Gasteizko geografiaren eragina mugikortasunean (I): jarduera ekonomikoen banaketa

Gasteizko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana ebaluatu duen txosten bat argitaratu du, eta bertan datu interesgarriak eman dira mugikortasun-moduetan hiriaren egiturak duen eraginaren inguruan. 

Lehen artikulu honetan, ikusiko dugu jarduera ekonomikoak (dendak, lantegiak, profesionalen bulegoak, etab.) non eta nola dauden kokatuta, eta horrek mugikortasuna nola baldintzatzen duen.

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ebaluazio-txosten hori hemen kontsulta daiteke.

Hiriko jarduera ekonomikoak herritarrak mugitzeko arrazoi nagusietako bat direnez, argi dago erlazio zuzena dagoela jardueron banaketa geografikoaren eta mugikortasun-moduen artean. Alde batetik, jardueren dentsitatea erabakigarria da garraio-modu bat edo beste bat hautatzerakoan: dentsitate handiagoa dagoen tokietan, errazagoa da kalera irten eta oinez iristea denda batera, medikuarenera, gizarte-etxe batera eta, oro har, egunero erabiltzen diren oinarrizko zerbitzuetara; dentsitate txikiagoekin, berriz, automobila edo garraio publikoa behar dira jardueren eskaintza erakargarria duen guneren batera iristeko.

Udalak badu udalerriko jarduera ekonomiko guztiak biltzen dituen datu-basea, Jarduera Ekonomikoen Zerga (JEZ) deritzona. Tresna horren bidez, Udalak jarduera bakoitzaren ezaugarriak erregistratuta ditu, eta eguneratuta mantentzen ditu beti, horixe baita udal zergak biltzeko erabiltzen duen erregistroa. Jarduera bakoitzerako, zein motatakoa den eta zein helbidetan kokatua dagoen daki Udalak, beste hainbat daturen artean. Informazio hori erabilita, jardueren banaketa geografikoa mapa baten gainean irudika daiteke, bai jarduera multzo osoa hartuta bai mota jakin batekoak hartuta.

Jardueren kontzentrazioa askoz handiagoa da Gasteiz erdialdean eta txikiagoa auzo berrietan

Artikulu honetan ageri den lehen mapan, Gasteizko jarduerak geografikoki nola dauden banatuta ikus daiteke. Jarduera ekonomikoen kontzentrazioa kolore gorriaren bidez adierazi da: gorri ilunagoak jarduera gehiago daudela esan nahi du, eta gorri argiagoak jarduera gutxiago. Kontuan izan behar da jarduerak ez daudela tamainaren arabera bereizita eta, beraz, langile asko dituzten jarduerek -batez ere industrialdeetan daudenek, esaterako Michelinek edo Mercedesek- langile bakarraz osaturiko jardueren pisu bera dutela mapan. Hortaz, ez du balio industrialdeetako jarduera ekonomikoa analizatzeko, baina bai kalean herritarrei eskaintzen zaizkien jardueren ikuspegi globala jasotzeko. Dendak, profesionalen jardunbideak, banketxeak, taberna eta jatetxeak, etab. non metatzen diren ongi beha daiteke mapan.

Desberdintasun nabarmena ikus daiteke hiriaren erdialdean dauden guneen eta auzo berrietan daudenen artean. Gero eta ohikoagoa da entzutea hiriaren erdialdea jarduera ekonomikoez husten ari dela, eta auzo periferikoetara mugitzen ari direla dendak. Mapari begiratuta, ordea, jarduera gune nagusia oraindik ere Zabalgunea dela ikusten da, eta ez dirudi egoera hori aldatuko denik. Eduardo Dato eta Alaba Jeneralaren kaleen bidegurutzeak erakusten du gorririk ilunena, 200 jarduera ekonomikotik gorako metaketa adierazten duena. Oro har, jardueren dentsitate oso handia dago Zabalgune osoan, bai eta Alde Zaharraren hegoaldean eta Gasteiz hiribideko hainbat gunetan.

Gorri argiagoz, baina hala ere jardueren dentsitate handia adieraziz, hiriaren erdigune ia osoa ageri da: Pilar, Koroatzea, Anglo-Vascoa, Arana, Babesgabetuak, San Martin, Adurtza... Eredu horretatik kanpo daude, ordea, garai bertsuan sortu baina beste irizpide batzuk erabilita eraiki ziren auzoak. Zaramagan, esaterako, jarduerak auzoa egituratzen duten bi kale nagusietan pilaturik ageri dira. Etxebizitza bakarreko kale gehiago dauden tokietan -Judimendi hegoaldea, Batan- edo eraikin garaiak baina oso sakabanatuak daudenetan -Gazalbide, esaterako- ia ez da jarduerarik antzematen.

Auzo berrietan, Lakua barne, irudiak kolore gutxiago du, eta kolorea biziagoa den guneetan, modu kontzentratuagoan ikusten dira jarduerak. Multzo horretan daude Lakua bera, Zabalgana eta Salburua. Puntu gorriak beha daitezke kale nagusiek bidegurutzeak osatzen dituzten tokietan, biribilguneetan alegia. Ezaugarri hori betetzen duen toki bat aipagarria bada, El Boulevar merkataritza-guneak osatzen duen erakargune handia da. Gasteiz osotik jendea erakartzera iristen da merkataritza-gune erraldoi hori.

Auzo berrietan dagoen jarduera-banaketa horrek inpaktu esanguratsua du populazioak tokietara iristeko erabiltzen dituen moduetan. Jarduerak kontzentratuago eta biribilguneetan egoteak automobilaren erabilera sustatzen du, oinezko bidaien kaltetan.

Jarduera- eta populazio-banaketaren arteko erlazioan, badago irisgarritasun txarra duen jende multzo handi bat

Lehen mapan jardueren banaketa orokorra ikusi da, eta horrek informazio interesgarria eskaintzen du; baina interesgarriagoa da jardueren eta populazioaren artean zein harreman dagoen ikertzea. Bigarren mapan erlazio hori erakusten da. Adibide horretarako ez dira jarduera ekonomiko guztiak erabili, baizik eta herritarrentzat oinarrizko zerbitzuetako bat ematen dutenak: dendak. Mapan, zirkulu bakoitzak etxebizitza-bloke bakoitzeko populazioa adierazten du. Zirkulua handiagoa da biztanle-kopurua handiagoa bada. Bestalde, zirkuluaren koloreak erakusten du bloke bakoitzeko biztanleek zenbat saltoki dituzten 100 metro baino gutxiagora.

 

 

Maparen koloreak aztertuta, argi geratzen da etxetik hurbil denda gehien duen jendea non bizi den: Alde Zaharraren hego-mendebaldean, Azoka Plazaren inguruan, eta Alde Zaharraren ipar-ekialdean, Koroatze auzoan eta haren inguruetan. Oro har, hiriaren erdialde osoak du denden kopuru nabarmena. Beste muturrean, berriz, hiriko auzo periferikoak daude: San Martin auzoan hasi eta Zabalganeraino hedatzen den gunea, Lakuaren iparraldeko erdia Ibaiondoraino, eta Salburua ia osoa. Denda eskasia are handiagoa da auzoon ertzera hurbildu ahala, eta badaude Mariturrin, Arkaiaten, Ibaiondon... etxetik hurbil denda bakar bat ere ez duten etxebizitzak.

Populazioaren banaketa geografikoa (aurreko batean aztertu genuena) eta denden kokapena gurutzatuta ikus daitekeenez, 11.000 gasteiztar inguruk ez dute dendarik etxetik hurbil, beste 26.000ek bost baino gutxiago dituzte, eta 30.000 inguruk hamar baino gutxiago. Hortaz, 67.000 bizilagun daude (Gasteizko populazio osoaren % 27) oinez egin ahal den distantziara hamar denda baino gutxiago dituztenak. Sailkapenean mota guztietako dendak eta zerbitzuak sartuta daudela kontuan hartzen bada, eta hamar denden kopurua eguneroko oinarrizko zerbitzuak oinez eskuratzeko minimorik minimoena dela kontsideratzen bada, esan daiteke biztanleen ia heren batek ezin dituela eguneroko erosketa eta zerbitzuak oinez jaso, eta beraz, automobila behar duela. Badaude beste garraio-modu alternatibo batzuk biztanle horientzako, esaterako bizikleta edo garraio publikoa, baina ez dute ibiltzearen edo autoaren malgutasuna: bizikletaz, adibidez, ezin dira zama handiak garraiatu oro har; eta garraio publikoak, berriz, ez du herritarra beti behar duen tokira eramaten.

Beraz, auzo berrietan garatu den dentsitate txikiko hirigintzak jardueren dentsitate txikia izatea eta haiek errepide bidegurutzeetan kontzentratzea eragin du, eta horrek zaildu egiten du automobil pribatuaren erabilera gutxituko duten modu alternatiboak sortzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago