Bi fase horietatik apur bat izango du Laudioko BHIko kiroldegian jokatuko den finalak: bertso-poteoa eta bazkaria izango dira, hasteko, eta oholtza gaineko finala, bukatzeko. Txapelketaren amaieraraino iritsi diren hiru taldeak izango dira honetan protagonista: Aramaioko Izena Pentsau Bida, eta Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak.
Aniztasuna da kuadrillarteko txapelketaren ezaugarrietako bat. Errexala taldeko Marta De Pedis, adibidez, 2022an hasi zen bertso eskolan, eta hau izan du lehenengo txapelketa. Aldiz, Izena Pentsau Bida taldeko Martin Abarrategi eta Katuko Muinoak taldeko Xabier Antia beteranoagoak dira.
Aurtengo edizioan izena emateko arrazoiez galdetuz gero ere, askotarikoak dira erantzunak: Martin Abarrategik "bertso eskolako zein gertuko lagunekin plazan kantatzeko gogoa" aipatu du, Xabier Antiak kuadrillarteko giroa bera azpimarratu du, eta "ezohiko txapelketa" izatea. Marta De Pedisentzat garrantzitsua izan da taldean jardutea, babestuta eta animatuta sentiarazi dutelako. Taldearen pisua nabarmentzerako orduan bat egiten dute beste bi taldeetako ordezkariek ere.
Talde bakoitzak finalari zer emango dion galdetuta, nahikoa ados daude hirurak: "alaitasuna eta gozamena" ekarriko du Errexalak, De Pedisen ustez; "umorea eta freskura" Izena Pentsau Bida-k, Abarrategiren esanetan; eta Katuko Muinoak taldea txispa jartzera joango dela dio Antiak. Aitzakiarik ez dago, beraz, larunbat honetan bertsoaz eta egun eder batez gozatzeko.