Urtarrilaren 27an abiatu eta martxoaren 25ean bukatuko da Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketaren VII. edizioa. 280 lagun baino gehiago arituko dira aurten Arabako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazteko helburua duen txapelketan.
"Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, eta lehia baino gehiago gozamena izango du ardatz, guztiaren oinarria auzolana delako", aldarrikatu du koordinazio orokorra eta saretze lanaz arduratuko den Arabako Bertsozale Elkarteak. Bitartean, txapelketan parte hartuko duten 12 taldeak izango dira antolatzaileak; talde bakoitzean 10-13 partaide izango dira: gai-jartzailea, epailea, 3-6 bertsolari, kronikagilea, argazkilaria, musikariak eta sukaldariak. Arlo teknikoan, berriz, Arabako gai-jartzaile taldea, epaile taldea eta Elkarteko lantaldearen laguntza izango dute.
Asteburu honetan jokatuko dira lehen fasearen lehen lau saioak:
- Urtarrilak 27, ostirala, Oiongo Bazterra aretoan 19:30ean, E ligako saioa: Txandrio (Arabar Errioxa) VS Katuko muinoak (Gasteiz). Ondoren afaria izango da Azkenak Elkartean. Idatzizko modalitatean: Txandrio Bertso Eskolako lagunak.
- Urtarrilak 27, ostirala, Gasteizko Armentia Ikastolan, B ligako saioa: Bertxilika (Gasteiz) VS Egurrak eta ezpalak (Lautada). Afaria izango da eta 20:00etan hasiko da. Idatzizko modalitatean: Bertxilika Bertso Eskolako 3 talde, LH 4, LH 5-6 eta DBH 1.
- Urtarrilak 27, ostirala, Gasteizko Errexala Elkartean, D liga saioa: Errexala (Gasteiz) VS Beeeeeeertsolariak (Lautada). Afaria izango da eta 20:00etan hasiko da. Idatzizko modalitatean: Gasteizko Iparralde gizarte etxeko bertso lantegiko kideak.
- Urtarrilak 29, igandea, Laudioko Aiaraldeko Ekintzen Faktorian, A liga saioa: Altubepekoak (Aiaraldea) VS Izena pentsau bida (Aramaio). Bazkaria izango da eta 14:00etan hasiko da. Idatzizko modalitatean: Zaballako espetxeko bertso eskola.
Kuadrillartekoak hiru fase izango ditu:
- Lehen fasea: urtarrilaren 27tik otsailaren 11ra arte. Taldeak hiru taldeko lau ligatan banatu dira. Bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera, eta bi sailkapen orokorraren arabera.
- Finalaurrekoak: otsailaren 26an Agurainen, martxoaren 4an Bastidan eta martxoaren 12an Zuian. Bakoitzean bi talde ariko dira, eta saio bakoitzaren irabazlea sailkatuko da finalera.
- Finala: martxoaren 25ean izango da, Laudion.
Saio guztietan, beste 16 bertso sorta taldeak arituko dira bertsoak aurretik prestatuta kantatuz lehenengo fasean, eta batzuk martxoaren 25ean Laudion.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.