Dakigun bezala, Alavesek Lehen Mailan jokatuko du 23/24 denboraldia, eta dagoeneko badakizkigu hainbat gauza denboraldi berriari buruz. Lehenik eta behin, Alavesek noiz, non eta noren kontra jokatuko dituen partidak, La Ligak gaur goizean argitaratu baitu egutegiaren zozketaren emaitzak:

Denboraldia Cadizen hasiko da, eta Las Palmasen aurka bukatuko da. Seigarren, zortzigarren eta hemeretzigarren jardunaldietan derbiak egongo dira Euskal Herriko taldeen aurka. Partida zailak sakabanatuta daude denboraldiaren erdialdean: abenduaren 20an eta otsailaren 4an, Real Madril eta Bartzelona Mendizorrotzera bueltatuko dira urte bat geroago.
Denboraldiaren azken partidak ez dira zailak izango, beraz, egoera txarrean egonez gero, Alavesek putzutik atera ahalko da. Arabarrek talde ezezagunen eta etsai zaharren aurka jokatuko dute, baina gauza bat argi dago: guztiek izerdi egin beharko dute Alavesen kontra jokatzeko.
Laguardia, zigortuta
Jokalari batek, Victor Laguardiak, ezin izango ditu lehenengo lau jardunaldiak jokatu; izan ere, denboraldiko azkenengo partiduan zigortu zuten epailea iraintzeagatik. Erdiko atzelariak ez du Cadiz, Sevilla, Getafe eta Valentziaren aurka jokatuko.
Kontratu berritzeak
Bestalde, jokalari eta zuzendari batzuen kontratuak berritu ditu klubak, fitxaketa batekin batera. Carlos Benabidezek 2026 arte berritu du kontratua, igoera lortu eta gero. Gainera, Sergio Fernandez fitxaketen zuzendariak urte berbera arte berritu du bere kontratua. Baina kontratu berritze garrantzitsuena Luis Garcia Plaza entrenatzailearena izan daiteke. Hurrengo denboraldian, madrildarrak Alavesen aulkian jarraituko du, eta bera buru izanda, Lehen Mailan irautea espero da Gasteizen.
Azkenik, fitxaketa berri bat dago: Nikola Maras atzealdean geratuko da, Lehen Mailara igotzea lortu eta gero. Serbiako atzelaria oso maitea da Gasteizen, izan ere, denboraldi bikaina egin du aurten.
Lagunarteko partidak
Alavesek abuztuaren 13an hasiko du Liga, baina uztailean lagunarteko partidekin hasiko da. Momentuz, Racing de Santanderren aurka, uztailaren 22an, El Pilar (Guarnizo) zelaian; bestalde, abuztuaren 4ko goizean, Osasunaren aurkako derbia izango du Tajonarren.
Abonamenduak
Azkenik, abonamenduen prezioak argitaratu ditu gaur Alavesek. Lehen Mailan zegoeneko prezioei eutsiko die 23/24 denboraldian, zaleei opari moduko bat egiteko. Bazkide kanpaina berriaren inguruko informazio guztia www.mendizorrotza.com webgunean dago.