Arabako Bertsolari Txapelketaren XVI. edizioa aurrera doa, lehen txapelketa jokatu zenetik 40 urte bete diren urtean. Lehen finalerdian Peru Abarrategik Izarran eta bigarrenean Aroa Arrizubietak Oionen lortutako garaipenen ostean, igande honetan, otsailaren 11n, Laudioko Kasinoan jokatuko da hirugarren final laurdena, 17:30etik aurrera.
Kantatuko duten bertsolariak honako hauek dira:
- Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku): 2002an eta 2003an, Arabako Eskolarteko Txapelketan txapeldun. 2004tik Arabako Bertsolari Txapelketan finalista, eta 2019ko txapelduna. 2023 Arabako Kuadrillartekoa irabazi zuen Katuko Muñoak taldearekin.
- Izar Mendiguren Cosgaya (Laudio): 2005eko Arabako Eskolarteko Txapelketan parte hartu eta irabazi zuen.
- Felipe Zelaieta Txurruka (Mallabia/Gasteiz): Mallabiatarra (Bizkaia) sortzez, baina Gasteizen bizi da. Arabako Bertsolari Txapelketan, Kuadrilla artekoan eta plaza saio askotako bertsolaria da. 2012tik Bertsoaren Saltsan Bertso-Eskola irakaslea da. Zenbait urtez, Arabako Bertsolari Txapelketan antolakuntza lanean jardun du.
- Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio): 2021eko Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen, Manex Agirrerekin bikotea osatuz.
- Asier Otamendi Alkorta (Urretxu/Gasteiz): 1997-2001 San Prudentzio Sariketan bost aldiz txapeldun, eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna izan da 2002, 2004, 2005 eta 2008an.
- Unai Anda Delika (Ametzaga): 2013an hasi zen bertso eskolan, Uxue Diaz de Ceriorekin. 2014ko eskolartekoan kantatu zuen lehen aldiz. Egun Bertxoko sariketan eta Arabako Kuadrillartekoan parte hartzen du. 2019an Arabako Bertsolari Txapelketan kantatu zuen lehenengoz.
Gai emailea Oier Azkarraga Grajales (Zuia) izango da. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke, saioaren eguneko 16:30ak arte. Sarrerarik geldituko balitz, 16:40an zabalduko litzateke txarteldegia. Aretoko ateak 17:10ean irekiko dituzte.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.
ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA
Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio izango dira:
- Final laurdenak:
- Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
- Otsailak 4, igandea: Oion (jokatuta)
- Otsailak 11, igandea: Laudio
- Finalerdiak:
- Otsailak 24, larunbata: Aramaio (oraingoz, Peru Abarrategi sailkatuta)
- Martxoak 2, larunbata: Dulantzi (oraingoz, Aroa Arrizubieta sailkatuta)
- Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian
Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.
Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.
Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.