Baskoniak hiru fitxaketa egin ditzake

Erabiltzailearen aurpegia Alex Losada 2023ko eka. 26a, 10:25

Joan Peñarroya entrenatzaileak beste denboraldi batez jarraituko du. Irudia: BASKONIA.com

Gasteizko taldeak hiru fitxaketa ditu hitzartuta, eta Buesa Arenatik oso gertu daude: Khalifa Diop, Nico Mannion eta Nikos Rogkavopoulos.

Saskibaloia ondo doa Gasteizen. Baskoniaren entrenatzailea, Joan Peñarroya, beste denboraldi bat geratuko da aldaketa asko izan ditzakeen talde bat zuzentzeko. Gasteizko taldearen jokalari batzuk eskaintzak dituzte, baina oraindik inork ez daki ezer. Bestalde, hiru jokalari Gasteiztik oso hurbil daude.

Darius Thompson Italia edo Turkiara joan daiteke uda honetan, talde batzuek eskaintza bidali baitiote AEBetako eskoltari. Beste jokalari batzuk, eskaintza izan arren, Baskoniatik ateratzetik urrunago daude. Marinkovicek Partizan taldearen eskaintza du, eta Costellok Maccabirena.

Inor baino hurbilago daude fitxaketak. Baskonia azkar hasi da merkatuan jokalariak bilatzen bere taldea hobetzeko, eta hiru jokalari izan ditzake hitzartuta. Hasteko, Baskoniak Khalifa Diopen klausula ordaindu du, 700.000 eurokoa. Kanaria Handiko pibot gaztea Arabako hiriburutik oso gertu dago. Bere taldeak ez du nahi bere promesa gazterik onena talde arerio batera joatea, baina jokalaria prest dago taldez aldatzeko.

Bestalde, Baskoniaren amets handi bat errealitate bihur daiteke. Nico Mannion, 22 urteko basea, Thompsonek utzi ahal duen tokian jokatzeko etor daiteke Italiatik. Base gazteak datu bikainak izan ditu bigarren postua lortu duen Virtus Bolonia taldean, eta garrantzitsua izan daiteke Peñarroyako taldean.

Azkenik, Nikos Rogkavopoulos da Baskoniara ailegatu daitekeen fitxaketa nagusia. Taldea eta jokalaria bi hilabete daramatzate hizketan, baina greziarra NBAko Draft-ean aukeratua izango zen ala ez jakin nahi zuen erabakia hartu baino lehen. Cissoko Baskoniako jokalari gaztea Rogkavopoulosen aurretik aukeratua izan zen Draft-ean. Baskoniako baseak AEBetan jarraituko du Baskoniatik lagata, eta horrek Rogkavopoulos  beste aukerarik gabe utzi du.

Baskoniari gauzak ondo ateratzen ari zaizkio, jokalari on batzuekin hitz egin eta gero, eta Howard beste denboraldi bat geratuko dela ia ziurtasunez jakinda. Baskoniak Euroliga irabaztea espero du datorren denboraldian, proiektu honekin jarraituz gero.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago