistikoa.

Okupatour, hiri debekatuaren bidaia, deitu diote, eta Gasteizko gaztetxeko autogestioaren astearen barnean antolatu dute. Hiriko gune okupatu eta autogestionatuak ezagutarazteko helburua du bisitaldiak. Antolatzaileen hasierako asmoa txu-txu tren batean egitea zen, baina debekatu egin die udalak. Hona paradoxa: hiri debekatuaren tourra, debekatua. Debekuez gaindi, ordea, aurrera egitea erabaki dute antolatzaileek. «Elkarlanean eta konpromisoz aurrera eraman ditugu ekintza eta dinamika oro orain arte, bada, udalaren paper soil batek ez digu eragotziko nahi, behar eta merezi dugun Gasteiz bat eraikitzen eta erakusten. Debekuen gainetik, zigor eta mehatxuen gainetik, hemen gaude», adierazi du Amaia Lasagak, gida lanetan hasi aurretik. Horiek horrela, autobus bat jarri dute bizikletarik gabe hurbildu direnentzat, gune batetik bestera joan ahal izateko.

Lehen azalpenak entzun, eta bakoitzak bere garraiobidea hautatu ostean ekin diote bideari. Judimendi auzoan egin dute lehen geldialdia. 2016. urteaz geroztik auzoko hainbat gaztek okupatua duten lokala ikusi dute bertan: Sumendi. Era guztietako ekintza irekiak antolatzen dituzte urte guztian: kultur ekitaldiak, haurrentzako tailerrak, herri bazkariak... Auzoari eta auzokideei begira guztiak, hori bai. «Gasteizen auzo bat baldin badago benetan auzo izaera duena, hori Judimendi da», zehaztu du Nafarratek.

Errekaleor eta erdigunea

Berriz ere bizikleta edo autobusa hartu, eta hiriaren kanpoaldera abiatu dira bisitariak. Bigarren geldialdia: Errekaleor; 2013an hainbat gaztek berreskuratu zuten auzoa, eta Europako okupazio gunerik esanguratsuena da. 1950eko hamarkadan langileek eraikitako auzunea antolakuntzaren eta autogestioaren erreferente bilakatu zen. Egun, 150 lagun inguru bizi dira bertan, eta bide berari heldu diote. Gunea husteko hainbat mehatxu tarteko, argindarra moztu zieten iaz, baina, hala ere, ez zuten bizilagunek gunea lagatzerik lortu; areago, proiektua indartzea eragin zuen. Izan ere, eguzki plaken bitartez gai dira auzo guztia energiaz hornitzeko. Energiaren irla bilakatu da Errekaleor orduz geroztik, autohornikuntzaren eredu. «Hilabete asko behar izan ditugu guztia martxan jartzeko, baina eguzki plakei esker hornitzen ditugu gure energia beharrak», azaldu du Jonbe Agirrek. Bertako bizilaguna da Agirre, eta aitortu du energia ereduak kontsumo ohiturak aldatzea ekarri dietela. «Honek ez du ematen berogailu elektriko baterako adina energia. Oinarrizko beharretarako ematen du soilik».

Indarrak batzeko zerbait jan, eta bideari ekin diote. Izan ere, gune asko dira Gasteizen okupatuak izan direnak eta autogestioaren ildotik martxan dirautenak. Hiriaren erdigunean dira horietako asko: Arkillos 10 eraikina, auzolana pilotalekua edota Pintore kaleko etxebizitzak, esaterako.

Trena erabiltzearen debekuak ibilbidean moldaketa batzuk egin beharra eragin diela aitortu du Nafarratek. Arratsaldeko ordu biak dira, eta asko Iruñera joatekoak dira arratsaldean, Altsasuko gazteen aldeko manifestaziora. Hala, azken geltokirako bidea hartu du taldeak zuzenean.

Bidean, ordea, beste ereduetako bat bisitatzeko beta izan dute: Hala Bedi irratia. Okupatutako gunea izan ez arren, emisio lizentziarik gabe jarduten duen irrati librea da. 35 urte beteko ditu aurten, eta komunikazio alternatiboaren ereduetako bat da. «Hasierako helburu eta izaerari eusten diegu oraindik ere. Helburu sozialak ditugu, libreak gara finantzaketan, eta, horri esker, alternatiboak gara edukietan ere», azpimarratu du Jon Sanchez irratiko esatariak.

Gasteizko gaztetxean amaitu dute Okupatour bisitaldia. Okupazioaren ikur nagusietako bat baita hirian; 30. urteurrena du aurten. «Hemendik aurrera, gogoeta bat egin beharko dugu zer motako turismoa nahi dugun gure hirian», ohartarazi du Nafarratek. Ikusgarri den hori berdina izatea nahi baitute kanpoko bisitariarentzat zein bertakoentzat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago