Gasteizko auzoek duten populazioa aztertzen denean, Lakua, Zabalgana eta Sansomendi bezalako izenak ageri ohi dira tokirik populatuen gisa. 2016ko datuen arabera, Arriaga-Lakuak 27.978 biztanle zituen, Zabalganak 22.347 biztanle eta Sansomendik 21.098. Beste muturrean ageri dira udalerriko nekazaritza eremuak, Aretxabaleta-Gardelegi auzo berria (751 biztanle), Ehari (961), baina baita betikoak diren hiriko zenbait auzo ere (Arantzabelak 1.503 biztanle ditu, Gazalbidek 2.314 ditu).
Alabaina, Gasteizek duen auzo zatiketa ez da egokiena populazioaren analisi geografikoak egiteko. Oso ezaugarri desberdinak dituzten guneetan barrena hedatzen dira auzo batzuk (esaterako, Sansomendi auzoak denok Sansomenditzat hartzen dugun eskualdeaz gain, Lakuabizkarreko zati bat eta are Ibaiondoren erdia ere hartzen du) eta hedadura aldetik ere diferentziak nabarmenak dira (Zabalganak 237 hektarea betetzen baditu, Aranak 13 hektarea ditu).
Hiriko populazio dentsitatea gero eta txikiagoa da
Gasteizko Agenda 21aren arabera, 2005ean 11.150 biztanle bizi ziren kilometro koadroko hirian, eta 2013an 10.406 ziren. Nahiz eta biztanleria urtero % 1,5 inguru igo den azken hogei urteetan (30.000 biztanle gehiago), hiriaren hedadura askoz gehiago hazi da. Auzo sakabanatuak sortu dira, etxebizitzen dentsitate txikia eta ekipamenduetarako zein berdeguneetarako espazio asko dutenak. Joera hori dagoeneko bazegoen XX. hamarkadako bigarren erditik aurrera, Zaramaga eta Aranbizkarra bezalako auzoak sortu zirenean, baina XXI. mendeko hasierako Hiri Antolamenduko Plan Nagusian are gehiago sakondu da sakabanatzean.
Berehala begi bistan geratzen den arazo handi bat sortu da horrela: biztanleak barreiatuago bizi badira, zailagoa da haiei zerbitzuak, bai publikoak zein pribatuak, eskaintzea. Adibidez, garraio publikoko linea berri bat sortu nahi bada, jende gehiagori emango dio zerbitzu toki populatuagoetatik igarotzen bada. Farmazia batera iristea edo etxeko inguruan erosketak egiteko dendak izatea ere errazagoa izango da gune trinkoetan, eta zailagoa Lakua, Zabalgana edo Salburua bezalako auzoetan. Horren ondorioz, Gasteizko auzo berrietan ia ezinbestekoa da automobila erabiltzea oinarrizko zerbitzuetara iristeko.
Auzo bakoitzaren populazio dentsitatearen grafikoan ikus daitekeen bezala, auzorik trinkoena Koroatzea da, hektareako 368 biztanle baititu. Ondoren, Alde Zaharrak ia 300 biztanle ditu. Hektareako 200-300 biztanleen tartean daude Pilar, Santa Luzia, Aranbizkarra, Done Jakue, Judimendi, Anglo-Vasco eta Arana. 150-200 tartean Babesgabetuak, Zabalgunea, San Kristobal, Lovaina, Zaramaga, Ariznabarra, Txagorritxu eta San Martin daude. Kontuan izan behar da zenbait auzotan (Zabalgunea, Babesgabetuak), zerbitzuen hornidurari dagokionez, dentsitatea baino garrantzitsuagoa dela hiri osoaren erakarmen gune direla.
Hortik behera, oinarrizko zerbitzuak auzoan bertan eta oinez iristeko moduan edukitzeko adina dentsitate duten auzoen muga hasten da. Hektareako 145 biztanle inguruan Sansomendi eta Adurtza ditugu, eta Arriaga-Lakua 118ko mailan. Gazalbide, Abetxuku, Zabalgana eta Salburua 100-80 tartean daude. Kontuan izan azken biak oraindik guztiz bukatu gabe daudela, baina orain arteko joerak -ekonomikoak, demografikoak- ikusita, ez dirudi denbora luzean osatuko direnik; eta osatzen badira ere, plangintzak dioena ikusita (familia bakarreko etxebizitza ugari, gune oso sakabanatuak...), gehien jota Lakua egun duen dentsitatera baino ez direla iritsiko.
Arantzabelak hektareako 63 biztanle ditu, Eharik 54 eta, oraindik dentsitate txikiagorekin, Mendizorrotzak 18 ditu. Agerikoa denez, oso zaila da toki horietan inork dendarik ireki dezan. Azkenik, nekazaritza eremuetan (oraindik ere Aretxabaleta-Gardelegi hor sar daiteke) jende gutxi eta herri txikietan bizi da.
Hiriaren erdigunea biztanleak galtzen ari dira, auzo berrien mesedetan
Bestalde, badago beste fenomeno bat, “hiri bakantzea” deitzen dena eta auzo zaharretako dentsitatea ere txikitzen duena. Familien tamaina gero eta txikiagoa denez, erdialdeko auzo asko jendea galtzen ari da. Zehatzago esateko: dagoeneko guztiz eraikita dauden auzo guztiak (gutxi gora-behera 1990. urtea baino lehenago sortutako guztiak) jendea galtzen ari dira, Arriaga-Lakua eta Sansomendi barne. Grafikoetan ikus daitekeen bezala, Arriaga-Lakuak 2012an lortu zuen goimuga, eta Sansomendik 2009an.
Hala ere, erdialdeko zenbait auzo dira beheranzko joera nabarmenena izan dutenak azken hamarkadetan. 2000tik 2010era, Gazalbide izan zen biztanle gehien galdu zituena (% 19 inguru), Arantzabelak % 17, Pilarrek % 16 eta Zaramagak % 15. 2010etik 2016ra, berriz, Adurtzak eta Gazalbidek % 13 inguru galdu zuten, eta Alde Zaharrak, Done Jakuek eta Santa Luziak % 12.
Haatik, azken bi urteetan joera aldaketa bat somatzen da erdialdeko zenbait auzotan. Judimendin, esaterako, biztanle kopurua igo egin da 2014tik hona; baita Arantzabelan eta Adurtzan ere. Ikusi beharko da datozen urteetan joera hori mantentzen den, baina ikusitakoak ikusita, badirudi momentuko zerbait izango dela.
Auzoak kontuan hartu gabe, errealitatetik hurbilago dagoen argazkia
Analisia auzoen mugen funtzioan egiten ez bada, Gasteizen biztanleak nola banatzen diren erakusten duen argazki zehatzagoa ikus daiteke. Horretarako, honako estekan mapa baten gainean ikus daiteke marraztuta populazio dentsitatea. Udalerri osoa laukitxotan zatituta, laukitxo bakoitzean zenbat jende bizi den kalkulatu da, eta algoritmo geografiko baten bidez emaitzak apur bat lausotu dira, begi bistaz hobeto ikusteko non pilatzen den biztanleria. Bigarren mapa honetan, berriz, azken 10 urteetan biztanleak non galdu diren eta non irabazi diren erakusten da.
Arriaga-Lakuan, esaterako, hiru gune bereiz daitezke: Arriaga herri zaharraren alboan dagoena oso trinkoa da; haren iparraldean eta Ibaiondo aldean sortu den txaleten gune berrian, berriz, dentsitate txikia dute; eta tarteko egoeran daude Eusko Jaurlaritzaren iparraldean dauden etxadiak. Sansomendin ere antzeko zerbait gertatzen da (gogoan izan Ibaiondoraino iristen dela Sansomendi): hegoaldean, Antonio Machado kalearen inguruan, dentsitatea handia bada, gero eta iparralderago joan, dentsitatea txikitzen doa, eta Ibaiondon ez da ia jenderik bizi.
Zabalganan populazioa bi ardatz geografiko nabarmenetan dago pilatuta (Nazio Batuen hiribidean eta Oion kalean zehar), eta gainerako lurraldea espazio hutsa da biztanle aldetik. Salburuan ere, Joan Karlos I. hiribidean zeharreko gunean izan ezik, gainerako populazioa Salburua bulebarrak osatzen duen ipar-hego ardatzean pilaturik dago. Ez dirudi egoera askoz hobetuko denik Salburuko eta Zabalganeko gainerako guneak eraikitzen direnean (inoiz eraikitzen badira), gehienak oso dentsitate baxuko gune gisa planifikatuta baitaude. Dentsitate altueneko hiriguneak bi dira nagusiki: Koroatzea auzoaren inguruneak, batez ere Larrugile kalea ardatz duten etxadiak; eta Done Jakue hiribidearen inguruak, bai hegoalderantz, Judimendi eta Santa Luzia auzoetan, bai iparralderantz, Done Jakue auzoan.
Dentsitate handiko beste gune batzuk hauek dira: Aranbizkarran Madril kalera begira dauden etxadiak; Arriagako parkearen iparraldean dagoen etxadi multzoa; eta Sansomendin, Antonio Machado kalean zehar eta Oto hiribidearen ertzean dauden etxadiak, baina azken horiek puntu isolatu gisa. Iparralde gizarte etxearen inguruko etxadi bat, Astronomoen eta Florida kaleen ertzean daudenak eta San Martinen zubi urdinaren alboan dagoena ere dentsitate handiko puntuak dira.
Nabarmena da nola zenbait tokitan jende gehiago bizi dela uste dugula gasteiztarrok, baina benetan dentsitate baxuko gunean diren. Horrelakoak dira Zaramagako zati handi bat, Dato kalearen inguruak, San Martineko maskorrak edo Gazalbide. Salburua eta Zabalgana ere, nahiz eta dorretxeak ikusita jende asko bizi dela dirudien arren, dentsitate baxuko tokiak dira. Baina mapan ikus daitekeen fenomenorik nabarmenetako bat, “hiri sateliteen” edo “lo hirien” sorrera da. Saihesbide zaharraren mugen barruan dagoen hirian jenderik gabeko espazioak ia existitzen ez badira eta “hiri jarraiaren” kontzeptua aski ongi betetzen bada, hortik kanpoko auzoetan asko dira hiri satelite gisa sailka daitezkeen tokiak. Lakua osoa, esaterako, beste hiri bat kontsidera daiteke, Arriagako parkeak eta Euskal Herria bulebarrean zehar dauden zerbitzuko lursailek (Eusko Jaurlaritzaren egoitzak, Txagorritxuko ospitaleak, etab.) erabat banatzen baitute hiriaren erdigunetik. Gauza bera gertatzen da Mariturrirekin, Arkaiaterekin, Elexalderekin eta Larreinekin. Nukleo horietako gehienek ez dute aski dentsitaterik bertan bizitza sortzeko eta oinarrizko zerbitzuak izateko, eta ezinbestez automobila behar dute zerbitzuak jasotzeko. Izan ere, auzo berri horien konfigurazio espaziala, batez ere automobilerako erreserbatu diren espazio erraldoien ondorioz, ez da egokiena kalean bizitza egiteko: dendara orgatxoarekin erosketak egitera joateko edo oinez egin behar den beste edozein betebeharretarako.