Alta Felicitá jaialdia, Val di Susan (Italia)
2016. urteaz geroztik, Venaus herrian, hasiera batean Susako Harana zeharkatuko zuen AHTaren obren aurkako Alta Felicità jaialdi herrikoi erraldoia egiten da.
2005. urtean liskar larriak bizi izan ziren polizia okupatutako lurrak utzaraztera joan zenean
Frantziako mugatik gertu dagoen haran txiki honetan, 2005. urtean liskar larriak bizi izan ziren polizia okupatutako lurrak utzaraztera joan zenean, hasiera bateko esplorazio-tunelaren obrak hasi behar ziren eremuan hain zuzen ere.
Azkenik, poliziaren errepresio bortitzaren aurrean, han elkartutako ibarreko bizilagunek eta nekazariek, ingurumenaren aldeko mugimenduek, komunistek, anarkistek eta elkarte katolikoek, lurrak uztea saihestu zuten. Une horretatik aurrera, Venaus herriak balio sinboliko handia hartu zuen AHTrik EZ mugimenduarentzat, obra geldiaraztea lortu zelako. Garaipen honengatik, hain zuzen ere, 2016az geroztik eta urtez urte, Alta Felicità festibala ospatzen da uztaileko azken asteburuan.
Alta Felicità bailarako jendearen borondatezko partaidetzarekin, makroproiektu honen aurka antolatutako herri mugimendu ezberdinekin, eta Turineko Askatasuna etxe sozialarekin batera antolatzen da. Autogestionatua den jaialdi honen ezaugarri nagusienak honako hauek dira: ingurumenarekiko errespetua, lurraren defentsa, herri-partaidetza eta Lyon eta Turin arteko abiadura handiko trenaren proiektuari buruzko informazio-gune bihurtzea.
NO TAV mugimenduak babes anitza eta zabala dauka, inguruko haranetan, Italia osoan eta baita Europa mailan ere
Hurbiltzen direnei proiektuaren bilakaera eta eskaintzen zaion erresistentzia ezagutarazteko balio duen ekimena da jaialdi hau. Bertaratu ahal izan garen Araba Bizirik-eko kideok egiaztatu ahal izan dugun bezala, NO TAV mugimenduak babes anitza eta zabala dauka, inguruko haranetan, Italia osoan eta baita Europa mailan ere.
Asteburuan zehar hainbat jarduera antolatzen dira: azpiegitura handien aurkako borrokak zabaltzeko hitzaldiak, egungo sistema kapitalistaren egiturazko krisi sozioekologikoaren inguruko eztabaidak, liburuen aurkezpenak eta erakusketak. Egun bakoitzaren amaieran, hainbat kontzertu ematen dira, non musika taldeek beraien borondatez eta doan babesten duten ekimena.
Araba Bizirik-ek modu aktiboan parte hartu du edizio honetan. AHTrik EZ mugimenduaren barruko kolektibo ezberdinekin eta haraneko nekazariekin bildu gara. Horrela, 30 urte baino gehiago iraun duen borrokaren egungo egoeraren berri eman digute bertatik bertara.
Araba Bizirik-ek modu aktiboan parte hartu du edizio honetan
Larunbatean, uztailaren 30ean, urtero egiten den eta oso jendetsua izan zen manifestazio jendetsua egin zen jaialdiaren esparrutik bertatik abiatuta, poliziak 2021az geroztik okupatua duen San Didieroko autoportuaren proiekturaino (kamioietatik trenbidera salgaiak transferitzeko poligonoa). Manifestazioan bertan, tokiko herritarren inplikazio maila izugarria egiaztatu ahal izan genuen, bai eta proiektu suntsitzaile horren aurkako sentsibilizazio maila ere.
Azkenik, aipatu bi bisita egin genituela AHTaren obren eremuaren barruan dauden nekazaritza ustiategietara, eta haien inguruan bizi duten polizia-kontrola ikusi ahal izan genuen. Bertako nekazariek beraien lurraldea defendatzeko egunero egiten duten ahalegin eta inplikazio maila izugarria da, baita haien inguruan elkarri laguntzeko sortutako sare autogestionatua ere. Berau gure ingurunea mehatxatzen duen espoliazioaren aurkako beharrezko borrokarako eredugarria ikusten dugu.
Bertako nekazariek beraien lurraldea defendatzeko egunero egiten duten ahalegin eta inplikazio maila izugarria da
Amaitzeko, bizipen honek honakoa egiaztatzeko balio izan digu: lurraldearen eta ingurumenaren aurkako erasoek ez dutela mugetaz ulertzen, makroproiektuak diru publikoa erakartzeko aitzakia baino ez direla (bai Susan, bai Euskal Herrian eta baita mundu osoan ere), eta herri erantzuna eta erantzun antolatua direla iruzur horiek geldiarazteko bide bakarra.
No TAV mugimenduaren historia
Duela bi urte bezala, AHTaren aurkako mugimenduko eta Araba Bizirik-eko kideak, Sukar Horia taldeko kideekin batera, Val di Susara etorri gara. Susako harana Italiako Alpeetan dago, eta hiru hamarkada daramatza borrokan Turin eta Lyon hiriak lotzeko eraiki nahi duten AHT linea baten aurka. Gaur egun, proiektu honen aurrekontua 26.000 milioi eurokoa da, 270 kilometroko luzera izatea aurreikusten da, eta 57,5 kilometroko tunel baten bidez zeharkatuko lituzke Alpeak.
Susako haranak hiru hamarkada daramatza borrokan Turin eta Lyon hiriak lotzeko eraiki nahi duten AHT linea baten aurka
90. hamarkadaren hasieran, bailarako eta gertuko Turin hiriko biztanleak NO TAV mugimenduaren inguruan antolatu ziren, proiektu horrek ekarriko zituen kalteen aurka agertzeko. Horiek guztiak Natura Torinoren Aldeko Elkarteak egindako dokumentu luze batean jasotzen dira, azpiegitura hori ez egiteko 150 arrazoirekin. Txosten horrek ingurumenean, pertsonen osasunean, ekonomian eta gizartean izango lituzkeen inpaktuak zerrendatzen ditu, eta AHTarekin saltzen diguten aurrerapenaren ideia desmuntatzen du. Gainera, kontuan izan behar da Turin eta Lyon arteko trenbide-sare bat martxan dagoela, pertsonak eta merkantziak garraiatzen dituena.
Mugimenduaren borroka molde nagusietako bat AHTaren obrak proiektatzen dituzten lurrak okupatzea izan da. Zeregin horietako bat Venausekoa da, eta haranean bertan eraiki nahi zuten lehen tunel geognostikoa, 2005ean, poliziak indarrez hustu zuena. Bi egun geroago, 30.000 pertsona baino gehiagoko manifestazio handi batean berreskuratu zuten. Horren ondoren, gobernuak tunelaren proiektua aldatzea erabaki zuen, Chiomonte herritik hurbilago dagoen eremu isolatu batera.
Mugimenduaren borroka molde nagusietako bat AHTaren obrak proiektatzen dituzten lurrak okupatzea izan da
Chiomonteko tunela zulatzen hasi behar zutenean, 2011ko maiatzean, NO TAV mugimenduak obren eremu berria hartu zuen eta Madalenaren Errepublika Askea izendatu zuten, partisanoek nazien lurraldeak berreskuratzen zituztenean bezala. Okupazio horrek bi hilabete iraun zuen, harik eta 2.500 poliziak oso bortizki hustu zuten arte; besteak beste, 2.000 ke-pote baino gehiago bota zituzten, askotan pertsonei zuzenduta, eta zauritu larriak eragin zituzten.
Gertatutakoari erantzuteko, AHTren Aurkako Batzordeek beste protesta manifestazio bat antolatu zuten uztailaren 3an, Chiomonten, eta 60.000 lagun inguruk parte hartu zuten, horien artean haraneko udalerrietako alkate asko. Egun horretan bertan, kanpalekua hartu zuen berriro eta istilu handiak sortu ziren. 200 zauritu baino gehiago zenbatu ziren, eta bost pertsona atxilotu zituzten. Horrekin guztiarekin, manifestariek ez zuten helburua lortu, eta poliziak kanpalekua zein inguruak kontrolatu zituen.
Manifestariek ez zuten helburua lortu, eta poliziak kanpalekua zein inguruak kontrolatu zituen
Handik aurrera, ingurua militarizatu zuten, hesiak, kontzertinak, segurtasun kamerak eta gau osoan piztuta dauden argi foku indartsuak jarriz, bailara osoan aurrera eraman duten obra bakarra babesteko. Obra hau 7 kilometroko tunel geognostiko bat da, 57 kilometroko tunel nagusia egin ahal izateko harkaitzaren konposizioa ezagutzeko bakarrik balio duena.
Lan horiekin frogatu ahal izan dute mendiak amianto eta uranio kantitate handiak dituela. Horrek eragina izan du dagoeneko tunela zulatu duten langileengan eta bailarako biztanleengan; izan ere, tuneletik ateratako materialek hauts-hodeiak sortzen dituzte substantzia kantzerigeno horiekin.
Iaz, Covid 19aren murrizketak aprobetxatuz, poliziak bigarren eremu bat okupatu zuen San Didero herrian, kamioiak aparkatzeko eta salgaiak AHTra transferitzeko poligono bat eraikitzeko aitzakiarekin. 68.000 metro koadroko lursaila da, eta bertan hormigoizko gotorleku bat, hesiak eta alanbreak jarri dituzte, lehen bost hektarea zuhaitz zituen lekuan. Orain arte ez dute obrarik egin, baina 5 milioi euro baino gehiago gastatu dituzte gotorlekua eraikitzeko eta zaintzeko. Alta Felicità jaialdiaren aurtengo edizioan martxa handi bat egin da gune militarizatu horretara.
Alta Felicità jaialdiaren aurtengo edizioan martxa handi bat egin da gune militarizatu horretara
Horrekin guztiarekin, ikusi ahal izan dugu proiektu hau diru publikotik milaka milioi euro esku pribatuetara bideratzeko proiektua dela, haranarentzat ondorio larriak dituena.
Gainera, NO TAV mugimenduari esker, soilik harkaitzaren osaera ezagutzeko balio duen tunel bat eraikitzea lortu dute, proiektatutako 57 kilometroko tunel nagusia eraiki ahal izateko.