Garoñaren geroa mahai gainean, kritika artean

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko urt. 25a, 10:55
Garoñaren aurkako manifestazioa Gasteizen.

CSNk zentralaren geroaz ebatziko du gaurtik aurrera. Eguzkiren iritziz, luzatzea "arrisku onartezina" litzateke. Arabako ahaldun nagusiak PPri leporatu dio Garoña berriz irekitzeko arriskua.

Gaurtik aurrera argituko da Garoñako zentral nuklearraren etorkizuna. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko osoko bilkurak aztertuko du Nuclenor zentralaren jabearen eskariari buruzko txostena. 2031. urtera arteko ustiapen baimena eskatua du Endesak eta Iberdrolak osatzen duten enpresak —2012an itzali zuten, eta 2013an bukatu zitzaion baimena—. Egunotan jakinarazitakoaren arabera, baimena ematearen aldekoa da txostena, baina hainbat baldintza jarri ditu.

CSNko osoko bilkurako bost kideak —PPk izendatutako hiru, eta PSOEk izendatutako bi— gaur hasiko dira txostena aztertzen, baina erabakirik ez dute gaur hartuko, txostena mardula baita. Are, baliteke botazioa gehiago atzeratzea, kontseilariek eskatuta. Edonola ere, ezustekorik ezean, CSNren bilkurak zentralaren iraupena luzatzearen alde egingo du. Orduan, azken erabakia Espainiako Energia ministro Alvaro Nadalena izango da.


Arabari egindako "erasoa"


Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gogor kritikatu du Garoña berriz irekitzeko aukera. Arabari egindako "eraso etengabea eta onartezina" dela salatu du. Halaber, PPren erantzukizuna nabarmendu du, baita alderdi horren Arabako ordezkariena ere. "Erabakiaren erantzuleak dira, eta azalpenak eman beharko dituzte; jarrera pertsonalek ez dute balio". Gonzalez bereziki kritikoa izan da Javier Maroto eta Alfonso Alonsorekin; "konplizeak" izatea egotzi die biei. Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak berretsi du "EAEko administrazioak" Garoña berriz irekitzearen aurka daudela, "argi eta garbi".

Eguzkik ere kezka agertu du CSNk har dezakeen erabakiarekin. Elkarte ekologistaren ustez, Nuclenorren eta Espainiako Gobernuaren interes ekonomikoak lehenesten ditu CSNk, eta ez herritarren eta ingurunearen segurtasuna. «Garoñak aspaldi behar zuen itxita: zaharra eta arriskutsua izateaz gain, ez dago horren beharrik; amortizatuta dago, eta gizarteak hala eskatu du hainbatetan».

Garoñaren itxieraren aldeko elkarretaratzea deitu dute biharko, 13:00etan Eusko Legebiltzarraren aurrean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide