Horixe izango da, seguru asko, Arabako bertso eskoletan irailaren hasieran gehien entzun den esaldia. Ez da harritzekoa: urriaren 20an hasiko dira 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketara sailkatzeko kanporaketak. Tenperatura hozten hasten den garaian, bertsolariak berotzen hasteko sasoia hasten da.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda, bertso bina zortziko txikian; bakarka, gaia emanda, bertso bina neurri librean. Guztira, hamar bertso puntuagarri. Horixe da urriko azkeneko bi asteburuetan 24 parte hartzaileek egin beharko dutena. Jokoan, 2024ko urtarrilean hasiko den Arabako Txapelketan parte hartzeko 13 aukera, 13 txartel. 2022ko txapelketan finalista izan ziren seikotetik bost lagunek eman dute izena edizio berri honetan, eta, beraz, bost horiekin osatuko da txapelketan kantatuko duten hemezortzi bertsolariko taldea.
Lurraldeko geografia luze-zabala hartuko dute kanporaketek. Aiaraldean izango da lehenengo saioa, urriaren 20an, Izorian, bertako zentro sozialean. Arabako Errioxara egingo du salto hurrengo egunean, Guardiako Antonio Mijangos Kultur aretora. Eta bigarren asteburuan, berriro hitzordu bikoitza: urriaren 28an, Gorbeialdean, Legutioko kultur etxean, eta urriaren 29an, Lautadan, Araiako udaletxean. Parte hartzaileen artean ere, aniztasuna nagusi: txapelketan esperientzia luzea duten beteranoetatik hasi, hain ibilbide luzea egin gabe txapelketa ederki ezagutzen dutenetatik pasa, eta lehenengo aldiz parte hartuko dutenen taldetxora iritsi arte.
Sarrerak bertsosarrerak.eus helbidean har daitezke, eta lekuan bertan ere egongo dira salgai. Hastea besterik ez da falta. Bertso-eskoletan ohikoa den "hasi berotzen!" horrek erreferentzia egiten die, zeharka, bertsozaleei ere. Has dadila bertso-mundu osoa beroketa-ariketak egiten.