2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Manex Agirrek irabazi du Aramaioko finalerdia

Larunbatean jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketaren lehen finalerdia, Aramaioko Kultur Etxean. Manex Agirre aramaioarrak irabazi du martxoaren 16an jokatuko den finalerako lehen txartela.

Martxa hartuta, aurrera doa 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. XVI. edizioa da aurtengoa, eta berrogei urte betetzen dira Arabako lehen txapelketa jokatu zela. Azken edizioetan irudikatutako ibilbideari jarraiki, Arabako bertsolaritzaren gailurrak irudikatzen dituen paisaia prest, hemezortzi bertsolarirekin jokatu da final laurdenen fasea.

Orain, lehen fasea amaituta, finalerdien ordua iritsi da. Otsailaren 24an, larunbatean, lehen finalerdia jokatu da Aramaioko Kultur Etxean, eta bigarren saioa Dulantzin izango da. Finalerdien lehen saioan, Eli Zaldua Barquin (Gasteiz), Unai Anda Delika (Ametzaga), Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku), Ekaitz Samaniego Curiel (Gasteiz), Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio) eta Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio) aritu dira jokoan.

Bigarren fase honetan, hamalauna bertso puntuagarri kantatu dituzte bertsolariek, eta bakarkako lana ganbarakoa izan da. Ariketa guztiak egin ondoren, Manex Agirrek lortu du puntu gehien, Gasteizko Principal Antzokian martxoaren 16an jokatuko den finalerako lehen txartela eskuratuz. Bi finalerdietako puntuazioaren hurrenkeran osatuko da finala. Eta lehen saioko puntuazioak ondorengoak izan ziren:

  • Manex Agirre: 372 puntu
  • Peru Abarrategi: 365,5 puntu
  • Iñaki Viñaspre: 354 puntu
  • Unai Anda: 337 puntu
  • Eli Zaldua: 331,5 puntu
  • Ekaitz Samaniego: 305 puntu

Hamaihiru lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik, Etxaun Otaño Zinkunegi izan da Aramaioko aurkezlea. Bigarren fasean, final laurdenetako epaimahaia osatuko dute Mikel Fernandez de Arroiabe, Fernando Sopelana, Iker Elexpuru eta Aitor Jimenez Tolosanak, eta Endika Jimenez Enbeita idazkari lanetan arituko da.

Hurrengo saioa martxoaren 2an Dulantzin izango da, 17:30etik aurrera Kultur Etxean.

Informazio eta argazki gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA

Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio izango dira:

  • Final laurdenak:
    • Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
    • Otsailak 4, igandea: Oion (jokatuta)
    • Otsailak 11, igandea: Laudio (jokatuta)

  • Finalerdiak:
    • Otsailak 24, larunbata: Aramaio (jokatuta)
    • Martxoak 2, larunbata: Dulantzi

  • Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian

Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.

Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago