Hartu-eman suntsitzailea izaten da harreman toxikoa. Alegia, osasungarria ez den, eta, bi aldeetako bati, edo biei, nolabaiteko kaltea edo ondoeza eragiten dien erlazioa izaten da toxikoa deritzon hori. Horrelako jokaera, beraz, edozein bi alde ezberdinek beraien artean daukaten tratuan antzeman daiteke. Alabaina, jokabide hori toxiko moduan identifikatzeko, tartean maitasuna edota afektua egon behar dute, eta orokorrean, bikote harreman ez osasuntsuei erreferentzia egiteko erabiltzen den terminoa da. Nire ustez, baina, harremana toxikoa dela esateko ez da beharrezkoa maitasuna, estimua edota adiskidetasuna sentitzea. Hobe da horiek guztiak nabaritu aurretik halako hartu-emanei atea ixtea. Perspektiba galtzeko arriskuan egon gaitezke bestela, eta horrek toxikotasun hori identifikatzea zaildu egiten du, eta ondorioz, hortik ateratzea oztopatu egiten du. Gakoa, beraz, horretara iritsi aurretik igarri eta atea ixtea da.
Batzuetan, baina, halakoei aldez aurretik erreparatzea eta horretaz ohartzea, konturatzea edo jabetzea ez da erraza izaten. Izan daiteke norberarengandik urruti sumatzen dugun zeozer delako, beste kontu batzuekin despistatu samar gabiltzalako, egunerokoak jaten gaituelako edota gertuago ditugun eta premia duten beste arazo zehatzetan murgilduta gaudelako. Edozer izan daiteke.
"Benetako eginkizuna eta erronka, faxismoa iritsi den toki eta alor guztietatik fueratzea da"
Egiari zor, baina, akaso oraindik aparte ikusten dugun baina kaltegarria den faxismoa ate joka daukagu. Harremana sendotu eta ikuspegia galdu aurretik, batzuk behintzat toxikoa dela argi daukagun hori gero eta gertuago dago. Onintza Enbeitak aste honetako iritzi artikulu batean esaten duen moduan: faxismoa lotsa galdurik dabil eta azken garaiotan bere mezua hedatu egin da.
Ezer gutxirako abagunea izango dugu nire antzeko pentsamoldea dugunok igande honetan. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetatik aterako den argazkiak ziurrenik ez gaitu asetuko. Baina ikuspegia galdu eta toxikotasun horri erreparatzea gehiago zaildu aurretik, txikia baina garrantzitsua den ekarpena egin dezakegu: faxismoari atea itxi. Edo gutxienez, horretarako saiakera egin dugula pentsatuz gure mina arindu.
Edozelan ere, domeka honetakoa lehenengo zeregina besterik ez da izango, benetako eginkizuna eta erronka, faxismoa iritsi den toki eta alor guztietatik fueratzea da, eta ataza horretan aurkituko ditugun oztopoak ez areagotzeko, ezinbestekoa dugu atea ixtea.
Aintzane Urrutia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.