Astelehen honetan, Baskoniak 23/24 denboraldian erabiliko dituen janzkera berriak aurkeztu ditu, eta, momentuz, taldearen izena jarri du aurrealdean. Puma markarekin batera sortutako janzkera horiek Euroligan eta Endesa Ligan eramango dituzte jokalariek, partida bakoitzean, zirraragarria espero den denboraldi batean.
Lehenengo janzkera, betikoa
Baskoniak ez du asko berritu etxeko janzkera, izan ere, betiko zerrenda urdinak eta granateak erabili ditu kamiseta osatzeko. Prakak betikoak dira ere, urdin ilunak, kamisetaren marrekin konbinatzeko. Gutxienez, xehetasun berri batzuk gehitu dira kamisetara: sorbaldaren atalean marra gorri bat jarri dute, eta aurreko partean gezi batzuk gehitu dira beherantz.
Baskoniaren lehenengo janzkera. Argazkia: Baskonia
Bigarren janzkera, berritua
Lehenengo janzkeran falta izan den berrikuntza guztia bigarrenak izango du, diseinu dotore bat lortzeko. Zerrenda urdin eta granateek kamisetaren eskuineko aldean jarraituko dute, baina kolore nagusia zuri dotore bat da. Horrek oso kamiseta ikusgarri eta berritzailea utzi du, zale beteranoenei oroitzapen onak ekarriko dizkiena. Izan ere, Baskoniaren denboraldi onenetan kamiseta zuria erabili ohi zuten kanpoan jokatzeko.
Baskoniaren bigarren janzkera. Argazkia: Baskonia
Hirugarren janzkera: Euskal Herriari keinu bat
Azkenik, hirugarren ekipazioa guztiz berria da. Alavesen bigarren janzkera bezala, Baskoniaren hirugarrena berdea da, ikurrinari keinua eginez. Baskoniak adierazi du Euskal Herriarentzako jantzia dela, klubak asko sentitzen baitu bere lurraldea; horregatik ere eguzkilore bat dago kamiseta guztietan, baita lauburu bat ere.
Baskoniaren hirugarren janzkera: Argazkia: Baskonia
Codi Miller-McIntyre, fitxaketa berria
Janzkera berrien albisteari Codi Miller-McIntyre jokalariaren fitxaketa gehitu behar zaio. AEBetako jokalariak base bezala jokatzen du, eta kalitate zein indar asko ekarriko dizkio taldeari. Codi Millerrek hainbat taldetan jokatu egin du: 2021/22 denboraldian, Endesa Liga jokatu zuen Andorran, Turkiara joan aurretik. Gainera, jokalariak estatistika bikainak ditu, 15,4 puntu, 5,9 asistentzia eta 16,9 balorazio kreditu lortu zituen 2022/23 kanpainan.
Baskonian ilusio handia dago fitxaketa honekiko, eta zaleek gustuko dute nola geratzen ari den taldea, denboraldi berria hasteko zain.