Gaur egun, proiektu horren aurrekontua 25.000 milioi eurokoa da, 270 kilometroko luzera izatea aurreikusten da, eta 57,5 kilometroko tunel baten bidez Alpeak zeharkatuko lituzke.
Bailaran egon garen egunetan, mugimenduko hainbat pertsonarekin hitz egiteko aukera izan dugu, zenbait ekimenetan parte hartu dugu eta Presidio dei Mulini espazioa ezagutu ahal izan dugu. Presidio edo zaintza postu hau AHTaren aurkako militanteek okupatua dago, jabearen onespenarekin, ekainaren 11tik, konfinamenduaren ondoren obrekin hasi zirenetik.
Presidio dei Mulini AHTaren aurkako militanteek okupatua dago, jabearen onespenarekin, konfinamenduaren ondoren obrekin hasi zirenetik
Trenbide sarearen tunel osagarri baten sarrera babesteko estatuak hartuta daukan zonalde gorriaren barruan kokatua dago Presidio dei Mulini. Hainbeste urteren ostean eta zonaldeko biztanleen borrokaren ondorioz, tunel hau da obretan dagoen zati bakarra, Italiako zonaldeari dagokionez. Zonalde gorria izateak sarrera debekatua dagoela esan nahi du. Eremuaren barruan jabetzaren bat dutenek soilik daukate sartzeko baimena, eta, hala eta guztiz ere, polizia eta armadaren kontrolak pasa behar dituzte. Estatuak helburu horretara bideratzen dituen baliabide pertsonal eta ekonomikoen gastua eguneko 90.000 euro ingurukoa da. Presidio dei Mulini jabetza pribatuko aintzinako errota batzuk dira, horregatik, oraingoz poliziak ez du jendea aterarazi.
90eko hamarkada
Bailaran abiadura handiko linea bat eraikitzeko proiektuarekin 1990eko hamarkadan hasi ziren. Ordutik, haraneko eta gertu dagoen Turin hiriko biztanleak NO TAV mugimenduaren inguruan antolatu ziren, proiektu horrek ekarriko lituzkeen kalteen aurka agertzeko. Izan ere, proiektua aurrera eramanez gero sortuko ziren kalteak ugariak izango lirateke.
Haraneko eta Turin hiriko biztanleak NO TAV mugimenduaren inguruan antolatu ziren 90. hamarkadan
Kalte horiek Pro Natura Torino elkarteak egindako dokumentu luze batean jasotzen dira, azpiegitura horren aurka egiteko 150 arrazoirekin. Txostenak ingurumenaren gaineko eraginak zerrendatzen ditu: pertsonen osasunaren gainekoak, ekonomikoak eta sozialak, eta AHTarekin saltzen diguten aurrerapenaren ideia desmuntatzen du.
Horretaz gain, kontuan izan behar da gaur egun dagoeneko funtzionamenduan dagoela Turin eta Lyon arteko trenbide sare bat, pertsonak zein salgaiak garraiatzen dituena.
NO TAV mugimendua hetereogeneoa da, Susa bailarako eta gertu dagoen Turingo milaka pertsonak osatzen dute. Gainera, bailarako udal gehienen babesa eta parte-hartzea dauka. Ekintzak eta ekimenak antolatzeko orduan, afinitate ideologiko ezberdinen arteko taldetan banatzen dira: katolikoak, anarkistak eta autonomoak; azken horiek ideologia komunista daukate, eta Askatasuna izeneko Turingo gaztetxea dute erreferentziazko gune gisa.
Aniztasun horrek, mobilizazio garrantzitsuak antolatzeko gaitasunak eta egiten dituzten ekintzen inguruko akordioek indarra ematen diote mugimenduari, eta hainbeste urtetan zehar irautea ahalbidetu du.
"Sabotaiak, erresistentzia baketsuko ekintzak"
Egiten dituzten ekintzei dagokienez, talde guztien arteko akordio bat dute: pertsonen integritate fisikoa ez kaltetzea. Testuinguru horretan, hainbat militantek azpimarratu digutenez, NO TAV mugimenduarentzat "obren aurkako sabotaiak erresistentzia baketsuko ekintzak dira". Mugimenduko kide batek esaten zigun manifestazioek obren aurkako sentimendua adierazten dutela eta beharrezkoak direla, baina obrak gelditzeko konfrontazio fisikoa ere guztiz beharrezkoa dela. Ildo beretik, Emilio Scalzok, etxean atxilotuta dagoen 65 urteko kideak, Italiako ministro batek egindako adierazpenak gogorarazi dizkigu: "Zuek jarraitu manifestatzen, guk obrekin jarraituko dugula".
"Manifestazioak beharrezkoak dira, baina obrak gelditzeko konfrontazio fisikoa ere guztiz beharrezkoa da"
NO TAV mugimenduko kide bat
Uda honetan, Covid-19aren ondorioz hartutako neurriengatik Alta Felicita jaialdia ospatu ez den arren, azken urteetako mugituenetako bat izan da, ia egunero mobilizazio, ekitaldi, ekimen eta ekintzak egon baitira.
Presidio dei Muliniren okupazioak eta horren inguruan egin diren ekintzek AHTaren aurkako borrokan belaunaldi berriak erakarri dituela esan daiteke. Horretaz gain, mugimenduko pertsona errespetatu eta ezagunak diren Emilio Scalzo eta Nicoletta Dosioren —73 urteko mugimenduko militante historikoa— etxeko espetxeratzeen aurkako erantzunak hainbat mobilizazioren pizgarri izan dira.
Borroka inoiz baino biziago dago, eta Euskal Herriko AHTren aurkako mugimendutik begirunez eta mirespenez begiratzen diogu. Datorren urtean itzultzeko aukera izatea espero dugu, atzean hain boteretsuak diren enpresa eta interesak dituen proiektua gelditzea lortzen ari den borroka eredugarri batetik ikasten jarraitzeko.
NO TAV! AHTrik EZ!