2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Abiatzear da Arabako Bertsolari Txapelketa

2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finala. Argazkia: A.B.E.

Peru Abarrategi, Paula Amilburu, Danel Herrarte, Eli Zaldua, Aitor Ugarte eta Ekaitz Samaniego ariko dira igande honetan, urtarrilaren 28an, Izarran, Arabako Bertsolari Txapelketaren lehen final laurdenean.

Igande honetan hasiko da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa, Izarran. Oion, Laudio, Aramaio eta Dulantzitik pasako da gero, eta Gasteizko Principal antzokian izango du helmuga. Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte.

40. urteurrena ikus daiteke txapelketari buruz jakin beharreko guztiak jasotzen dituen liburuxkaren azalean, nabarmenduta. 1984an egin zen lehenengo Arabako Bertsolari Txapelketa, eta urteurren borobila da aurtengoa, ondorioz.

Lehenengo edizio hartatik hona gauzak asko aldatu direla ia ez dago esan beharrik: gizartea bera aldatu da, Araban euskarak eta bertsolaritzak duten presentzia aldatu da, eta txapelketak duen funtzioa eta pisua ere aldatu egin da. Atzera begira jartzeak perspektiba ematen du, eta horixe da gaur egun txapelketa zer den eta zer esan nahi duen ulertzeko modurik onena.

Hemezortzi parte hartzaile abiatuko dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetakoan: orain dela bi urteko edizioan finalera iritsi eta aurten izena eman dutenak, eta 2023ko udazkeneko kanporaketa fasean aurrera egin zutenak. Bertsolarien artean, jada beterano izendatu ditzakegunez aparte, nabarmendu beharra dago parte hartzaile gazteen kopurua eta, bereziki, gazte horiek gaur egungo Arabako plazetan duten presentzia.

Txapelketaren hasierako fasetik saio orekatuak aurreikusi daitezke, eta baita borroka bizia ere, fasez faseko langa pasatzerako orduan. Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.

Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. 40. urteurrenak ez zuen luxu txikiagorik merezi.

 

Lehen saioa, Izarran

Urtarrilaren 28an, igandean, 17:30ean Izarrako Kultur Etxean jokatuko da lehenengo final laurdena. Kantatuko duten bertsolariak honako hauek dira:

  • Aitor Ugarte Eriz (Aramaio): 2018 eta 2020ko Arabako Eskolarteko txapelduna.
  • Danel Herrarte Nafarrate (Aramaio): 2020ko Kudrillartekoan irabazi zuen, Aramaioko Izenbakuek taldearekin (Peru Abarrategirekin batera). 
  • Ekaitz Samaniego Curiel (Gasteiz): 2023an Kuadrillartekoa irabazi zuen, Katuko Muñoak taldearekin (Eli Zalduarekin batera).
  • Eli Zaldua Barquin (Gasteiz): 2023an Kuadrillartekoa irabazi zuen, Katuko Muñoak taldearekin (Ekaitz Samaniegorekin batera).
  • Paula Amilburu Izargarai (Aramaio): 2012an Arabako Eskolarteko txapelketako txapelduna, eta 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalista.
  • Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio): Arabako Eskolarteko Txapelduna, 2013an eta 2014an; 2020ko Kudrillartekoan irabazi zuen, Aramaioko Izenbakuek taldearekin (Danel Herrarterekin batera); eta 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna da. 

Gai emailea Olatz Santocildes Martinez (Izarra) izango da. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke, saioaren eguneko 16:30ak arte. Sarrerarik geldituko balitz, 16:40an zabalduko litzateke txarteldegia. Aretoko ateak 17:10ean irekiko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago