Arabako Mahastiak sor-marka eratzeko urratsa egin dute

Erabiltzailearen aurpegia
Arabako Errioxa

Arabako Errioxako 40 upategik baino gehiagok babestu dute eskaera, eta tramiterako dokumentazioa aurkeztua dute Eusko Jaurlaritzan. Mahastiari "behar duen balioa" eman nahi diote. IVAN SANTAMARIA | BERRIA

Ofiziala da Arabako Errioxan ekoizten den ardoarentzat sor-marka propio bat egiteko eskaera. Abra upategi elkarteak jakinarazi du hilabete honetan izendapen berria martxan jartzeko dokumentazioa aurkeztu diotela Eusko Jaurlaritzari, hari dagokiolako eskumena. Arabako Mahastiak izena jarri nahi diote.

 Errioxako ardoaren sor-markak duen kudeaketari buruz duten ezinegona azaleratu dute azkenaldian Arabako hainbat ardogilek. Egoera horretan zer egin eztabaidatzen aritu dira azken hilabeteotan, eta Abrak azaldu du 40 upategik baino gehiagok herrialdean babes eremu berri bat sortzea erabaki dutela. Horren helburua "ustiapenen etorkizuna bermatzea" izango litzateke, negozio eredu "bereizi bat" errespetatuz eta mahastiari dagokion balioa aitortuz.

Sektore osoari irekita dagoen esparru berri bat eskaini nahi dute sor-markaren bidez, euren produktuak bereizteko aukera izan dezaten.

Artadiren urratsa

Azken urteotan izan duen hedatze handiaren ondorioz, Errioxa sor-markan oso kalitate desberdineko ardoak daude, eta horrek zaildu egiten du kalitate goreneko ardoak bereiztea. Eztabaida berria ez den arren, azken urteotan lehertu da, batez ere upategi sonatu batek, Guardiako Artadik, jatorri izena uzteko asmoa zuela kaleratu zuenetik. Bere hitza bete eta 2016. urtearekin batera Errioxatik atera zen Artadi. Salmentak ongi joan zaizkiola ziurtatu du upategi horretako jabeak, Juan Carlos Lopez de Lacallek. Ardo gehienak Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saltzen ditu.

Inork ez zuen Artadiren bidea jarraitu, baina Arabako Errioxako upategi txiki askoren ezinegona ikusita, erreforma batzuk egiteko prest azaldu zen Errioxako Kontseilu Arautzailea, sor-markaren barruan dauden eskualde desberdinei presentzia gehiago emateko asmoz.

Erlazionatuak

Arabako Mahastiak sor marka errealitate izan dadin elkarlana eskatu du EH Bilduk

Arabako Errioxa

Arabako 40 upategik "Arabako Mahastiak-Viñedos de Álava" izeneko sor marka propioa izateko hartutako erabakia txalotu du EH Bilduk, "...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide