2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Dulantzin jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalerdia

Dulantzin arituko diren sei bertsolariak. Argazkiak: Arabako Bertsozale Elkartea

Aitor Ugarte, Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Paula Amilburu eta Xabi Igoa arituko dira Dulantziko Kultur Etxean, Arabako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalerdian.

Arabako Bertsolari Txapelketaren XVI. edizioa aurrera doa, lehen txapelketa jokatu zenetik 40 urte bete diren urtean. Hiru final laurdenen ostean, larunbat honetan, otsailaren 24an, Aramaioko Kultur Etxean jokatuko da lehenengo finalerdia, 17:30etik aurrera.

Kantatuko duten bertsolariak honako hauek dira:

  • Aitor Ugarte Eriz (Aramaio): 2018 eta 2020ko Arabako Eskolarteko txapelduna.
  • Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz): 2016, 2017 eta 2019an Arabako Eskolartekoa irabazi zuen. 2017an, Euskal Herriko Eskolartekoa irabazi zuen lehenengo arabarra izan zen. 2019an parte hartu zuen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan, eta finalista izatera iritsi zen.
  • Asier Otamendi Alkorta (Urretxu/Gasteiz): 1997-2001 San Prudentzio Sariketan bost aldiz txapeldun. 2002, 2004, 2005 eta 2008ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna.
  • Izar Mendiguren Cosgaya (Laudio): 2005eko Arabako Eskolarteko Txapelketan parte hartu zuen, eta irabazi egin zuen. 
  • Paula Amilburu Izargarai (Aramaio): 2012an Arabako Eskolarteko txapelketako txapelduna, eta 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalista.
  • Xabi Igoa Eriz (Aramaio): 2010, 2018 eta 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan, Aramaioko hainbat talde txapelduneko kide izan da. Arabako Bertsolari Txapelketako finalista izan da 2015ean, 2017an, 2019an eta 2022an.

Gai emailea Marta Ugarte Abasolo (Artea/Gasteiz) izango da. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke, saioaren eguneko 16:30ak arte. Sarrerarik geldituko balitz, 16:40an zabalduko litzateke txarteldegia. Aretoko ateak 17:10ean irekiko dituzte.

ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA

Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio:

  • Final laurdenak:
    • Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
    • Otsailak 4, igandea: Oion (jokatuta)
    • Otsailak 11, igandea: Laudio (jokatuta)

  • Finalerdiak:
    • Otsailak 24, larunbata: Aramaio (jokatuta)
    • Martxoak 2, larunbata: Dulantzi

  • Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian

Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.

Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago