Paul Urkijo

"Zinema titanikoa egin nahi dut, handia, eta euskaraz"

Erabiltzailearen aurpegia (B)ALEA 2025eko urriaren 31

Denboraldi berriko bigarren gonbidatua izan da zinemagile gasteiztarra. Argazkia: ALEA

Paul Urkijo zinema zuzendari arabarra hirugarren film luzea aurkezten dabil asteotan: ‘Gaua’. Azaroaren 14an izango da zinemetan ikusgai euskal mitologiaren istorio ilunenak bildu dituen kontakizuna.

B-ALEAn izan dugu Urkijo, mitologiaz, zinemaz, euskaraz eta beste hainbat konturi buruz hizketan. Pelikula Sitgeseko jaialdian aurkeztu eta gutxira hartu du tartea gurekin hitz egiteko. Izandako elkarrizketaren zati bat besterik ez da hau, osorik ikus dezakezue elkarrizketa bideoan, alea.eus/bereziak/b-alea helbidean.

Euskal zinema mitologikoa egiten duzu, Arabatik, eta euskaraz. Zergatik?

Eta zergatik ez? Logika hutsa da, ni euskalduna naiz, Euskal Herrian egiten dut lan, eta jatorrizko materiala euskarazkoa da. Niri euskaraz heldu zait transmisioa, Barandiaran eta beste askok jasotako ipuin horiek, antropologoen lanak… eta niretzako hori da formarik naturalena. Ez litzateke berdina gazteleraz; hizkuntzak poetika linguistiko-bisual ezberdina dauka. Hala izan behar zuen, traizioa litzateke bestela. Produktoreek esaten ziguten gazteleraz eginez gero gehiago bidaiatuko zutela pelikulek, esan izan didate Javier Bardemek egin zezakeela Errementariko papera, eta diru gehiago lortu genezakeela. Baina ni burugogorra izan nintzen. Errealitatearen eta bihotzaren logika edo kapitalaren logika. Ni beti joango naiz beste aldera.

Euskal gizartearen egoera zein den ikusita, zer istorio kontatu behar direla uste duzu?

Zauden bandoaren arabera… lubakia egin beharra dago. Nire azken pelikula, Gaua, XVII. mendean girotua dago, euskal mitologiako istorio ilunenen bilduma da, txikitan kontatzen dizkiguten gaueko izakien ikonografiarekin. Bestalde, gure mitologiako akelarreen eta sorginen munduari egindako omenaldi bat ere bada. Baina noski, ikonografia guzti hori inkisidoreek XVII. mendean sorturiko gezurretan dago oinarrituta. Gaua pelikulak askatasunari buruz hitz egiten du, eta era batean, sorginen eta akelarreen esanahia aldatzea dakar, duintasuna itzultzea. Guretzako sorginak onak dira, baina lan handia egin duelako hor jende askok, esanahia aldatzeko. Boterearen aurka altxatzen den pertsonaiak dira, errebeldeak, eta guk gure burua ikusi dezakegu hor. Garai horietan bazeuden inkisidore batzuk, baina gaur egun oraindik ere baditugu. Lehen esaten zuten mendietan sekta satanikoak zeudela, gizakiak jaten, haurrak hiltzen, eta aitzakia bezala hartu zuten garai hartan jazarpen bortitza egiteko. Eta gaur egun badugu jendea esaten sei urteko haurrak terroristak direla, eta buruan tiro egin behar zaiela. Arteak balio du gure baloreak defendatzeko.

"Badirudi euskal zinema osasuntsu dagoela, baina ez gaude batere osasuntsu"

Euskal zinema loraldi antzeko batean dagoela dirudi, baina txikia da oraindik, zailtasun handiak ditu. Zer egin beharko luke bere lekua hartzeko?

Badirudi osasuntsu gaudela, baina ez gaude batere osasuntsu. Esaten da euskal industria handitzen ari dela, zerga laguntzak eta halakoak daude... Egia da geroz eta filmaketa gehiago daudela, baina gehiengoak atzerritarrak dira. Ez dakit esaten noraino den onuragarria eta noraino ez. Horrek ekarriko du sarea handitzea, jende gehiago sartzea industrian, baina gero kanpotik ere badatoz enpresa batzuk, prezioak jaisten dituzte, sindikatuak borrokan egon behar dira… hasi dira dramak egoten hor. Gero badaude euskal ekoizetxeak, "euskal zinema" edo cine vasco egiten dutenak. Hemen filmatu dira, baina berdin egin zitezkeen beste edonon. Gauza bat da euskal zinema, eta beste bat zinema euskalduna. Orduan, zer behar dugu? Aitortu behar zaio Eusko Jaurlaritzari egindako lana, urteak daramatza zinema euskalduna sustatzen, ETB ere asko ekoizten ari da… bultzada garrantzitsua ematen ari dira. Baina kontua da merkatua nola dagoen eraikia. Edozein aretora joan, eta %80a pelikula amerikarrak dira. Ez soilik euskaldunoi dagokiguna, Estatuan ere berdin gertatzen da. Erakusleihoak ez daude babestuta. Gure ekoizpenen proiekzioa babestu beharra dago. Kaletik joanda Marvel eta Disney besterik ez duzu ikusten. Erronka zaila da.

Euskal zinemak handiagoa izan behar du? Edo hau izan behar da bere neurria?

Ni naiz euskal zinema titanikoa egin nahi duen erreferentea. Nik batailak egin nahi ditut, zinema epikoa, handia, eta euskaraz. Euskal Herrian daukagun ekonomiarekin lortu daiteke. Nire aurrekontuak ez dira handiak, espainiar komedia baten aurrekontu antzekoa dugu, nireak ez dira superprodukzioak. Kontua da dirua nola administratzen den, dirua egon badago. Hau ez da Hollywood, noski, badakigu zein den gure tamaina. Baina publikoak eskatu ahala egingo ditugu gauzak maila batean edo bestean. Zinemak diru asko behar du, pelikula txikiena ere garestia da; bestela zerbait ez dago ondo, norbait ez dago kobratzen.

Fantasia egiten duzu zuk, baina saiatzen zara garai historikoarekin koherentea izaten?

Nik garai historiko batean kokatzen ditut nire istorioak, eta dokumentatu egiten naiz. Lizentzia poetikoak hartzen ditut, baina zilegiak direla iruditzen zait. Adibidez. Iratin planteatzen den paganismotik kristautasunerako bidea ez zen hain denbora gutxian izan, ez zen bat-batean desagertu Mariri kultua, kristautasuna heldu zelako. Nik fikziozko egoera bat sortzen dut, eta hutsuneak betez sortzen dut istorioa, bere poetikaren bitartez hitz egiteko ideia abstraktu batzuei buruz. Adibidez, ama lurrari diogun errespetuari buruz. Hor aipatzen dut gaur egun nola tratatzen dugun natura; agertzen da pelikulako gaiztoak nola esplotatu nahi duen basoa, etabar. Noski, nire egungo ikuspegian oinarrituta erabiltzen ditut elementu horiek. Ez dago historikoa den ezer errealista, beti da fikzioa, gaur eguneko prismaren bidez kontatua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago