Mugimendu asko egon dira Buesa Arenan, bi jokalari Gasteizko taldetik joan eta beste bat hiriburura iritsi baita. Hiru mugimendu izan dira, aspaldi iragarritako fitxaketak kontuan hartu gabe. Baskonia bere hurrengo denboraldia presarik gabe prestatzen ari da, baina jokalari asko joaten ari dira beste batzuk hartzeko.
Irteerak: Arturs Kurucs eta Steven Enoch
Hasteko, bi irteera egon dira aste honetan, lehenengoa deigarriena eta mingarriena. Arturs Kurucs, taldearen ikono erraldoi bat, Baskoniatik aterako da zortzi denboraldi eta gero.
Arturs Kurucs Baskoniatik joan da. Argazkia: Baskonia
Kurucsek 161 partida jokatu ditu Baskoniarekin, eta Endesa Liga bat dauka garaipen zerrendan. 15 urte zituenetik Baskonian egon da Letoniako kanpokoa, eta hortik aurrera jokalari gisa garatu da, Baskoniaren ikonoetako bat bilakatu arte.
Bigarren irteera ezagunagoa da, uztailaren 2an jakinarazi baitzuten, baina klubak gaur bidali du bulegora. Steven Enoch Baskoniatik joango da 122 partidu eta gero, bi urteko lanean. AEBetako barnekoa jokalari bikaina izan da partida bakoitzean, eta taldeak zorte ona opa dio Türk Telekom taldearekin hasiko duen etapa berrian.
Steven Enoch Baskoniatik joan da. Argazkia: Baskonia
Fitxaketa: Chima Moneke
Chima Moneke Baskoniaren bosgarren fitxaketa da; Nigeriako pibotak potentzia, indarra eta kalitatea gehituko dio Baskoniaren jokoari. Moneke Final Four jokatzetik eta Frantziako Liga irabaztetik dator, eta Baskonian oso pozik daude jokalaria izateagatik.
Chima Moneke Baskoniara iritsiko da. Argazkia: Baskonia
Monekek esperientzia dauka Endesa Ligan, izan ere, 21-22 denboraldian Baxi Manresan jokatu zuen eta lehiaketako bostekorik onenean aukeratu zuten. Monekek hurrengo bi denboraldietarako sinatu du talde urdinarekin.
Oraindik uda asko geratzen da, eta Baskoniak fitxaketa gehiago egin ditzake Euroligara begira plantilla indartzeko, beraz, adi egon beharko dugu hurrengo mugimendu urdinekin.