2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia

Erabakita geratu da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala. Martxoaren 16an Asier Otamendi, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Paula Amilburu eta Aroa Arrizubieta izango dira Principal Antzokian.

Azken txanpan murgildu da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. XVI. edizioa da aurtengoa, eta berrogei urte betetzen dira Arabako lehen txapelketa jokatu zela. Hemezortzi bertsolarik jokatu zuten lehen fasea, eta asteburu honetan amaitu da horietako hamabik jokatutako finalerdien fasea.

Larunbatean, martxoaren 2an, bigarren eta azken finalerdia jokatu da Dulantziko Kultur Etxean. Manex Agirrek Aramaioko finalerdia irabazi ostean, Asier Otamendik (Urretxu/Gasteiz) bereganatu du martxoaren 16an Principal Antzokian jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Finalerdien bigarren saio honetan, Aitor Ugarte (Aramaio), Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Izar Mendiguren (Laudio), Paula Amilburu (Aramaio) eta Xabi Igoa (Aramaio) aritu dira jokoan, Otamendirekin batera.

Bigarren fase honetan, hamalauna bertso puntuagarri kantatu dituzte bertsolariek, eta bakarkako lana ganbarakoa izan da. Ariketa guztiak egin ondoren, puntuazioak honakoak izan dira:

  • Asier Otamendi: 366,5 puntu
  • Paula Amilburu: 353,5 puntu
  • Aroa Arrizubieta: 352,5 puntu
  • Xabi Igoa: 346,5 puntu
  • Aitor Ugarte: 339 puntu
  • Izar Mendiguren: 303 puntu

Hamaihiru lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik, Marta Ugarte Abasolo (Artea/Gasteiz) izan da Dulantziko aurkezlea. Bigarren fasean, final laurdenetako epaimahaia osatu dute Mikel Fernandez de Arroiabe, Fernando Sopelana, Iker Elexpuru eta Aitor Jimenez Tolosanak, eta Endika Jimenez Enbeita idazkari lanetan aritu da.

Finala

Hurrengo saioa finala izango da, martxoaren 16an Gasteizko Principal Antzokian, 17:30etik aurrera. Bi finalerdietako puntuazioaren hurrenkeran osatu da finala, beraz, Asier Otamendi, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Paula Amilburu eta Aroa Arrizubieta lehiatuko dira 2024ko Arabako txapela lortzeko. Sarrerak laster izango dira eskuragarri www.bertsosarrerak.eus atarian.

Informazio eta argazki gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA

Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio:

  • Final laurdenak:
    • Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
    • Otsailak 4, igandea: Oion (jokatuta)
    • Otsailak 11, igandea: Laudio (jokatuta)

  • Finalerdiak:
    • Otsailak 24, larunbata: Aramaio (jokatuta)
    • Martxoak 2, larunbata: Dulantzi (jokatuta)

  • Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian

Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.

Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago