Zerain eta Galvan bizirik aurkitzeko aukera baztertu dute

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ordoñez eta Arantxa Elizegi 2017ko uzt. 1a, 10:52

Alberto Zerain eta Mariano Galvan, Manaslun. /Berria

Bi bidaia egin ditu helikopteroak mendizaleen arrastoa galdutako tokiraino, Mazeno ertzeraino, eta elur jausi bat aurkitu du bi mendizaleak desagertu ziren tokian. Joan den larunbatean jaso zen Zerainen eta Galvanen azken seinalea. Geroztik ezin izan dute haien bila joan eguraldi txarra dela eta.

Aste bat bete da Alberto Zerain mendizale arabarraren arrastoa Nanga Parbaten galdu zenetik. Mariano Galvan argentinarrarekin abiatu zen tontorrera Mazeno bidetik, eta igoera kudeatzen duen enpresak ez du pasa den larunbatetik euren berririk. Azken egunetan helikopteroak ezin izan du eguraldi txarragatik bila joan.

Baina gaur Euskal Herrian goizaldeko 03:00ak zirenean abiatu da Pakistango armadaren airekoa Mazeno ertzera. Bilaketa lanetan parte hartu du Alex Gavan alpinistak ere. Beheko kanpamenduan egon da bera orain arte, eta Zerain eta Galva mendizaleak bilatzeko lehen saioan ere parte hartu zuen. Sebastian Alvaro mendizaleak eman du helikopterokoak ikusitakoaren berri. 2x14x8.000 egitasmoko kideek baztertu dute inor bizirik aurkitzeko aukera.

Bi mendizaleen gertuko iturriek zabaldu dutenez, Zerainen GPSak 150 metroko eroriko baten seinalea eman zuen erabat itzali aurretik. Joan zen larunbatean izan zen hori, eta une hartan bi mendizaleak 6.000 metroko altueran ziren.

Laguntza eskaintza

Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala harremanetan daude Zerainen sendiarekin, eta babesa emateaz gain, behar dituzten izapide administratiboekin laguntza eskaini diote. Hala jakinarazi dio Gasteizko Udalak Ainhoa Lendinez EITBko kazetariari. Familiak Espainiako enbaxadari presio egiteko eskatu die erakundeei, izapide horiek arintzeko.

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza ere prest agertu dira Zerainen bila joateko. Gasherbrumen daude hiru mendizaleak WOPeak ekimenaren barruan G-I eta G-II tontorrak jarraian kateatzeko erronkan. Nanga Parbatetik ordu eta erdira daude helikopteroan, baina euren espedizioa utzi eta erreskate lanak koordinatzera joango lirateke, hala beharko balitz. Vallejok Lendinezi jakinarazi dio, ordea, halakorik beharko ez delako itxaropena dutela.

Ekainaren 11n abiatu zen Zerain Nanga Parbatera. Iaz, Manaslu (8.156 metro) eta Dhaulagiri (8.167 metro) egin zituen 54 urterekin. Aurten Annapurna (8.091 metro) igo du eta Nanga Parbat igotzea du hurrengo helburua.

Udazkenean Shisha Pangmara igo nahi zuen. Hamalau zortzi milakoak bigarren aldiz igotzeko erronka hasi zuen duela bi urte Juanito Oiarzabalekin, baina horren lesioaren ondorioz, bakarrik jarraitu behar izan du. Shisha Pangman berriro elkarrekin aritzeko itxaropena agertu zuen Zerainek ekainaren hasieran BERRIAn argitaratu zen elkarrizketan. Nanga Parbaten hamahiru mendizaleko talde batean abiatu ziren tontorrerantz, baina Zerain eta Galvanek Mazeno ertzaren bidea hartu zuten. "2011n egon nintzenean ezagutu nuen bide hori. Orduan ez genuen ertz guztia egin, beste bide batetik saiatu ginelako", zioen bideaz elkarrizketan.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago