Iritzia

Alphak eta Gammak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2024ko ots. 24a, 10:00

Argazkia: PIXABAY

"Kezkati nago mundua ezagutzeko eta besteekin harremantzeko dituzten moduekin"

James Flynn Zeelanda Berriko ikertzaileari erreferentzia egiten dion fenomenoa da Flynn efektua. Herrialdeko populazioaren adimen-kozienteak, belaunaldiz belaunaldi, gora egiteko duen (edo zuen) joera iraunkor eta konstantea. Horrenbestez, nire seme-alabek nik baino adimen gaitasun handiagoa dutela (edo izango dutela) ondorioztatu dezaket nolabait, eta halaxe nahi guztiok gainera! Nor ez da ba harro sentitzen bere ondorengoen inguruan halakoren bat entzutean edo esatean? Alabaina, azken urteotan argitaratu diren hainbat azterlanek aipaturiko efektu horrek alderantzizko joera hartu duela iradokitzen dute. Hau da, gazteen adimen-kozientea geldotzen edota gutxitzen hasi dela.

Flynn efektu hori gaur egun positiboa edo negatiboa den ezin nik jakin. Azterketa hauetan eragina daukaten kanpo faktoreak existitzen direla argi dago; herrialdearen garapen-maila, osasun-sistema, eskola-sistema, nutrizioa... Horiek horrela baina, ohikoa den moduan, bi aldeak defendatzen dituzten ahotsak aurkitu ditut.

Alde batean Michel Desmurget neurozientifikoa dugu. Faktore sozioekonomiko horiek egonkor mantendu diren herrialdeetako (Norvegia, Danimarka…) neurketak kontuan hartu ditu, eta besteak beste, Flynn efektu hori murrizten hasi dela ikusi du. Bada, frantsesaren iritziz horren arrazoi nagusienetako bat dispositibo digitalen erabilera da. 

"Informatikaria naiz eta ez nago ni digitalizazioaren aurka, ostera, ezinbestekoa ikusten dut erabilerari eta ardurari erreparatzea"

Beste aldean berriz, Roberto Colom Madrilgo Unibertsitate Autonomoko edota Jakob Pietsching  Austriako Unibertsitateko ikerlariak ditugu. Bi hauek ez diote Flynn fenomenoaren inguruan hori gertatzen ari dela irizten. Beraiek diotenez, azken 100 urteetan adimena 30 puntu inguruko tasarekin hobetu dela egitate bat da, eta, irabazi horiek betiko jarraituko luketela onartzea inozoa dela uste dute.

Bi aldeek diotenari hartzen diot nik zentzua. Nire egitatea ordea, etxean daukadana da. Ez nau nire seme-alaben koefiziente intelektualak arduratzen, baina kezkati nago mundua ezagutzeko eta besteekin harremantzeko dituzten moduekin. Gaur egungo haur eta nerabeek pantailak dituzte nonahi, eta hein handi batean, horien bitartez soilik sozializatzen eta ikasten dute. Pantailetan bizi dira eta pantailetatik jasotzen dute mundua nolabait.

Informatikaria naiz eta ez nago ni digitalizazioaren aurka, ostera, ezinbestekoa ikusten dut erabilerari eta honek hartu duen abiadurari erreparatzea. Gehiegi izango da Aldous Huxley idazleak bere eleberri distopiko ospetsuan deskribaturiko Alphas eta Gammas umeak bertan ditugula esatea. Baina askotan, entretenimendu tontoarekin txundituta, hizkuntzarik gabe eta munduari buruz hausnartzeko gai ez diren haurrak bertan ditugula iruditzen zait. Hori bai, guztiak beren zortearekin txundituta!

Aintzane Urrutia.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago