Beste atsekabe bat oroimenean

Erabiltzailearen aurpegia Jon Eskudero 2017ko mai. 27a, 23:59

Denboraldi ahaztezina ezin izan du biribildu Alavesek, galdu egin baitu Espainiako Kopako finala, Bartzelonaren aurka. Atsedenaldia iristear jasotako bi golak garesti ordaindu dituzte gasteiztarrek
 

Huts-hutsik. Inolako garaikurrik gabe jarraitu beharko du Alavesen bitrinak. Duela hamasei urte Dortmunden gertatu bezala, atzo ere finala galdu baitzuen, Madrilen, Espainiako Kopan. Bartzelona aurrean eduki arren, gasteiztarrak ilusioz beterik ziren, posible ikusten baitzuten lehen titulua lortzea. Partidaren hasierak ere ez zuen bestelakorik adierazi. Kataluniarrek aurrea hartu arren, berdinketa lortzeko adorea azaldu zuen Alavesek, baina atsedenaldiaren atarian jasotako bi golek kondenatu zuten. 

Bartzelona neurri erraldoiko aurkaria izaki, Mauricio Pellegrinok aurrez esana zuen oso garrantzitsua zela lehen minutuetan eustea, eta idatzitako gidoiak aski ongi funtzionatu zion entrenatzaileari. Defentsan bost jokalari zelairatu zituen, eta kontraerasoan jokatzea nahi izan zuen. Ohi bezala, baloia Kataluniako taldeak izan zuen, baina finaletan esperientziarik izan ez arren, ofizioz aritu ziren gasteiztarrak. Lasaitasuna eta sendotasuna oinarri hartuta, ez zuten estutasun handirik igaro, eta faltak egin behar zirenean ere ez ziren kikildu. Gainera, erasoan pare bat susto emateko aukerak izan zituzten. Gidoi horri eutsita, arrisku bakarra zegoen: Messi agertzea.

Eta halaxe gertatu zen. Aurrez, presioan baloia lapurtuta, Ibai Gomezek izan zuen aukera bikaina gola egiteko, baina haren jaurtiketak zutoina jo eta atepeko marra alderik alde igaro ondoren, ez zuen sareratu nahi izan. Bada, zorte txar hori aski ez, eta hurrengo jokaldian aurrea hartu zuen Bartzelonak. Ez Alavesek lana gaizki egin zuelako, baizik Messi estralurtarra erabakigarri azaldu zelako. Areaz kanpo toki egokian baloia hartu, ezker hankarekin jaurti eta gola egin zuen, 30. minutuan.

Lanak maldan gora jarri zitzaizkion Gasteizko taldeari. Izan ere, aurrea hartzen duenean bihurtzen da arriskutsuen Bartzelona, aurkariak utzitako espazioak baliatzeko aukera gehiago izan ohi duelako. Ordea, denboraldi honetako nortasun eta kastari esker, bi minutura banakoa egin zuen Alavesek. Areaz kanpotik faltaz jaurti, eta gol ikusgarria lortu zuen Theo Hernandezek. Artean, oraindik ere lehen golaren zaporea dastatzen ari ziren Bartzelonakoak, baina Alavesek erakutsi zuen gogor lehiatzeko zegoela.

Horregatik, berdinketa erdietsi ondoren, konfiantzak emanik olatuarekin gora egin nahi izan zuen. Zaleak ere orduan zeuden unerik gozoenean. Dena zen baikorra une horretan, baina atsedenaldiaren atarian, itxaropen guztiak amildegi ertzean jarri zitzaizkion Alavesi. Lehenbizi, Andre Gomesen pasea baliatuta, Neymarrek 2-1ekoa egin zuen, jokoz kanpoko posizioan. Eta, lehen zatiko azken jokaldian, Paco Alcacerrek egin zuen hirugarren gola, Messiren jokaldi ikusgarri bat baliatuta.

Sistema aldaketa, alferrik

Bigarren zatiari begira, Pellegrinok ez zeukan aldatu beharreko gauza handirik; besteak beste, lehen zati duina jokatu zuelako Alavesek. Aurreikusitako gidoiari kasu egin zion taldeak, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen Messiren eraginkortasunaren aurrean. Horregatik, bigarren zatian bide beretik jotzea erabaki zuen entrenatzaile argentinarrak. Hasiera batean, ez zuen aldaketarik egin hamaikakoan, eta orekatu joan zen neurketa. Zelai erdian intentsitatea nagusitu zen, eta Luis Enriqueren taldeak partida kontrolatzea izan zuen helburu, aparteko arriskurik hartu gabe.

Minutuek aurrera egin ahala, bere horretan jarraitzen zuen emaitzak, eta orduan bai. Pellegrinok bi aldaketa egin zituen kolpe batean: Sobrino eta Camarasa zelairatu zituen Ibai eta Edgarren ordez. Aldaketa horiekin, sistema aldaketa ere iritsi zen. Defentsako lerroan lau jokalari kokatu, eta aurrera begira erasokorrago azaldu zen taldea. Baloia Bartzelonari kendu eta protagonista izan zen Alaves. Llorente gidari hartuta, ondo mugitu zuten jokoa ezker-eskuin, eta minutu batzuetan goletik gertu samar ere egon ziren. Deyversonek izan zituen aukera onenak. Gola ere egin zuen, baina jokoz kanpokoa adierazi zion epaileak. Partida amaiera hurbiltzen joan ahala, erreakziorako aukerarik ez zuten izan gasteiztarrek, eta 3-1ekoa izan zen azken emaitza.

Porrotaren ondorioz, etsipenez beteta eta lur jota geratu ziren jokalariak, baina harmailetako babesak mina arintzen lagundu izango zien. Hasi eta buka, babes eta maitasun osoa eskaini zuten jarraitzaileek, eta haien animo oihuak ez ziren alferrikakoak izan. Etorkizunari begira, talde lehiakor eta sendoa bilakatu da Alaves, eta Lehen Mailan eduki behar luke tokia. Denboraldia amaituta, hurrengo sasoirako lanak egiten hastea tokatzen zaio zuzendaritzari, berriz ere final bat jokatzeko helburua hartuta.

 

Golak. 1-0: Messik (30. min); 1-1: Theo Hernandezek (32. min.); 2-1: Neymarrek (44. min.); 3-1: Alcacerrek (45. min.).

 

Erlazionatuak

Berriz ere final batean

Erredakzioa 2017 mai 26 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago