Gasteizen bizikleta istripuen kopurua ez da erabilera adina igo

Adinekoek gazteek baino istripu gehiago izaten dituzte, eta gizonek emakumeek baino gehiago, baina emakumeen kopurua igotzen ari da.

Gasteizko Udalak argitaratutako azterlana oinarritzat hartuta, lehen artikulu batean bizikletaz ibiltzeko segurtasunari buruzko zenbait datu eman nituen. Bigarren honetan azalpenekin jarraituko dut, arreta adinean eta sexuan jarrita.

Benetan, gero eta bizikleta istripu gutxiago al daude?

Bizikletek jasaten dituzten ezbeharrak neurtzeko bi modu erakutsi ditu Udalaren azterlanak. Udalerrian urtero zenbat istripu diren zenbatu ditu, baina beste alde batetik, bizikletaz egiten diren 1.000 desplazamenduko zenbat istripu gertatzen diren ere esan du.

2008tik 2015era bizkoiztu baino gehiago egin da Gasteizen urtero gertatzen diren istripuak. 2010era arte 150 istripuren bueltan bazegoen kopurua, ordutik hona 350 izatera igaro da. Beraz, zenbaki absolutuak kalkulatuta, istripu gehiago daude.

Hala ere, kontuan izan behar da bizikletaren erabilera asko handitu dela azken hamarkadan. 2006ko mugikortasun inkestak egunero bizikletaz 19.051 joan-etorri egiten zirela kalkulatu zuen; 2014ko inkestak, berriz, 127.645 kalkulatu zituen. Horrek esan nahi du bizikletaren erabilera seikoiztu egin dela denbora tarte horretan.

Bi balioak gurutzatuta, ikus daiteke istripu tasa, alegia, bizikletaz egindako 1.000 desplazamenduko zenbat istripu dauden, jaitsi egin dela nabarmen. 2011n tasa hori 4,6koa bazen, hiru urte geroago 2,7ra jaitsi zen. Are gehiago, istripuen kopuru osoaren eboluzioa begiratuta, badirudi balioa egonkortzen hasi dela.

 

Urtea

2011

2014

Istripuen tasa

4,6

2,7

 

Oro har, bizikleten eta autoen arteko istripuak dira gehiengoa. Hala ere, beherakada nabarmena izaten ari dira mota horretako ezbeharrek, azken hiru urteetan % 70etik % 45era jaitsi baitira. Horren truke, txirrindularien erorketak gero eta gehiago dira, eta baita txirrindulariek oinezkoekin dituzten gorabeherak.

Txirrindulari gazteak al dira istripu eragile nagusiak?

Bizikletaz baldar eta arretarik jarri gabe dabiltzan gazteak izan ohi dira gasteiztarren jopuntu, txirrindulariek eragiten dituzten arazoaz hitz egiten denean. Udalaren ikerketak erakusten dituen datuek, ordea, ez dute eskaintzen horren irudi argia gazteen aurka.

Istripuen datuak eta mugikortasun inkestaren datuak gurutzatu dira, istripu gehien zein adin tartetan gertatzen diren ikusteko.

Adina

Mugikortasun inkesta 2014

Istripuak 2013-2015

0 - 19 urte

%35,1

%25,8

20 - 29 urte

%18,1

%19,5

30 - 49 urte

%31,7

%30,9

50 - 64 urte

%11,1

%17,3

>64 urte

%4

%5,4

 

Jende askoren pertzepzioak dioenaren kontrara, 19 urte arteko gazteek oso istripu gutxi izaten dituzte, adin horretako bizikleta erabilerarekin alderatzen bada. Adin tarte horretakoak dira txirrindularien % 35, baina istripuen % 26 soilik izan dituzte azken hiru urteetan. Ustekabea 50 urtetik gorakoen artekoak aztertzean dator. Guztira txirrindularien % 15 inguru badira, istripuetan % 23 dira adin horretakoak. 20 eta 49 urte artean, azkenik, istripuen ehunekoa eta erabiltzaileena paretsua da.

Gazteek jaso behar duten bide hezkuntzaren garrantzia gutxietsi gabe, aztertzeko moduko esparrua izan daiteke adinekoek biziketa nola erabiltzen duten, eta adin tarte horretara zuzendutako hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainak ez lirateke soberan egongo.

Gizonak arrikutsuagoak al dira bizikleta gainean?

Azterlaneko datuek diote gizonek bizikleta istripuen % 75 inguru izan dituztela azken zortzi urteetan, eta emakumeek % 25. Hala ere, parekatzeko joera dago, gero eta emakume gehiagok baitituzte arazoak bizikleta gainean. Azken hiru urteetan % 30era igo da istripua izan duten emakumeen kopurua.

Haatik, datu horiek, bere hartan, ez digute adierazten zein sexu den ezbehar gehiago pairatzen dituena. Pareka ditzagun datuok mugikortasun inkestak dioenarekin.

Sexua

Mugikortasun inkesta 2014

Istripuak 2013-2015

Emakumea

%36,1

%30

Gizona

%63,9

%70

 

Beraz, oraindik ere gizonek istripua izateko aukera gehiago dute. Ideia hori bat dator bide segurtasuna eta generoa uztartuz egin diren ikerketekin. Udalaren azterlanak dioen bezala, gizonek arriskuak okerrago neurtzen dituzte eta jarrera arriskutsuagoak izaten dituzte gidatzen dutenean (berdin dio autoa izan zein bizikleta izan).

Zein dira Gasteizko punturik arrikutsuenak bizikletentzat?

Hirugarren artikuluan, mapa batean erakutsiko ditut non kokatzen diren ezbeharrak eta zein puntutan dauden kontzentrazio handienak. Egon adi!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago