Maeztun abiatu da Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa

Maeztun elkartu ziren larunbatean Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketaren VII. edizioan parte hartuko duten bat-bateko taldeen ordezkariak. 280 lagun baino gehiago arituko dira urtarrilaren 27tik martxoaren 25era bitartean.

Larunbatean aurkeztu zen Maeztun Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa, taldekako egitasmoa. 2010eko txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, eta aurten zazpigarren edizioa izango da.

2018 eta 2020ko bideari eutsita, txapelketa formatua izango du aurtengoak ere, eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzea. Taldeka parte hartzen da txapelketa honetan, bi modalitatetan: bat-batekoan eta idatzizkoan.

Bat-batekoari dagokionez, hamabi talde osatu dira. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan, eta, horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 laguneko taldeek parte hartzen dute. Taldeak antolatzaile ere badira, beren herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratzen dira eta. Aurten, guztira, 64 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan, hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari, musikari... Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Arabako Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde).

Idatzizko modalitatea ere antolatu da, eta 16 taldek hartuko dute parte: gazte asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean. Bat-bateko modalitatearen saioak egiten direnenean parte hartuko dute talde hauek.

Bat-batekoa eta idatzizkoa kontuan hartuta, guztira, 280 parte-hartzaile ariko dira funtzio desberdinetan, aurtengo Kuadrilla Artekoan.

EGUTEGIA | Urtarrilaren 27tik martxoaren 25era

Bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko antolakuntza konpartitua, izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta, urtarrilaren 27tik martxoaren 25era bitarte luzatuko da aurtengo edizioa:

Kanporaketak (12 saio)
  • Urtarrilak 27, hiru saio: Gasteiz (bi saio) eta Oion.
  • Urtarrilak 29: Laudio.
  • Otsailak 3: Gasteiz.
  • Otsailak 4: Aramaio eta Agurain.
  • Otsailak 5: Narbaxa.
  • Otsaila 10: Aramaio (bi saio).
  • Otsailak 11: Murgia eta Korres.
Finalaurrekoak (3 saio)
  • Otsailak 26, igandea, 1. finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten.
  • Martxoak 4, larunbata, 2. finalaurrekoa: Bastidako Kultur Etxean.
  • Martxoak 12, igandea, 3. finalaurrekoa: Murgia, Zuiako udaletxean.

Finala

  • Martxoak 25, larunbata, Laudion

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago