Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak baieztatu duenez, Arabako Foru Aldundiaren Sansoheta zentroko adingabe batek apirilean salatu zuen prostituitu egiten zutela. Aldundiko adingabeen ataleko teknikariek, Arabako Adingabeen Fiskalak eta Gasteizko Udaltzaingoak izan zuten salaketaren berri. Ordea, ikerketak ez zuen emaitzarik izan, Gonzalezek gaur goizean jakinarazitakoaren arabera.
Arabako Foru Aldundiaren adingabeentzako zentroaren bost erabiltzaile prostituitu dituzten argitzeko ikerketa martxan dago. Gonzalezek jakinarazi du espetxeratutako psikologoak ez duela 2015etik lan egiten Aldundiarentzat; halaber, baieztatu du Sansohetako langile bat "lanetik aldendu" dutela, adingabeekin izandako elkarrizketan haren izena agertzen zelako.
Salaketaren barruan dauden adingabeak 14 eta 17 urte artean dituzte. Horietako bat iragan apirilean salaketa jarri zuen adingabea da.