Biharko deituta dagoen OkupaTour ekimenak Udalaren debekua jaso badu ere, autogestioan eraikitako Gasteiz ezagutzeko hitzordua mantenduko da. Hala adierazi dute ekimenaren antolatzaileek gaur goizean Gasteizen egindako agerraldi batean.
Goizeko hamaiketan aterako da bisitaldia, Andra Mari Zuriaren plazatik. "Hiri debekatura bidaia izango zela adierazi genuen eta, hara paradoxa, hiri debekatura bidaia debekatu digute", esan dute antolatzaileek.
Debekuaren atzean "erabaki politikoa" dagoela salatu dute. "Baimen tekniko guztiak genituen, bahe ugari pasa behar izan ditugu eta hilabetetako lanaren ostean guztia prest geneukan. Pozik eta motibatuta geunden eta hala jarraitzen dugu"
Debekuetam oinarritzen diren instituzioak "arbuiatzen" dituztela adierazi dute. "Argi eta garbi, ezin dira horrelako debekuak onartu Gasteizen". Hiriaren erabilera bera ere "jopuntuan" dagoela diote. "Nahi dutena kontrolatzen dute, egunero, uneoro".
Aurreikusita zegoen moduan, ibilbidea bizikletaz egiteko aukera egongo dela gogorarazi dute. Trenean bidaia egin behar zutenek ere garraioa izango dutela iragarri dute; trenik izango ote den ez dute argitu. "Baina garraioa egon, egongo da".