Arabako Bertsozale Elkarteak igande honetan aurkeztu du Arabako Bertsolari Txapelketaren 2024ko edizioa, Baranbioko Garrastatxu txokoan (Amurrio). Hamaseigarren edizioa izango da aurtengoa, eta, gainera, 1984an antolatutako lehen Arabako Txapelketaren 40. urteurrena ospatuko dute. Egoitz Iradier elkarteko sustapen arduradunak eta Patxi Aizpurua lehen txapelketako partaidea eta elkarteko idazkariak eman dituzte aurtengo norgehiagokaren zein urteurrenaren inguruko xehetasun guztiak.
Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izango da, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio izango dira:
- Final laurdenak:
- Urtarrilak 28, igandea: Izarra (Kultur Etxean)
- Otsailak 4, igandea: Oion
- Otsailak 11, igandea: Laudio
- Finalerdiak:
- Otsailak 24, larunbata: Aramaio
- Martxoak 2, larunbata: Dulantzi
- Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian
Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari lehiatuko dira: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.
Horrez gain, txapelketan zehar bederatzi epaile izango dira, hamahiru gai jartzailek taldean gaiak sortuko dituzte, eta azken horietako sei lagun izango dira aurkezle jokatuko diren sei saioetan.