Bizikleta istripuen gatazka gune nagusiak bidegurutzeak dira Gasteizen

Txirrindularien istripuei buruzko hirugarren artikulu honetan, geografikoki gatazkatsuenak diren tokiak erakutsiko dira.

Lehen bi artikuluetan (bat eta bi) ikusi zen bizikleta ezbeharra izateko arrisku faktoreak zein diren Gasteizen, adinari, sexuari eta kaleko espazio publikoari dagokienez.

Gasteizko zein kaleetan daude istripu gehiago?

Zaila da esatea zein diren kalerik arriskutsuenak bizikletentzat, horretarako kale bakoitza zenbat txirrindularik erabiltzen duen jakin beharko bailitzateke. Hala ere, badago argi dagoen joera bat: arriskutsuak ez dira kaleak, bidegurutzeak baizik. Udalak argitaratutako ikerlanean erakutsi den mapan puntu horiexek ageri dira kolore gorriagoan.

Esan bezala, bidegurutzerik arriskutsuenak zein diren esateko, haietako bakoitzean zenbat txirrindulari eta zenbat auto igarotzen den jakin beharko litzateke. Hurbilketa bat eginez, intuizioari jarraituta, eta kalez kale begiratuta -suposa daiteke erdigunerantz doan kale batean zehar, esaterako, txirrindularien kopurua antzekoa izango dela bidegurutze guztietan-, badaude nabarmen daitezkeen zenbait bidegurutze. Horietako sei xehetasunez ikusiko ditugu ondoren.

Micaela Portilla kalea – Koldo Mitxelena kalea

Google Street View

Micaela Portilla kalean badago istripu asko gertatzen diren puntu bat, espaloitik doan bi noranzko bidegorriak Koldo Mitxelena kalearekin bat egiten duen tokian hain zuzen. Micaela Portillako gainerako bidegurutzeekin alderatuta, bi ezberdintasun ditu horrek: ez dago semaforizatuta, eta Marianistas ikastetxeko gurasoek Koldo Mitxelena darabilte autoz beren seme-alabak eskolan uzteko. Horren ondorioz, autoen pilaketak gertatzen dira bertan. Bestalde, bidegorria bi noranzkokoa denez, Koldo Mitxelenatik Micaela Portillara irteten diren autoek ez dituzte ikusten kontrako noranzkoan doazen bizikletak, ez baitute eskuinera begiratzen.

Arriagako atea – Juan Garai kalea

Google Street View

Abetxuku ingurutik eta Lakua-Arriagatik erdialderantz doazen txirrindulari asko puntu horretatik igarotzen dira, bai eta El Boulevar ingurua eta autobus geltokia lotzen dituen ardatzean ere. Hori dela eta, zaila da esatea pasabide horretan gertatzen diren ezbeharrak asko diren ala ez, egunero bertatik zenbat txirrindulari pasatzen diren jakin gabe.

Ezbeharren kontzentrazioa biribilgunearen iparreko bizikleta pasabidean dago gehien bat, Arriagako atea eta Agirrelanda kaleak bat egiten duten tokian. Puntu horretan bazegoen lehen arriskua handi zezakeen zirkunstantzia bat: oinezkoek eta txirrindulariek semaforoa berde zutenean, autoek anbar keinukaria zuten. Autoen fluxua hobetu eta erraztea helburu duen mota horretako seinalizazioak nahasgarriak izan daitezke zenbait auto gidarirentzat. Gaur egun bestelakoa da egoera, semaforoa gorri ipintzen da autoentzat. Ikusi beharko da, denborarekin, aldaketaren eraginez puntu horretan izandako bizikleta ezbeharrak jaisten diren.

Arriagako atea – Voluntaria Entrega kalea

Google Street View

Arriagako atean dagoen bi noranzko bizikleta bideak ere toki jakin batean metatzen ditu istripu gehien: Voluntaria Entrega kalearen bidegurutzean, Arriaga-Lakua auzotik autoek irteteko duten toki nagusietako batean. Goian aipatutako Koldo Mitxelena kaleak dituen ezaugarri bereko puntu bat dago. Voluntaria Entregatik irteten diren autoek alde batera soilik begiratzen dute, eta ez dira ohartzen beste noranzkoan ere txirrindulariak datozela. Semafororik gabeko bidegurutzea da, eta txirrindulariek lehentasuna dute pasabidean. Zoruan margotutako seinale horiaren bidez oso nabarmena da arretaz gidatu behar dela, baina hala ere indartsuagoa omen da gidariek alde batera soilik begiratzeko duten ohitura.

Forondako atea – Franzisko Xabier Landaburu kalea

Google Street View

Aurreko kasuan bezala, hemen ere bizikleta bide berezia dago txirrindularientzat, bi noranzkokoa, eta egoera paretsua da. Haatik, txirrindularientzako bide berezia izateak ez dirudi egokia denik haien segurtasuna bermatzeko bidegurutze horretan. Kasu honetan, gainera, hainbat seinale gehitzen joan dira denboran zehar, auto gidariak inguruan txirrindulariak dabiltzala kontzienteago izan daitezen. Zorua gorriz markatu da, zeharkako marra horiak margotu dira, autoen eskuineko erreian abiadura mugatu da, seinale bertikalak ere jarri dira... Hala ere, badirudi ez dela aski, eta akatsa bizikleta bidearen kontzepziotik beretik datorrela.

Forondako atea – Juan Garai kalea

Google Street View

Kasu honetan ere bizikleta bidea dago, Juan Garai kalea zeharkatzeko. Aurreko puntuekin alderatuta, badago desberdintasun handi bat, pasabidea semaforo bidez erregulatuta dagoela. Zaila da jakitea, Udalak txostenean eman dituen datuetatik abiatuta, zein den egoera arriskutsu nagusia. Izan daiteke bizikleta pasaeraren puntu nagusi bat dela, besterik gabe. Beste aukera bat da, beharbada, txirrindulariek ez dutela semaforoa errespetatzen. Datu gehiagorik gabe, ezin da esan bizikletentzako arriskutsuagoa denik puntu hori.

Iruñea kalea – Antonio Machado kalea

Google Street View

Azken puntu gatazkatsu bat aipatzearren, Lakuabizkarra auzoan dagoen honetaz arituko gara. Puntu hau ekarri dut, besteekiko desberdintasun bat duelako. Bi kale horietan zehar, eta auzo osoan oro har, ia ez dago bizikleta istripurik ikusten, mapari begiratzen badiogu. Beraz, badirudi zerbait gertatzen dela hor.

Bidegurutzearen ezaugarriak aztertuta, bi noranzko bidegorria ikusten da hor ere, baina gainera, bidegorriak gero kalearen erdibitzailetik jarraitzen du (hortaz, autoek eta bizikletek topo egiten duten bidegurutze gehiago daude), eta biribilgunera ematen duten kale guztiek autoentzako bi errei dituzte noranzko bakoitzean. Bizikletek lehentasuna dute pasabideetan, eta marra horiz markatuta daude pasabideok. Hala ere, ezbehar asko daude. Erreien zabalera eta kaleen luzera handiaren ondorioz, autoekk azkar ibili ahal dute. Bestalde, biribilgunea ere zabala denez, eskuinera biratzen duten autoek nahikotxo abiadura eraman dezakete.

Ezaugarri guztiak kontuan hartuta, bizikleta bideak arriskua gutxitu baino gehiago, badirudi handitu egiten duela. Bagirudi segurtasuna hobetzeko modu bat autoen zirkulazioa lasaitzeko neurriak hartzea izan daitekeela.

Ondoriorik?

Ondorio nagusia argia da, bizikleta ezbeharren kokapenari dagokionez: txirrindularientzako tokirik arriskutsuenak bidegurutzeak dira. Kalean zehar dabiltzanean, berriz, ez dute hainbeste arazorik izaten txirrindulariek.

Beste ondorio bat ere atera daiteke, aipatu diren sei puntuak ikusita: ezbeharren kontzentrazio puntu asko bidegorriak dira. Zehatzago esateko, kalea zeharkatzen duten bizikleta pasabideak.

Beraz, itxura batean mota horretako tokietan jarri beharko litzateke arreta, bizikleten istripuak murriztu nahi badira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago