Alavesek Lehen Mailarako ekipazio berria aurkeztu du

Erredakzioa 2023ko uzt. 10a, 13:00
2023/2024 denboraldirako bi ekipazio nagusiak. Argazkia: ALAVES

2023/2024 denboraldian Lehen Mailara itzuliko da Alaves futbol taldea. Lehen ekipaziorako, kamiseta txuri-urdin berria estreinatuko du; eta bigarren ekipazioa ikurrinari keinua izango da.

Puma babesle tekniko ofizialarekin batera, 2023/2024 denboraldiko partidetan jantziko dituen ekipazio berriak aurkeztu ditu Deportivo Alavesek astelehen honetan. Drycell teknologia erabiltzen duten jantziak dira, eta %100ean birziklatutako materialarekin eginak daude.

Lehen ekipazioari dagokionez, kolore urdinak eta zuriak nagusi izango dira berriz ere, lerro bertikal klasikoak errespetatuz baina oraingoan marra urdinak nagusi izanik; kamisetaren lepoa puntakoa izango da, eta bularrean bordatutako armarriak eta atzealdeko ikurrinak denboraldi berrirako kamiseta osatzen dute. Horrez gain, urdin kolorea berreskuratuko dute praka eta galtzerdietan.

Bestalde, ikurrinaren kolore freskoak izango dira Alavesen bigarren ekipazioaren protagonistak, Alaveszaleen ikono bihurtzeko asmoz: berdea nagusi, xehetasun gorri eta zurekin.

Zaleek jantzi berriak ikusi eta erosteko aukera dute jada, Baskonia-Alaves denda ofizialean.

Irudi gehiago

 

Ander Gebararen fitxaketa

Ekipamendu ofizial berria aurkezteaz gain, Ander Gebararen (Gasteiz, 1997) fitxaketa iragarri du Alavesek, asteburuan. Real Sociedad taldetik iritsita, jokalari gasteiztarra Arabako taldearen udako fitxaketetako lehen aurpegi berria da. 24 urteko erdilariak lau denboraldirako kontratua sinatu du Gasteizko taldearekin, 2027ra arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide