Ederra eta piztia

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2023ko aza. 12a, 12:00

Argazkia: ALEA

"Gero eta bortitzagoa den piztia agertu da, edonon sumatzen dugun piztia"

Edertasuna izaki, leku, objektu, ideia, sentimendu edo izate desberdinek izan dezaketen ezaugarria da. Gozamen edota ongizate sentimena sortarazten duen bereizgarria. Positiboa den nolakotasuna.

Beldurra, berriz, kontrako muturrean kokatzen den emozioa da. Arriskutsua irizten diogun, benetako edo ustezko, oraingo, etorkizuneko edota iraganeko estimulu edota egoera baten aurrean sentitzen dugun zirrara. Berezko ezinikusi batetik datorren sentipena. Negatiboa den pertzepzioa.

Edertasuna duena ederra da. Beldurra eragiten digun mehatxua, berriz, erreala edo fiktizioa, piztia. Ederra eta piztia. Alabaina, batzuentzat atsegina dena, desatsegina da beste askorentzat. Hau da, pertsona batzuk ederra ikusten duten horretan, piztia dakusate beste batzuk. Bada, horixe da euskara nire ustez: aldi berean ederra eta piztia.

Edertasuna ala beldurra hautematea, bakoitzaren pertzepzio eta sentipenei lotuta dago. Norberak nabaritzen duena jasotako kultura eta pentsamoldeek baldintzatzen dute. Esperientzia subjektiboa, alegia. Horrela, edertasunari dagokionean erlatibismo hori muturreraino eramanda, sentsazio hori behatzailearen begietan dagoela esatera iritsi gara. Esaldi hori gazteleraz eta euskaraz entzun dugu eta ez gaitu harritu. Elebakarrek eta elebidunok entzun, erabili, ulertu eta onartu dugu. Pena da beldurrarekin berdina ez gertatzea ezta? Imajinatzen duzu euskararen inguruko afera guztietan piztia soilik behatzailearen begietan dagoela esan eta guztiok entzun, erabili, ulertu eta onartzea? Hori bai litzakela ederra. Horrek uxatuko luke batzuen fikziozko piztia. Horrekin desagerraraziko genuke batzuen begietan soilik dagoen beldurra.

Azken hamarkadetan egindako lanak euskararen biziberritzea ekarri duela argi dago. Era berean baina, erreala den piztia ere esnatu du, gero eta bortitzagoa den piztia agertu da, edonon sumatzen dugun piztia azaldu da… eta beste behin ere, ederra azaldu zaigu aldi berean. Ederra izan baitzen larunbatekoa. Aspaldi ekin genion, eta larunbatean berretsi genuen bide horretan jarraitu behar dugu. Idatzi dezagun euskara protagonista duen Gabrielle-Suzanne Barbot de Villeneuve-ren La Belle et la BÍte ipuinaren bazen bitan bertsio berria. Ohildu dezagun batzuen begietan soilik existitzen den piztia eta bihurtu dezagun euskara guztion pertzepziorako ederra.

Aintzane Urrutia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago