Araba Hiria, Alaveseko zaleen topagunea

Erredakzioa 2017ko mai. 26a, 15:42

Araba Hiria | D. ALAVES

Madrilgo Cuña Verde Parkean kokatuko da, eta 10:00etatik 19:00tara egongo da zabalik.

Larunbatean, Alavesek bere 96 urteko historiako Kopako lehen finala jokatuko du, Bartzelonaren aurka, Vicente Calderon estadioan, 21:30ean. Madrilera hurbiltzen diren zaleentzat, talde babazorroak Araba Hiria antolatu du, eta zaleen topagunea izateaz gain, kontzertuak eta animazioa eskainiko du egun osoan.

Gunea Cuña Verde parkean kokatuko da, Latina auzoan, Vicente Calderonetik oinez 25 minutura. Zelaiak 18:00etan irekiko ditu bere ateak. 

Araba Hiriak 10:00etan irekiko ditu ateak, 19:00ak arte. Segurtasuna dela eta, partida ez da Araba Hirian emitituko, eta sarrera gabe doazen zaleek beste leku batera joan beharko dute, norgehiagoka ikustera. Izan ere, 25.000 zale inguru espero dira biharko. Horregatik, segurtasun neurriak hartuko dira, eta 2.500 agente inguru egongo dira egunean zehar Araba Hirian. 

ETS eta Potaroren kontzertuak

Araba Hirian hainbat  jarduera antolatu dituzte. Batetik, umeentzako gune bat egongo da. Bestetik, musika izango da; En Tol Sarmiento eta Potato taldeek kontzertua eskainiko dute, eta Oihan Vega DJak musika jarriko du. Horrez gain, zenbait tarberna izango dira bertan, non edariak eta jatekoa salduko duten. 

Vital Fundazioak, esaterako, Bularra betean ekimena prestatu du egun horretarako. Zaleek oihukatu beharko dute, eta soinumetro batek partaide bakoitzaren dezibelioak neurtuko ditu. Pertsona bakoitzeko, bularreko minbiziaren ikerketara bideratutako donazio bat egingo du Vital Fundazioak.

Azkenik, Araba Hiria ixtean, 19:00etan, Iraultza 1921 taldeak antolatuta, korteo bat egingo dute Fan Zonetik Vicente Calderon zelairaino. 

Erlazionatuak

Berriz ere final batean

Erredakzioa 2017 mai 26 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago